«Zeuk idatzi beharko duzu». Horixe da Kepa Iribar kazetari eta idazleari alabak egin zion proposamena. Fantasia liburuen zale amorratua da alaba, baina gaztelaniazko liburuak irakurtzen ditu gehienetan, aitaren arabera. «Ziria sartzen ibiltzen nintzen askotan. 'Irakurri euskaraz', esaten nion, harik eta amua bota zidan arte». Bada, esan eta egin, Iribarrek Odol ilargiaren alaba fantasiazko liburua kaleratu du Erein argitaletxearekin.
Erleen azken ziztada (Erein, 2025) idazten ari zela egin zion proposamena alabak, eta, beste liburu batean lanean ari bazen ere, ideia batzuk martxan jartzen hasi zen pixkanaka. Istorioaren kokalekua sortzea izan zen lehenengo pausoetako bat; Ranjartian izeneko irla, hain zuzen. Irlaren mapa bat marraztu zuen, eta hango lurraldeak sortzen hasi.
Ranjartianen hasten da, hain justu, Odol ilargiaren alaba-ren istorioa. Han bizi da Liv, 16 urteko neskato bat. Familiarekin bizi da, irlako hiriburutik urrun dagoen baso batean. Gau batean, ordea, bizitza zeharo aldatuko dion agindu bat jasoko du: Magmul agintari tiranoa hiltzeko ardura izango du. Magmulek Ranjartianeko erregea hil zuen, agintea lortzeko asmoz, eta erregeak hau esan zion hilzorian zenean: «Odol ilargiaren egunean, nire oinordekoak hil egingo zaitu; odol ilargiaren alabak». Liv izango da odol ilargiaren alaba.
«Beste liburuetan tokia ahalik eta ondoen deskribatzen saiatu nintzen, baina, oraingoan, mundu bat sortu dut, zerotik»
KEPA IRIBAR Idazlea
Protagonistak eginkizun horretan lagunduko dioten hainbat kide ezagutuko ditu bidean. Lileath da horietako bat, hildako erregearen alaba. Bi protagonistak zeharo desberdinak dira: Livek oso bizitza lasaia darama; basoa, natura eta familia dira gauzarik garrantzitsuenak harentzat. Lileath, ordea, boterearekin lotuta egon da txikitatik. Bi-biek bizi izango dutena honela deskribatu du egileak, hitz gutxitan: «Abentura handi bat da».
Ilargiaren garrantzia
Nobelan jasotako istorioa sortzeari ekin zionean, elementu berezi baten bila hasi zen Iribar. Hala topatu zuen odol ilargiaren fenomenoa: eklipse baten ondorioz ilargiak kolore gorrixka hartzen duenean gertatzen da. Gaiaren inguruan informazioa bilatzen hasi, eta erabaki zuen ilargia izango zela eleberriaren elementu berezietako bat.
Kaleratu dituen gainerako liburuekin alderatuta, azken honetan askatasun handiagoz jardun dela azaldu du idazleak, eta istorioaren «agertokiarekin» du ikustekoa horrek, batez ere. Izan ere, 72 ordu (Erein, 2022) Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren urteurren festan girotua zegoen, eta Bigarren Mundu Gerrako gertaerak gaur egunera ekarri zituen Erleen azken ziztada eleberrian. «Aurreko nobeletan, tokia ahalik eta ondoen deskribatzen saiatu nintzen, baina, oraingoan, mundu bat sortu dut, zerotik».
Asmatzen bereziki gozatu du Iribarrek. Pertsonen eta lekuen izenek indarra izatea nahi zuen, eta dokumentatzen aritu da horretarako; esaterako, bikingoen izenak izan ditu inspirazio iturri.
Eta, hala eta guztiz, nahiz eta imajinazioaren bitartez sortutako lan bat izan, eleberriak badu errealitatetik ere: «Fantasia da, baina sinesgarria», azaldu du Inazio Mujika Ereineko editoreak.
«Normalean, horrelako lanak itzuli egiten dira, eta Kepak idatzi egin du»
INAZIO MUJIKA Editorea
Liburuaren azala Ivan Landak egin du, eta idazlea oso pozik dago emaitzarekin: «Merezi izan du liburua idaztea, azala ikusteko». Azalaz gain, Landarena da nobelaren lehen orrietan topatu daitekeen mapa ere; Iribarren zirriborro hartatik abiatu zen ilustratzailea. Eta, egileak gaineratu duenez, liburua mapari begira irakurtzeak beste ukitu bat ematen dio kontakizunari.
Mujikaren ustez, bai gazteak eta bai helduak erakartzeko moduko eleberria da: «Erritmo biziko kontakizuna da. Kapitulu laburrak ditu, eta gauzak gertatzen dira etengabe». Halaber, fantasia euskaraz irakurtzeko gaur egungo eskaintzaz ere mintzatu da editorea aurkezpenean. Haren ustez, ez da bigarren mailako literatura gisa hartu behar, eta ahalegina egin behar da gaztelaniaz dagoen genero oro euskaraz eskaintzeko jendeari. «Normalean, horrelako lanak itzuli egiten dira, eta Kepak idatzi egin du».