Literatura

Oiartzun «literaturaren arnasgune» izango da astelehenetik aurrera

Literatura Plazara egitasmoak laugarren aldia izango du, eta hilaren 28ra bitarte iraungo du. Errezitalak, tailerrak, aurkezpenak eta bertso saio bat antolatu ditu 1545 argitaletxeak.

Eider Rodriguez idazlea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eider Rodriguez idazlea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko martxoaren 5a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtarrilean aurkeztu zuten Doinuele, euskara hutsezko liburu eta diskoen plazen eta azoken bilgunearen aurtengo egitaraua. Baztango (Nafarroa) (H)ilbeltzarekin hasi zen zirkuitua, eta, urteak aurrera egin ahala, iritsi da bere bigarren geralekura: Literatura Plazara egitasmora. Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo dute; astelehenean hasi, eta hilaren 28ra arte egingo dituzte jarduerak. 1545 argitaletxeak antolatzen du, eta laugarren aldia izango da aurtengoa. Antolatzaileen esanetan, egitasmoari esker Oiartzun «literaturaren arnasgune» izatea nahi dute.

Literatura Plazara-ren lehenengo ekitaldia herriko ikasleentzat antolatu dute. Leire Bilbao idazleak saio bana egingo du Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako irakurle taldeekin. Ez da ikasleekin egingo duten saio bakarra izango, martxoaren 16an Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleekin elkartuko baita.

Martxoaren 13an, ostiralez, dolua ardatz izango duen errezital-emanaldia egingo dute. Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena eta Olatz Mitxelena idazleak Oiartzungo beste sortzaile batzuekin arituko dira gaiaz; Idoia Hernandez pianistarekin, Izaro Telletxearekin eta Ainara Lasarekin, zehazki. 19:00etan izango da ekitaldi hori, Landetxe kultur aretoan. Hurrengo egunean, Mireia Delgado eta Dorleta Kortazar ipuin kontalariek liburu aukeraketaren inguruko solasaldi bat egingo dute; goizez izango da, udaletxean.

Musika ere bai

Hilaren 15ean idazketa tailerrak izango ditu ardatz Eider Perez sortzaileak. Ehuntze gunean emango du saioa, eta ez da solasaldi soil bat izango, parte hartzaileen artean topaketa bat izateko asmoz prestatu baitute antolatzaileek. 

Literaturak ez ezik, musikak ere izango du protagonismorik Literatura Plazara-n. Esaterako, Eider Rodriguezek Anari musikariarekin batera aurkeztuko du Dena zulo bera zen bere azken ipuin liburua, martxoaren 18an. Bestalde, bertso saio musikatua ere antolatu dute martxoaren 22rako. Landetxe kultur aretoan izango da, 18:00etan. Su txikian deitu diote saioari, eta bertan arituko dira Haira Aizpurua, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak, Patxi Amulet eta Bastien Marianne musikariekin batera. Jaialdia ixteko, hilaren 28an poesia errezital musikatua egingo dute Castillo Suarezek eta Udane Ansak. Peru Galbete arduratuko da musikaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.