Ilbeltzetik abendura artean, euskara hutsezko bederatzi territorio

Doinuele euskara hutsezko liburu eta diskoen plazen eta azoken bilguneak aurtengo egitaraua argitaratu du, Iruñean. Kideen esanetan, azokak «baitezpadako arnasguneak» dira euskararentzat, eta haiek babestera deitu dituzte herritarrak.

Doinuele sareko kideak, Iruñeko Laban, 2026ko egutegiaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Doinuele sareko kideak, Iruñeko Laban, 2026ko egutegiaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2026ko urtarrilaren 21a
15:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi makilakada zolan. Adar baten hots sakona segidan. Ohartarazpen bat hurrena: «Euskal kulturak badaki, euskaldun orok baleki». Eta iragarpen sorta bat gero; Doinuelerena, urtarrilero ohi denez. Doinuele euskara hutsezko plazen sareak 2026ko egitaraua eman du argitara gaur, Iruñeko Laba aretoan eginiko agerraldian, eta, hala, gaurdanik urtearen hondarrera bitarte Euskal Herrian barna eginen diren bederatzi azokaren gaineko xehetasunak plazaratu dituzte jendaurrean. Luze iraunen du errenkadak, atzotik abian den Baztango (Nafarroa) (H)ilbeltza euskal nobelaren astearekin hasi, eta abenduan buka, Lazkaoko liburu eta disko azokarekin (Gipuzkoa). 

«Azoken martxak ez du etenik: urte guzian, han ez bada hemen, izanen da azokaren bat», nabarmendu du programazioaren aurkezpenean Ladix Arrosagarai Doinuele sareko kide eta Ziburuko (Lapurdi) liburu azokako antolatzaileak. Plazaratu berri duten informazioaren arabera, egutegiari so, Doinuelek bildutako egitasmo zerrendan bosgarrena da Ziburukoa aurten. Izan ere, ekainaren 6an eginen dute, Arrosagaraik berak jakinarazi gisara. Aurretik, eta dagoeneko abian den (H)ilbeltzaz gain, beste hiru azoka izanen dira, Gipuzkoan hirurak ere: martxoan, Literatura Plazara Oiartzunen eta emakumeek idatzitako liburuen Geure Gelatik azoka Azkoitian, eta maiatzean, Literaturia Zarautzen. Gainera, uda iragana denean, eta Ziburukoa pasea denerako, hauek emanen diote segida errenkadari, udazkenean: Hernaniko (H)azokak (Gipuzkoa), Sarako Ikusi Mikusik (Lapurdi), Oiartzungo Hitzen Lihoak (Gipuzkoa) eta Lazkaoko azokak.

Batik bat, euskara hutsezko azokek kulturari dagokionez betetzen duten funtzioa goratu dute Doinueleko kideek aurkezpenean. «Azokak jantzi egiten gaitu; jantzi, gorputza eta burua, barru eta kanpo jantzi behar direlako, eta arropa ez delako nahikoa janzteko: liburuek ere janzten gaituzte», egin du azpimarra Arrosagaraik. Herritarrek daukaten ardurari ere egin dio keinu, gainera. «Modak garrantzi handia du gaur egun, eta garrantzitsua da erabakitzea zer jantzi, nola; ba, berdin zer irakurri, zer ez, eta nola irakurri». Euskarazko kultura babestera deitu ditu herritarrak, orobat, eta, hortaz, baita euskarazko plazak ere. Haren esanetan, «baitezpadako arnasguneak» dira euskararentzat berarentzat. 

«Modak garrantzi handia du gaur egun, eta garrantzitsua da erabakitzea zer jantzi, nola; ba, berdin zer irakurri, zer ez, eta nola irakurri»

LADIX ARROSAGARAI Doinueleko kidea

Hiru urte joan dira Doinuele aurkeztu zutenetik. Sarea 2023ko urtarrilean lotu zitzaion bideari, eta, kideen esanetan, urtetik urtera handitzen segitzeko bokazioz jarduten dute etengabe. Are, agerraldian oroitarazi dute «beso zabalik» hartuko dutela bilgunearekin bat egin nahi duen egitasmo oro. Aitziber Zapiain kideak plazaratu du gonbidapena: «Ongi etorriak zarete euskarazko azoken territoriora, bidea elkarrekin egiteko. Elkarlanean ari gara, elkarrekin ikasten, elkarri laguntzen, eta gutako bakoitza indartsuago eta osasuntsuago egiten gaitu Doinuelek». 

2026ko azoken egitaraua

  • (H)ilbeltza. Urtarrilaren 19tik 25era, Baztanen.
  • Literatura Plazara. Martxoaren 9tik 22ra, Oiartzunen.
  • Geure Gelatik, emakumeek idatzitako liburuen azoka. Martxoaren 26tik 28ra, Azkoitian.
  • Literaturia. Maiatzaren 29tik 31ra, Zarautzen.
  • Ziburuko euskal liburu eta disko azoka. Ekainaren 6an.
  • Hernaniko liburu eta disko azoka. Urriaren 3an.
  • Ikusi Mikusi euskarazko haur eta gazte literaturaren azoka. Urriaren 9tik 10era, Saran.
  • Hitzen Lihoa. Azaroaren 9tik 15era, Oiartzunen.
  • Lazkaoko liburu eta disko azoka. Abenduaren 11tik 13ra. 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.