Oihana Iguaran garaile VI. Señora Sariketan

Plentziako Danontzat Gaztetxean jokatu dute finala, eta Iguaranek Kattalin Lizarragarekin kantatu du buruz burukoan. Lide Arregik jaso du epaileen Tokado Saria.

Señora Sariketako finala, atzo, Plentziako Danontzat gaztetxean. SEÑORA SARIKETA
Señora Sariketako finala, atzo, Plentziako Danontzat gaztetxean. SEÑORA SARIKETA
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 7a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oihana Iguaranek jantzi du VI. Señora Sariketako pamela. Atzo arratsaldean Plentziako Danontzat Gaztetxean (Bizkaia) jokatu zuten emakume eta genero disidenteei eskainitako bertso lehiaketaren aurtengo finala, antolatzaileen arabera, «giro goxo eta dibertigarrian, amaierarako bertaratu ziren guztiak hunkitzeraino». 150 ikusle inguru elkartu ziren.

Iguaranek Kattalin Lizarragarekin kantatu zuen buruz burukoan, eta finaleko seikotea Maider Altunak, Kattin Madariagak, Lide Arregik eta Ana Picallok osatu zuten, Iratxe Legarra gai jartzaile zutela. Buruz burukoan Iguaran izan zen garaile, eta hura bilakatu da pameladun berria. Epaileei bihotza gehien ukitu zienaren Tokado saria, berriz, Lide Arregik jaso zuen.

Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart iazko Señora Sariketako garaileek jantzi zioten aurtengo pamela Iguarani, eta Joane Aldalur, Kristina Mardaras eta Rosi Lazkano iazko Tokado saridunek eman zioten aurtengo saria Arregiri.

Atzoko saioan kantatu zuen seikoteaz gain, ondorengo bertsolariak aritu dira aurtengo Señora sariketan: June Astegieta, Maddi Agirre, Nahia Etxeberri, Antton Fernandez, Kelmene Abaitua, Irantzu Idoate eta Nahia Sasco. Epaile lanetan, berriz, Maialen Cadavid, Ibai Lekuona, Klari Schmidt eta Begoña Goiriena aritu dira, baita iazko bi irabazleak ere, Elizagoien eta Altzuart. Sariketaren bereizgarria da, bestalde, propio diseinatutako epai irizpideen arabera baloratzea bertsolarien lana: teknikak badu garrantzia, baina gehiago zaintzen dira bestearenganako zaintza eta jolasa, esaterako. Puntuen batuketa bidez erabaki ordez, modu asanblearioan hautatu ohi dute zein izendatu irabazle.

Egun betea

Finala egun osoko egitarauaren parte izan zen. Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideekin egindako bertso karro-poteoak girotu zuen bazkalaurrea, eta, ondoren, 70 lagun inguru elkartu ziren Danontzat gaztetxeko bazkarian. Bingoa ere izan zen han. 

Finalari ekin aurretik, I. Señora Bertsopaper Sariketako sariak eman zituzten. Hiru izan ziren talde sarituak: Piliren bilobak Iruñeko taldeak jaso zuen Señora Makarra saria; Zaballako bertso eskolak Señora Hunkigarria saria; eta Zarauzko hasiberrien bertso eskola feministak Señora Dibertigarria saria.

Sarituen bertso sortak abestu eta sariak banatu ostean igo ziren oholtzara sei finalistak, baina egitaraua ez zen finalarekin amaitu: Zatekeen erromeriak eta DJ Txillardegiren itzulerak itxi zuten Señora sariketaren aurtengo edizioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE