Olaia Inziarte, Izaki Gardenak, Odei eta Maite Larburu gailendu dira besteak beste, Musika Bulegoaren sariketan

Hamar urtean lehendabizikoz, jaialdi ireki batean banatu dituzte sariak. Etxepare Institutuaren musika saria Fermin Muguruzari eman diote.

Euskal Herriko Musika Bulegoak 2026an saritutako artistak, Atabal aretoan. EHMB
Euskal Herriko Musika Bulegoak 2026an saritutako artistak, Atabal aretoan. EHMB
garbine ubeda goikoetxea
2026ko ekainaren 4a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreko urtean musikan izan den uztari erreparatu, pieza esanguratsuenak azpimarratu, eta nabarmenenak saritu. Horixe egiten du urtero Euskal Herriko Musika Bulegoak, 2016. urteaz geroztik. Aurten, hamargarren aldia iritsi dela profitatuz, ospakizun kutsu are handiagoa eman nahi izan diote ekinaldiari, eta Miarritzeko Atabal aretoan antolatu dute sari banaketa. Gainera, jende orori zabaldu diote atea, lehendabiziko aldiz.

Honako hauek osatu dute aurtengo epaimahai profesionala: Natxo Velez, Ane Zabala, François Maton, Jaione Martiarena, Geraldine Ramirez, Artur Estrada, Haizea Huegun eta Iñigo Irazoki. Eta haien erabakiz, hain zuzen, hamaika artista eta talde saritu dituzte; besteak beste: Olaia Inziarte, Jon Saenz, Maite Ruiz de Erentxun, Sara Zozaia, Maite Larburu, Izaki Gardenak, Ezezez eta Odei. Eta horiekin batera, hiru sari berezi ere banatu dituzte ekitaldi berean: Fermin Muguruzak Etxepare Euskal Institutua Musika saria jaso du, Javier Corral Jerry-ri Euskal Herriko Musika Bulegoaren Ohorezko saria eman diote, eta Xabi Aburruzaga Publikoaren sariaren jabe egin da.

Euskal musikaren pluraltasuna eta sormena aitortzea da jaialdiaren helburua, eta ehun profesional eta gonbidatu baino gehiago erakarri dituzte hitzordura. 18:00etatik aitzina, garaikurrak emanez aletu dituzte sarituen izenak eta arrazoiak. Aitziber Garmendia aktoreak eta Ainhoa Vitoria Gaztea irratiko esatariak egin dituzte aurkezle lanak.

Zerrautsa diskoagatik egin diote aitortza Olaia Inziarteri; Exodus obra musikalagatik, Jon Saenzi; bere izena daraman diskoagatik, Maite Ruiz de Erentxuni; Attä lan laburragatik, Sara Zozaiari; Maizter diskoagatik, Maite Larbururi; Sitsak diskoagatik, Izaki Gardenak taldeari; Kabakriba lanagatik, Ezezez taldeari; eta Goizegi hiltzeko diskoagatik, Odeiri.

Bask lanagatik jaso du Xabi Aburruzagak ikus-entzuleen saria. Ia 3.000 lagunek parte hartu dute bozketan, Musika Bulegoak prestatutako plataforma digitalaren bidez.

Fermin Muguruzak ere izan du protagonismorik sari banaketan. Hain zuzen, Etxepare Institutuaren Musika saria eskuratu du, euskal musika eta euskara nazioartean zabaltzeko ahaleginagatik. Aurreko hiru urteetako saridunek hautatu dute Muguruza, Etxepare Euskal Institutuarekin batera: Oreka TX eta Euskal Barrok Ensemble taldeek eta Izaro kantariak.

Ohorezko sari bat ere ematen du Musika Bulegoak urtero. Aurtengoan Javier Corral Jerry jo du begiz zuzendaritza batzordeak; garaikurra ematearekin batera, «musika kazetaritzan egindako ibilbide luzea eta euskal musikaren zabalkundean egindako ekarria» aitortu dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE