Iraultzaile izandako gizon bat, dagoeneko militantziatik erretiratua dagoena, baina mundu horretara itzuli beharko duena, aspaldiko arerio bat berriro ere agertu, eta, horren harira, bere alaba desagertu delako. Aita-alabek gizonaren iraganaren ondorioak pairatuko dituzte, tentsio politikoz, arrazakeriaz eta indarkeria militarrez blaituriko giro batean. Horixe kontatzen du Paul Thomas Andersonek zuzendu, idatzi eta ekoitzi duen One Battle After Another filmak. Urteko film onenaren FIPRESCI saria jaso du, hain zuzen, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek hala erabakita. Andersonen film batek sari hori jasotzen duen laugarren aldia da.
Kritika eta kazetaritza zinematografikoaren alorreko profesionalen elkarterik zaharrena da FIPRESCI; iaz ospatu zuen mendeurrena. Eta aurtengo aldian 69 herrialdetako 561 kritikarik hartu dute parte erabakian. Iazko uztailaren 1etik estreinatutako film guztien artean Andersonena hautatu dute, eta ez da lehenengo aldia. Zuzendariaren beste hiru pelikula ere saritu izan dituzte urteotan: Magnolia (1999), There Will Be Blood (2007) —Andersonek Kursaalen jaso zuen saria, 2008an— eta Phantom Thread (2018). Urtea hasi denetik, sari mordoa jasotzen ari da filma: sei sari eskuratu zituen Oscar sarietan eta lau Urrezko Globoetan.
Eta aurten Donostiara itzuliko da, FIPRESCI saria jasotzera. Irailaren 18ko Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian emango diote, eta filmaren emanaldi bat programatuko dute egun horretan bertan. Dena den, Zinemaldiak irailaren 7an iragarriko ditu xehetasunak. Hauexek izan dira FRISPECI saria jasotzeko beste lau finalistak: Ildiko Enyediren Stille Freundin / Silent Friend, Kahouter Ben Haniaren The Voice of Hind Rajab, Chloe Zhaoren Hamnet eta Cristian Mungiuren Fjord.
Ikastetxeak Belodromoan
Zinema eta zientzia uztartu nahi ditu Zinemaldiak. Eta horretarako tartea izango dute Gipuzkoako 80 ikastetxetako 6 eta 11 urte bitarteko 13.000 ikaslek baino gehiagok. Guztira, sei emanaldi egingo dituzte, eta ikasleek Benjamin Rennerek eta Guylo Homsyk zuzenduriko Migrazioa, bidaia ahatezina (2023) filma ikusiko dute, «hegaztien mundura» gerturatzeko, animalia horien migrazio ibilbideak ezagutzeko eta inguruko hezeguneetara hurbiltzeko. Filma euskarara bikoiztuta emango dute, eta azpitituluak ere izango ditu. Gainera, emanaldietan bertan izango dira Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko biologo eta ornitologoa, Elena Lazkanok gidatutako Pepper robot soziala eta Ugaitz Alegria aurkezlea.
Haurrentzako eskaintza zabaltze aldera, Zinemaldiak animaziozko sei lan aurkeztu ditu. Jaialdiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean Principe zinema aretoan ikusi ahal izango dira; guzti-guztiak, euskarara bikoiztuta eta bi euroko prezioan. Hauexek izango dira Haurrentzako Zinema saileko filmak: Are Austnesen Sablehortz Kapitaina eta Greleko Kondesa, Viktor Glukhushinen Marakuda, Jon Holmbergen Super Charlie, Philippe Lacheauren Marsupilami, Jens Mollerren Fleak eta Nina Welsen Tafiti eta lagunak.