Batailak badu irabazlea: One Battle After Another filma izan da garaile aurtengo Oscar sarietan. Bart banatu dituzte sariak, Los Angelesen (AEB), eta, gauak aurrera egin ahala, apurka betez joan da Paul Thomas Anderson zinemagilearen zakua, harik eta azken jakinarazpenak are ageriago utzi duen arte haren nagusitasuna: Hollywoodeko akademiako kideek erabaki dutenez, One Battle After Another da 2025eko film onena. Beste bost garaikur ere jaso ditu filmak: zuzendari onenarena, egokitutako gidoi onenarena, taldeko gizonezko aktore onenarena, edizio onenarena eta aktore talde onenarena.
Erlazionatuta
Eta ezin esan horiek guztiak aurrez iragartzeko guztiz errazak zirenik. Izan ere, Thomas Pynchonen Vineland nobelan oinarritutako filmak nolabait itzalpean utzi du, azkenerako, lehendik faborito nagusia zirudiena: Sinners. Historian beste edozein filmek baino izendapen gehiago erdietsita heldu zen film hori aurtengo Oscarretara: hamasei hautagaitza zeuzkan guztira, eta lau jaso ditu azkenik. Bigarren egin du, hortaz. Zehazki, jatorrizko gidoi onenarena, gizonezko aktore onenarena, argazkirik onenarena eta jatorrizko soinu banda onenarena beretu ditu. Eta, besteak beste, bereziki da nabarmentzekoa argazkiari dagokion aitortzarena, Autumn Durald Arkapawek irabazi baitu: Oscarretan sekula garaikur hori jaso duen lehenbiziko emakumea. Sariketak 98. aldia izan du hau.Â

Sinners-ek Michael B. Jordanen lanagatik erdietsi du interpretazio alorreko aitortza; hura gailendu da gizonezko aktoreen artean, eta, hain justu, hori bera jakinarazi duten unean izan da galako txalo zaparradarik zaratatsuenetako bat, ez baitzen batere garbi garaikurra nork eskuratuko zuen; B. Jordanekin batera, Timothee Chalamet (Marty Supreme) eta Leonardo DiCaprio ere (One Battle After Another) faborito nagusien artean ziren.Â
Bestalde, Jessie Buckleyk irabazi du emakumezko aktore hoberenaren Oscarra, Hamnet filmeko interpretazioagatik, eta aitzindari izan da, emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi duen lehenbiziko irlandarra baita.Â
Michael B. Jordanek (Sinners) eta Jessie Buckleyk (Hamnet) irabazi dituzte aktore hoberenen Oscar sariak, eta taldeko aktore onenen artean Amy Madigan (Weapons) eta Sean Penn (One Battle After Another) nabarmendu dituzte
Taldeko aktoreei dagokienez, Amy Madiganek irabazi du taldeko emakumezko aktorerik onenaren aitortza, Zach Creggerren Weapons beldurrezko filmean gaiztoaren rola jokatzeagatik, eta One Battle After Another-eko Sean Pennek irabazi du taldeko gizonezko aktore onenarena. Hirugarren Oscar saria du bere ibilbidean; aldi honetan, dena dela, ez da agertu garaikurra jasotzera.Â
Sariak, barreiatuta
Sinners eta One Battle After Another-en atzetik, Guillermo del Tororen Frankenstein, Joachim Trier zuzendari danimarkarraren Sentimental Value eta Joshua Safdieren Marty Supreme-k zeukaten Oscarretarako izendapen gehien —bederatzina—; Hollywoodeko akademiaren aitortzaren bat jasota ailegatu dira ekitaldiaren hondarrera lehenbiziko biak, baina esku hutsik bukatu du Safdierenak.
Frankenstein-ek hiru sari irabazi ditu guztira: ekoizpen diseinurik hoberenarena, ile apainketa eta makillaje diseinu onenarena eta jantzitegiari loturikoa. Sentimental Value lanak, berriz, nazioarteko filmik hoberenaren saria jaso du. Lantaldeko hainbat kide oholtzaratu dira garaikurra jasotzera, Trier zuzendaria tartean, eta, hain justu, hura izan da gala osoan politikari loturiko hitzak ahoskatu dituzten bakarrenetako bat. James Baldwin idazlearen hitz batzuk berritu ditu horretarako, eta zera esan: «Ez dezagun bozkatu serio jarduten ez duten politikarien alde».
Gainerakoan, sariak jasotzera taularatu zirenak apenas mintzatu dira politikaz; ez AEBetako egoeraz, ez Gazaz, ez eta nazioarteko beste gatazka edo gerrei buruz ere kasik. Beste salbuespen bakanetako bat Javier Barden aktore espainiarrak ekarri du, eta, hain justu, nazioarteko film hoberenaren saria banatzeko unean izan da hori ere.
«Gerrari ez. Palestina libre!», esan du Bardenek irabazlea jakinarazi aurretik. Ez zoriz, Kaouther Ben Hania zinemagile tunisiarraren The Voice of Hind Rajab garaikur hori jasotzeko hautagaien artean baitzen. Filmeko protagonistaren rola jokatzen zuen Motaz Malhees aktore palestinarrak zera salatu zuen Los Angelesko sari banaketa egiteko hiru egun eskasen faltan: «AEBetan sartzeko eskubidea ukatu didate palestinarra naizelako. Min ematen du, baina hemen dago egia: blokea dezakezue pasaporte bat, baina ezin duzue ahots bat blokeatu».
Ikusi gehiago