Susa argitaletxearen MPK Munduko Poesia Kaierak bildumak atzerriko beste bi idazleren poesia antologiak ekarri ditu euskal irakurleen enkontrura. Saileko 54. eta 55. liburuxkak argitaratu dituzte «udaberriko labealdian», eta, hurrenez hurren, Frank O'Hara estatubatuarraren eta Oscar Milosz lituaniarraren olerkiak jaso dituzte haietan. Beñat Sarasolak itzuli ditu O'Hararenak, eta Miloszen poemek Patxi de Vicente Arbeloari esker egin dute frantsesetik euskararainoko bidea, lehenbiziko aldiz.
Bildumaren editore Isabel Etxeberria Ramirezek eta Maialen Berasategi Catalanek lagunduta aurkeztu dituzte lanak, Iruñeko Karrikiri elkartean, eta, batik bat, bi poeten arteko aldeak nabarmendu dituzte. «Bi gizon zuri dira, mendebaldarrak, baina kontraste handia dago bai haien poesien eta baita haien bizitzen artean ere. Justu horregatik, uste dugu elkarren osagarri-edo badirela», egin du azpimarra Etxeberriak. Mapa plural eta zabala bistaratu dute argitalpenek. Manhattango giro artistiko fina eta Lituaniako ordoki bakartiak aldi berean atera dira euskal literaturaren plazara.
Frank O'Harak (Baltimore, AEB, 1926 - Long Island, AEB, 1966) iragan udazkeneko literatur uztan izan zuen lekua euskarazko argitalpen batean estreinakoz. Sarasolak berak ekarri zuen, Coca-cola bat zurekin eleberrian (Susa). Izan ere, poeta eta arte komisario estatubatuarraren bizitzako pasarte batzuk fikziora eraman zituen lan hartan, eta batik bat O'Hararen pausoei jarraikiz trazatu zuen 1960ko hamarkadako egoera soziopolitiko nahasian arteak jokatu zuen rolaren erretratua. Haren poema gutxi batzuk ere jaso zituen liburuan Sarasolak; nobelari izenburua eman zion Coca-cola bat zurekin hartzea, besteak beste. Orain, hura ez ezik beste 32 olerki ere eman ditu euskaraz, eta kaierean jaso. Etxeberria: «O'Hararen ahotsa zuzen-zuzenean irakurtzeko aukera dugu horrela».
O'Harak bere bizialdian izandako esperientziak poemetan zenbateraino islatzen diren azpimarratu du Sarasolak. Dioenez, gehienbat espresuki, eta hitz erdika inoiz, egiten zituenak paperera eramateko joera nabarmena zuen poetak. Esaterako, Bigarren Mundu Gerran itsas armadan aritzera deitu zutenekoa ere leitu daiteke olerkiren batean, zeharka.
Edonola ere, Sarasolak azaldu duenez, O'Hararen poemagintzak 1951n izan zuen mugarri nagusietako bat, New Yorkera iritsi baitzen urte hartan, eta, eten batzuk salbu, hiri hartan izan baitzen hil arte. «Poesian hango giroa islatzen da neurri handi batean: Manhattango giro artistiko eskisito eta nagusiki zuria».
«[O'Hararen poema askoren] muina, hark zioenez, zera zen: 'Hau egiten dut, beste hau egiten dut, beste hau ikusten dut'. [...] Apartatu egiten da poesiaren molde sakon eta transzendentaletik»
BEÑAT SARASOLAItzultzailea
Estiloari dagokionez, poetaren lehenbiziko olerkietan «surrealismoaren kutsua» suma daitekeela ohartarazi du Sarasolak, eta iradoki O'Harari Frantziako poesiak pizten zion lilurarengatik izan daitekeela hori. Hala eta guztiz, ibilbideko aurreneko olerki horiengatik bainoago, urte batzuen buruan idatzi zituen ocasional poems delakoekin lortu du sona O'Hararen poesiak. «Haien muina, hark zioenez, zera zen: 'Hau egiten dut, beste hau egiten dut, beste hau ikusten dut'. Hau da: haren poesiaren oinarrian eguneroko akzioak zeuden bereziki, eta, horrela, poemetan agertzen dira aski banalak iruditzen ahal zaizkigun gauzak. Apartatu egiten da poesiaren molde sakon eta transzendentaletik». Itzultzaileak Gaur poema jarri du adibide gisara. «Edo baita Coca-cola madarikatua agertzen den hori ere», erantsi du ironia ukitu batekin, irribarrez.
Objektu «banalek» ez ezik, arteak pisu handia du O'Hararen antologia poetikoan —arte plastikoek, zinemak eta musikak—, eta lagunak etengabe kabiarazten ditu olerkietan, bai eta maitaleak ere. «Askotan, bizitzaren ospakizun moduko bat da haren lana, eta, gainera, maitaleak musa bihurtzen zaizkio, oso nabarmen. Maitasunezko poesia zu bati idazten dio askotan».
Sustrairik gabeko poeta
«Oscar Milosz benetan tipo bitxia da, bene-benetan», hasi du idazleari buruzko azalpena Patxi de Vicente Arbeloa itzultzaileak. Eta Etxeberriak ere nabarmendu du Milosz «inon» kokatzeko erronkaren zailtasuna: «Behintzat esan dezagun lituaniarra dela, frantsesez idatzi zuela, gizon tormentatu baten poesia dela harena, eta denboraren joanari kantatzen diola, arranguratuta».
De Vicenteren esanetan, Miloszen bizialdiko lehenbiziko korapiloak jatorriarekin du ikustekoa, «era askotako kultur erreferentziak baititu horregatik». Idazlea 1877an jaio zen, Carejan —gaur egun Bielorrusia da, baina XIX. mendera arte Lituaniako Dukerri Handiaren parte izan zen, eta orduko hartan Errusiaren menpe zen—. Miloszek lituaniartzat zeukan bere burua, halakoxea zeukan aita, baina ama poloniarra zuen, eta poloniera zuen, hain zuzen ere, ama hizkuntza. «Nahaste-borraste handia zuen Miloszek», zehaztu du De Vicentek. «Halako sustrairik gabeko nortasun bat zeukan, eta horrek bilaketa etengabe batera darama».
Nerabe zenetik, Miloszek Frantzian eman zituen bizitzako urte gehienak. Hain justu, harreman estua izan zuen Frantziako poeta erromantikoekin, bai eta George Gordon Byron eta Oscar Wilde idazleekin ere, esate baterako. De Vicenteren esanetan, horren eragina nabarmen suma dakioke poemagintzan: «Erromantizismoaren eta sinbolismoaren eragina».
«[Miloszek] oso gogoeta sakon eta adierazkorrak egiten ditu, adibidez, izan zitekeenaren eta benetan izandakoaren artekoaz. Herriminaz eta haurtzarominaz»
PATXI DE VICENTE ARBELOAItzultzailea
«Beste mugarri bat hau izan liteke: gurasoekin zeukan harremana», segitu du De Vicentek poetaren erretratua trazatzen. Kontatu duenez, Miloszen familian «hoztasuna» zen nagusi, semeak apenas zuen harremanik gurasoekin, eta txiki-txikitatik izan zuen abandonu sentipena. Are, De Vicentek kontatu du 1902tik 1906ra bitarte Milosz sarritan itzuli zela sorterrira, eta, horregatik, «herrimina eta haurtzaromina» azaltzen direla olerkietan irudikaturik. «Oso gogoeta sakon eta adierazkorrak egiten ditu, adibidez, izan zitekeenaren eta benetan izandakoaren artekoaz».
Ordea, Miloszen joera literarioak guztiz irauli ziren 1914an. «Bisio mistiko bat eduki zuen, eta hortik aurrera erabat itxuraldatu zen haren obra», esplikatu du De Vicentek. Haren arabera, gertakari horren ondotik, idazlea estu lotu zitzaion metafisikari. «Arketipo unibertsalak ezarri zituen, eta eredu eternalak, eta analogiaren bidez lotu zituen benetako bizitzarekin».
Argitaratu berri den kaierean, azken hiru olerkiak dagozkie «bisioaren ondoko» aldiari: Edertasunaren erregearen salmoa, Heldutasunaren salmoa eta Berrintegrazioaren salmoa. Esaldi luzeak dira nagusi: erlatibozko kate batekin hasi eta hartatik «zintzilika» osagarri mordoa jarriz daude osatuta neurri handi batean. «Oso enfatikoa da, bokatiboz josia dago, bai goresteko eta bai gaitzesteko ere», deskribatu du De Vicentek.