Kritika. Artea

Paisaia, arkitektura eta trazua

Julen Agirre Egibar artistaren erakusketa, Bilboko La Tallerren. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Agirre Egibar artistaren erakusketa, Bilboko La Tallerren. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2026ko azaroaren 3a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

'bloke eta malda'

Hori horrela, gure bisitariak Julen Agirre azpeitiarraren Bloke eta malda erakusketarekin egingo du topo, eta bertan ikusiko ditu azken bost urteetan Agirrek koloretako arkatzez egindako marrazkiak eta horien ondorio diren egurrezko hainbat pieza.

Zarauzko Vista Alegre dorrea protagonista duen marrazki txiki batekin hasiko du bisita. Eskuorriaren eta erakusketaren irudi ere bada marrazki txiki hori, eta hartatik hasita, ordena kronologikoan antolatutako lau bloke handitan banatutako arkatzez egindako marrazki multzoak ikusiko ditu.

Marrazki guztietan paisaia eta arkitektura ageri dira. Hasieran banatuago daude, bakoitza bere aldetik, eta erakusketan aurrera egin ahala hibridazio bat gertatzen da, nahastu egiten dira. Artistarentzat deigarriak diren erreferentzia arkitektonikoz zein artistikoz josita daude marrazkiak, haren imajinarioan nahastu eta forma berria hartzen dutenak. Hasierakoetan blokearen zurruntasuna gailentzen da. Trazu metodiko txikiz egindako marrazkiak dira hauek. Hala, erritmo berdintsua hartzen dute, eta trazuaren norabideen jokoak eta paperaren kontra egindako indarrak sortutako desberdintasunek eraikitzen dute mugimendua. Marrazkiok ikuslea hurbiltzera gonbidatzen dute, xehetasunetan edertasuna topa dezan.

Erakusketaren erdi-erdian pieza handi bat dago, denen artean nabarmentzen dena; izan ere, honetan Agirrek egurrezko marko handi bat egin du, non hamar marrazki txiki biltzen dituen. Markoa bera pieza handi bat bilakatzen da, eta marrazkiak indibidualki ikustetik bloke oso bat balira bezala ikustera garamatza. Hamar marrazki hauek friso formako marrazki lerro koloretsu batek sostengatzen ditu. Beste marrazkiekin konparatuz gero, azken hauetan kolorea agertzen hasten da, eta hau are nabariagoa izango da marrazki berrienetan.

Azkenik, beste lau marrazkiz osatutako serie bat ere badago, eta maldan gorako diagonal bat osatzen dute. Hemen, aurrez aipatutako piezan gertatzen den bezalaxe, markoak bat egiten du marrazkiekin, eta egituratu egiten ditu. Marrazki hauetan azpimarratzekoa da besteekin alderatuta duten arintasuna, trazua luzatzeak keinuari egiten dion mesedea eta kolorearen erabilera zabalagoa. Hasierako zurruntasuna arindu egiten da eta paisaia eta eraikinak izaera organikoagoa hartzen dute. Akaso marrazki hauei beste batzuk jarraituko diete, eta nabariagoa izango da azken hauetan antzeman daitekeen soltura, paisaia etxera sartuko da, blokeak leihoak irekiko ditu, haizea sar dadin.

Bisitariak, horrela, tentuz landutako erakusketa bat ikusiko du mimoz zaindutako trazuetan, gauza bakoitzari emandako leku konkretuan, xehetasunek duten garrantzian. Marraztea izan daitekeen jarduera batzuetan absurdo horretan tematzeko ariketa egiten du Agirrek, eta horren arrastoa dario erakusketari. Arrate Rodriguezek eskuorriko testuan petrikor usaina aipatzen du, eta etxe bat edo akaso batzuk. Bada, etxera bueltatzeko ordua helduko da. Bisitariak, La Tallerretik irtendakoan, lehen euri tantak sentituko ditu, euritakoa ireki eta bere bidean jarraituko du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA