Zinema

Palestinako genozidioa, Bangladeshko klima larrialdia eta landa eremuko trans identitateak pantailaratuko ditu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak

Apirilaren 23tik 30era eginen dute festibala aurten, eta Annemarie Jacir zinemagilearen 'Palestine 36' filmak irekiko du. Sail Ofizialean izanen diren zortzi lan ere jakinarazi dituzte, aurrerapen gisara.

Annemarie Jacir zinemagilearen 'Palestine 36' filmeko irudi bat.
Annemarie Jacir zinemagilearen 'Palestine 36' filmeko irudi bat.
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko martxoaren 27a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Genozidioa hasi zenean, denak jo zuen behea. Gure herria suntsitzen ari ziren, eta gure historiaren garai ilun bati buruzko film bat egiten saiatu ginen, inoiz bizi izan dugun garairik ilunenetako bat biziko genuela jakin aurretik». Egoera are gehiago gaiztotuko zela aurreikusi ezinik ekin zion Annemarie Jacir zuzendariak Palestine 36 zinema proiektua ehuntzeari, 2023an. Ordurako, inguruari begiratu besterik ez zuen sorterria hamarkadetako erasoaldi baten pean irudikatu ahal izateko, baina gerora, urriaren 7tik aitzinera, eta filmaren ekoizpenean murgilduta dagoeneko, etengabean pilatu zitzaizkion, dioenez, «oinazea maitasun ekintza batera iraultzeko» motiboak. 1936an piztutako matxinada arabiarra kontatu nahia izan zuen filma abiarazteko bulkada Jacirrek, eta 2025ean bete zuen xedea azkenerako, oztopoak oztopo. Ordea, bidean ezinbestean aldatu zen lanaren anbizioa, hark aitortu bezala: «Film hau ofrenda bihurtu da». Eta eskaintza hori han-hemenka bistaratu nahia du orain bultzada, aurrera begira. Apirilaren 23an, Euskal Herrian eginen du geldialdia horretarako. Film horrek abiaraziko du Donostiako Giza Eskubideen 23. Zinemaldia. 

Apirilaren 23an hasi, eta hilaren 30era arte eginen dute zinema festibala aurten. Besteak beste, Viktoria Eugenian, Antzoki Zaharrean eta Tabakaleran emanen dituzte filmak. Antolatzaileen esanetan, datozen asteetan emanen dute argitara egitarau osoa. Edonola ere, hasiak dira zenbait datu aurreratzen. 

Askotariko gatazka eta oinazeak

Aurtengo aldian Sail Ofizialean jasotako zortzi film luzeren berri eman dute. Zinemaldiak askotariko gai sozialak pantailaratuko ditu haien bitartez. Horretan egin dute azpimarra, besteak beste, film zerrenda argitaratzearekin batera. «Jaialdiak hainbat ardatz izango ditu, adibidez, emakumeek erlijioetan duten rola, Bangladeshko klima larrialdia —munduko beste eskualde askotan gertatzen ari denaren adibide gisa— eta ehungintzaren industriako lan prekaritatearen feminizazioa». 

(ID_17746115190965) Black Water filmeko irudi bat
Natxo Leuza zuzendari nafarraren Black Water filmeko irudi bat.

Zehazki, hauek dira, oraingoz, antolatzaileek sail horretarako iragarritako filmak: À€ bras-le-corps (Marie-Elsa Sgualdo, Suitza-Belgika-Frantzia), Black Water (Natxo Leuza, Euskal Herria), The Disappearance of Josef Mangele (Kirill Serebrennikov, Frantzia-Alemania), Girls & Gods (Arash T. Riahi, Verena Soltiz, Austria-Suitza), IvĂ¡n & Hadoum (Ian de la Rosa, Espainia-Alemania-Belgika), Made in EU (Stephan Komandarev, Bulgaria-Alemania-Txekiako Errepublika), Promis le ciel (Erige Sehiri, Frantzia-Tunisia-Qatar) eta Sucia (Barbara Mestanza, Marc Pujolar, Espainia). 

Tabakalerak hartuko du atzera ere Zinema eta memoria zikloa. Hiru film iragarri dituzte: Tamara Stepanyanen Mes fantĂ´mes armĂ©niens, Ezequiel Salinas eta Ramiro Sonziniren La noche estĂ¡ marchĂ¡ndose ya eta Bipuljit Basuren Redlight to Limelight. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!