Okupazioaren kontrako palestinarren erresistentzia mintzagai duten bi lan programatu ditu Bilboko Fundicion aretoak. Ismail Khalidi antzerkigile palestinar-libanoarraren Foot bakarrizketa da eskainiko dituzten bi lan horietako bat: antzezlanak futbolari palestinar bat du protagonista, eta haren herriko selekzioak Munduko Futbol Kopara iristeko egiten duen ezinezko bidea kontatzen du. Bihar eta igandean taularatuko dute lan hori. Vicini izeneko emanaldia izango da zikloa osatuko duen beste pieza; urtarrilaren 25ean izango da hori.
Madrilgo Rida konpainiako kidea da Samy Khalil, eta berak zuzendu du Foot antzezlana. Kontatua duenez, antzezlanaren testua irakurri zuenean piztu zitzaion kontakizuna oholtzaratzeko grina, eta hura erabiltzeko baimena eskatu zion egileari, Ismail Khalidiri. Idazlearen bizipenak dira testuaren oinarria, eta Palestinako gazteriaren oinazea kontatzen du, betiere futbola baliatuz. Nourdin Batan aktoreak jokatzen du futbolari palestinarraren rola antzezlanean, eta bera izango da agertokiko antzezle bakarra. Orain artean, hainbat filmetan hartu du parte Batanek, eta Pedro Almodovarren hurrengo pelikulako aktoreetako bat ere izango da. Udaberrian helduko da lan hori aretoetara.Â

Vicini, berriz, talde lanean sortutako obra da, Federica Porello koreografoa izan duen arren bultzatzaile. «Partekatutako minaz hausnartzeko eta beste etorkizun posible batzuk irudikatzeko». Porelloren hitzetan, horretarako sortu zuten Vicini. Palestinako hainbat poetaren testuak ditu oinarri, eta hitza, dantza, keinuak eta objektuak uztartzen ditu.
Maria Mora, Xavi Moreno eta Majo Villafaina ibili dira Porellorekin batera ikuskizunaren sortzaile lanetan. Gainera, lau artista horiek igoko dira oholtzara antzezle lanetarako. Porellok azaldu duenez, azken urteotan Palestinak jasan izan duen «basakerien gorakadaren» ostean, «artea eta politika ezin dira bereizi»; beraz, begirada palestinarren erresilientziara eta erresistentziara bideratzeko «beharra» sentitu du. Behar horren emaitza izan da Vicini.Â
Fundicion aretoak jakinarazi du solasaldiak ere egongo direla emanaldi guztien ondoren. Hizketaldi horietan, ikusleek aukera izango dute konpainiekin edota Palestinaren aldeko aktibistekin mintzatzeko. Aretoko arduradunek adierazi dute arte eszenikoak gai direla pentsamendu kritikoa, enpatia eta ekintza kolektiboa sortzeko.