Bihar zabalduko dute euren disko berria Peiremans+ taldekoek, baina dagoeneko entzungai dago, esklusiban, Badok.eus atarian. Hirugarren maila du izena disko laburrak, eta bost kanta berri biltzen ditu. Orain arte, Durangoko Palentinoan abestia eman dute ezagutzera, Arriguri ekoiztetxearekin zabaldu dute haren bideoklipa, eta euskal kulturako hamaika aurpegi ezagun biltzen ditu ikus-entzunezkoak. Bihar Durangoko (Bizkaia) Palentino tabernan bertan aurkeztuko dute disko osoa, eta orduan zabalduko dute sareetan ere. Baina, BERRIAren irakurleek dagoeneko osorik dute entzungai, eta bihar eguerditik aurrera taldeari egindako elkarrizketa ere izango dute irakurgai.
Durangoko Palentinoa kantak zabaltzen du diskoa, energia betez, eta haren ondoren datoz Pain batean Loiolan, Erlikia, Tolosako Mescalen eta Gero eta gehiago dira. Taldearen ironiarako eta kanta azkarrak egiteko joera ez ezik —abesti guztiak dabiltza hiru minuturen bueltan—, Peiremans+-en kutsu malenkoniatsua ere igar daiteke hainbatetan.
2005ean sortu zuten Peiremans+ taldea. Berri Txarrak taldean atsedenaldian zen orduan Gorka Urbizu, eta Bide Ertzean taldea ere geldi xamar zuen Imanol Ubedak. Haritz Beristain bateria jotzailea batu zitzaien taldera lehenik, eta Marino Goñik ere lagundu zituen baxuarekin. Bost kantako disko bat kaleratu zuten orduan, eta lozorrora jo zuten berehala. Hamar urteren buruan berpiztu zuten proiektua, aurreko aldikoaren gisako atsedenaldi bat baliatuta, eta orduan eman zuten bigarren disko laburra, berriz ere lozorroan murgiltzeko. Beste hamar urte joan dira ordutik eta berriz berpiztu dute taldea orain, eta itzulera bira handia antolatu dute.
Sarrera guztiak salduta
Harrera ezin beroagoa izan dute. Sei kontzertu eskaintzeko ideiarekin hasi zuten itzulera, eta hemeretzi emanaldi egingo dituzte azkenean, hemendik eta abendu bukaerara bitartean. Sarrera guztiak, gainera, saldu dituzte jadanik. Hain zuzen ere, bira horri buruz eta disko berriari buruz mintzo dira Ubeda eta Urbizu BERRIAk bihar kaleratuko duen elkarrizketan. «Sarrerekin gertatu dena oso zoroa da, baina kantuek eurek altxatu dute Peiremans+ berriro».
BERRIAri eskainitako elkarrizketan diotenez, berez, kanta berri bakar bat sortzea izan zen hasierako asmoa, baina, azkenean, disko labur bat grabatzen bukatu dute. Pablo Loco ekoizle eta teknikariaren estudioan egin dituzte grabaketak, eta bigarren berpizkunderako Julen Zeballos baxu jotzailea batu zaie taldera, Goñirena izandako lekuan.