Peiremans+

Imanol Ubeda eta Gorka Urbizu: «Sarrerekin gertatu dena oso zoroa da, baina kantuek eurek altxatu dute Peiremans+ berriro»

Sei kontzertuko bira bat iragarri, eta hemeretzi emanaldi egingo ditu Peiremans+ taldeak azkenean. Kideak harrituta, kezkatuta, eta, batez ere, pozik daude erantzuna ikusita. Bost kantako disko bat ere kaleratu dute gaur: 'Hirugarren mailan'.

Peiremans+ taldeko kideak: Imanol Ubeda, Jokin Fernandez 'Txiki' eta Gorka Urbizu. JOKIN FERNANDEZ
Peiremans+ taldeko kideak: Imanol Ubeda, Jokin Fernandez 'Txiki' eta Gorka Urbizu. JOKIN FERNANDEZ
Inigo Astiz
2026ko azaroaren 19a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamarkada berriak arropa zaharrekin harritu ditu Imanol Ubeda (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) eta Gorka Urbizu (Lekunberri, Nafarroa, 1977). «Ez genuen hau espero!». Peiremans+ taldea berriz piztea erabaki zutenean, ez zuten izan duten besteko erantzunik aurreikusten. 2005ean sortu zuten proiektua, nor bere taldearekin atsedenaldi bat egiten ari zela baliatuta, eta, geroztik, gutxi gorabehera, hamar urtean behin itzuli dira lozorrotik, eta, ondorioz, bigarren berpizkundea dute oraingoa. Hasieran, ekainean, sei kontzertuko bira xume bat baino ez zuten iragarri, baina sarrerak salgai jarri eta minutu gutxian amaitu ziren. Kontzertu gehiago iragarri, eta horiek ere denak saldu, eta, hala, emanaldiak gehitu eta gehitu, harik eta, azkenean, hemeretzi kontzertuko bira osatu duten arte. Eta sarrera guzti-guztiak salduak dituzte jadanik. Azaroan egingo dituzte lehen «beroketa saioak», eta bete-bete helduko zaie abendua gero. Horrez gainera, aurretik kaleratutako bi disko laburrak biltzen dituen disko luze bat atera dute lehenik, eta bost kanta berri biltzen dituen disko labur bat ere osatu dute: Hirugarren mailan. Gaur aurkeztu eta jarriko dute sarean.

Realeko gizonezkoen taldean debutatzear zela min hartu zuen Frederic Peiremans futbol jokalariari hartu zenioten izena, eta maiz erabili duzue galtzaileen eta porrotaren iruditeria geroztik. Oraingoan, ordea, badirudi erabateko porrota izan duzuela porrot egiten.

GORKA URBIZU: Bai, eta koartada hori pikutara joan zaigu.

IMANOL UBEDA: Erabat.

URBIZU: Pena da, ze joko handia ematen zuen.

Espero zenuten halako harrerarik?

URBIZU: Inolaz ere ez. Azkeneko bira zen gure erreferentzia, eta orduan areto bakoitzean kontzertu bat eman genuen. Bete ziren, baina egunean bertan edo bezperan.

Duela hamar urte izan zen hori. Datu horrek berak esplikatzen du aldaketa agian?

URBIZU: Faktore asko egongo dira hor. Seguruenik badago Peiremans+ zuzenean ikusi ahal izan ez duen jende asko, baina pandemiaren ondotik gertatu den FOMOaren fenomeno hori ere hor dago, eta nostalgiarena ere bai. Eta, gure kasuan, gure funtzionatzeko moduagatik, egia da orain harrapatzen ez baduzu zaila duzula gero harrapatzea. Horrek ere eragina izango du.

Baina pozik ere bazaudete? Orain arteko erantzunetan nagusiki kezka adierazi baituzue.

URBIZU: Oso pozik, bai, baina...

UBEDA: Baina kezkatuta ere bai! Benetan guk ez genuen hau aurreikusi. Ez guk, ez Black Izar bulegokoek, ezta Musikaze webgunekoek ere. Eta orain gure kezka nagusia da ahotsa, kantatzea. Ze gitarra jotzea balitz, ba, tira, baina katarro bat edo gripe bat harrapatzen baduzu, akabo! Jarraian dira saio guztiak; hilabetean hogei emanaldi ditugu!

Oraindik posible da porrot egitea, beraz.

URBIZU: Bai, bai, oso posible.

UBEDA: Bira hasierako kontzertuetara joango diren horiek izango dira zorionekoak, ze ez dakit amaierara iritsiko garen! [Barrez].

«Gaur egun musika proiektu bat aurrera ateratzeko estramusikalak diren gauza pilo bat egin behar dituzu, eta, aldiz, Peiremans+ ez da hori»

GORKA URBIZU Peiremans+ taldeko kidea
Eta nola erabaki zenuten berriz itzultzea?

URBIZU: Apirilean ez zegoen hau egiteko inongo asmorik. Ni bakarkako proiektuaren bira amaitu berria nintzen, eta urte hau trankil hartzeko asmoa nuen, hurrengo urtean grabatu nahi dudan diskoan pentsatzeko eta abar. Baina elkartu ginen bazkari baterako, eta komentatu nuen nik ez nuela kontzerturik, eta Imanolek ere ez zituela asko, eta hala hasi zen kontua.

Niretzat Peiremans+ beti izan da errekreo moduko bat, transzendentzia gainetik kenduta. Gaur egun proiektu bat aurrera ateratzeko estramusikalak diren gauza pilo bat egin behar dituzu, eta, gainera, ondo egin behar dituzu, eta karrera kudeatu behar duzu, eta, aldiz, Peiremans+ ez da hori; Peiremans+ da hamar urtean behin lagunekin elkartzea, rocka egiteko, ondo pasatzeko eta jendeari ordubeteko poztasuna emateko. Eta, ostia, sei kontzertu emateko asmoz hasi ginen, eta igual digitalki zabaltzeko kanta berri bat sortzeko ideiarekin, eta hurrengo pantailan gaude: ia hogei kontzertu eta bost kantuko disko oso bat! Eta ondo pasatuko dugu, bai, baina jada erronka moduko bat da, eta pixka bat putakeria da hori, ze oso pozik gaude horrek esan nahi duenagatik, baina, era berean, jada ez da lehen zen gauza bera.

«Diskoa 'via crucis' txiki bat izan da; gozatu dugu, baina Peiremans+ taldearen klabe horren baitan idatzi behar duzu, eta nik uste nuena baino gehiago kostatu zaigu hori»

IMANOL UBEDA Peiremans+ taldeko kidea
Frederick Peiremans jokalariaren aurpegia jarri diozue aurreko bi diskoen bildumako azalari. Joango da kontzerturen batera?

UBEDA: Bagenuen arantza moduko bat horrekin. Duela hamar urte jarri ginen harremanetan berarekin, bagenekielako gazteekin entrenatzaile lanetan ari zela, baina ez zen erantzunik iritsi bueltan, eta hor gelditu zen kontua. Apirilean erabaki genuen, nolabait baina nahitaez jakinarazi behar geniola bere izenean ari ginela kontzertuak egiten, eta bagenituela disko batzuk, eta zoragarri pasatzen dugula, eta zor geniola esplikazio bat eta igual baita besarkada bat ere, ze hari esker, ba, begira noraino iritsi garen! Haren taldekide izandako Igor Jauregi baliatu genuen, eta haren bitartez egin genuen Peiremansenganaino iristeko bidea.

URBIZU: Idatzi genion, eta berehala erantzun zuen, eta, baietz, abenduko kontzerturen batera etorriko dela.

Gustatu zaizkio kantak?

URBIZU: Hori ez digu esan. Baina esperantza dut etorriko dela, eta eszenatokira atera, eta jendeak txalo egingo diola. Justizia poetiko pixka bat.

Peiremans+ taldeko kideak, ordezkoen aulkian. JOKIN FERNANDEZ
Peiremans+ taldeko kideak, ordezkoen aulkian. JOKIN FERNANDEZ
Kanta berri bat egiteko ideia hasieratik izan zenutela aipatu duzue, baina, azkenean, bost kantako diskoa osatu duzue. Kanta erraz atera zelako egin duzue diskoa?

UBEDA: Gorkak apirileko bazkarian bertan aipatu zuen igual kanta berri bat ateratzeko aukera. Baina kanta bat ateratzea bilduma lan batean, ba, tira, ez zen hain ideia ona; berotzen hasi ginen, eta bi asteren buruan berriro elkartzekotan geratu ginen. Handik bi astera elkartu ginenean, nik esan nion EP bat ateratzea tokatzen zitzaigula. «Zuk kantuak egiten dituzu, nik ere bai; ostia, bost kanta egingo ditugu, ba!».

URBIZU: [Barrez] Ze erraz esaten den!

UBEDA: Gero via crucis txiki bat izan da. Gozatu dugu, baina jarri behar duzu berriz ere Peiremans+ taldeko maskara, eta klabe horren baitan idatzi behar duzu, eta nik uste nuena baino gehiago kostatu zaigu hori. Bost kanta baino gehiago idatzi ditugu, baina aurreko bi EP horien bidetik etorriko zen zerbait egin nahi genuen, eta nik uste hor joan zaigula denbora eta energia dezente.

URBIZU: Osotara hamar edo hamabi kontzertu eman ditugu elkarrekin orain arte, eta hamar kantu, baina oso zutabe argiak ezarri dituzte. Jendearentzat Peiremans+ power popa edo pop gitarreroa da: kanta zuzenak, umore puntu bat, autoparodia edo ironia puntu bat, epika eta transzendentzia arrastorik ere ez, eta galtzaileak eta suerte txarraren asunto hori. Argi ikusten da ondo pasatzeko zerbait dela, eta maskara hori jarri behar duzu, eta hori egin dugu, baina halere kantu batzuetan ez dugu lortu.

«Gu beste gauza batzuetan aritu gara, baina kantuek bizirik jarraitu dute. Eta oraingo kontzertuei buruz aipatu ditugu ardura eta kezka, baina, joe, super pozik gaude!»

IMANOL UBEDA Peiremans+ taldeko kidea
Maskara ez duzue erabat propio egin?

URBIZU: Oso zaila da hori behartzea. Badaude kanta batzuk umore eta amorru puntu horrekin, baina diskoak badu malenkonia ere.

UBEDA: Begira, Peiremans+ taldearekin eta sarrerekin eta horrekin guztiarekin gertatu dena oso zoroa da, baina nik benetan pentsatzen dut, eta erabat konbentzituta nago, kantuek eutsi diotela Peiremans+ taldeari. Ze, aber, duela hamar urte ere, lehenengoz itzuli ginenean, kontzertuetan jendeak abestu egiten zituen lehen diskoko abestiak. Gu beste gauza batzuetan egon ginen, baina kantuek bizirik jarraitu dute, eta nik pentsatu nahi dut kantuek altxatu dutela hau berriro, eta kantuengatik iritsi garela hona. Eta aipatu ditugu ardura eta kezka, baina, joe, super pozik gaude!

'Durangoko Palentinoan' kantaren bideoklipa.
Durangoko Palentinoan abestia atera duzue hirugarren diskoaren single modura. Euskal kulturaren mikroklimari buruzko kanta ironiko bat da, eta mundu hori barrutik ezagutzen duen edonork errekonozituko ditu hor esaten dituzuenak. Umorea lantzen duzue, baina ez dakit nekea ere badagoen, onarpena, edo, agian, dena batera.

URBIZU: Dena da, bai. Eta omenaldi bat ere bada, azkenean, horri kariñoz begiratzea delako geratzen zaigun aukera bakarra, gure aje guztiekin. Durangoko Palentino tabernan, Durangoko Azokan, kantak esaten duen bezala, hortxe daude denak: musikariak, estrategiak, superkolegak elkar agurtzen eta elkar egurtzen. Beti iruditu zait oso giro bitxia eta berezia hor sortzen dena.

UBEDA: Maitasun kanta bat da, fauna horri guztiari egindakoa. Eta bideokliperako ere saiatu gara artista klase guztiak biltzen. Oso ezagunak eta bazterrekoagoak.

URBIZU: Bai, orain esaten duten bezala, hor daude arenak eta hondarrak; alegia, arena deitutakoak betetzen dituztenak, eta besteak [barrez].

UBEDA: Natura hil moduko bat da kanta. Autoironia dago, eta umorea ere badago, eta umorea lantzea oso zaila da. Kanta horrek eusten die Peiremans+ taldearen ezaugarri guztiei.

URBIZU: Kuriosoa da: aurreko EPetan kantu ironikoenak zuk egindakoak ziren, eta oraingoan, alderantziz. Eta musikalki ere bitxia da aldaketa, ze 2005ean Peiremans+ Berri Txarrak-en proiektu paraleloa zen niretzat, eta popa egin ahal izateko eremu libre bat. Orain, berriz, Gorka Urbizu proiektutik nator, Hasiera bat diskoa egitetik: kontentzio erabatekoa, pedalik gabe, distortsiorik gabe; eta Peiremans+ da nire aukera punk-rock pixka bat egiteko eta zarata pixka bat sartzeko!

«2005ean Peiremans+ Berri Txarrak-en proiektu paraleloa zen niretzat, eta popa egin ahal izateko eremu libre bat. Orain, berriz, Peiremans+ da nire aukera punk-rock pixka bat egiteko»

GORKA URBIZU Peiremans+ taldeko kidea
Baina diskoan badira bestelako kanta malenkoniatsuagoak ere. Erlikia, kasurako. Eta musika jartzen zuten tabernei egindako omenaldi bat da Tolosako Mescalen.

UBEDA: Durangoko Palentinoan eta Tolosako Mescalen: bi kantu horiek musikaren aldeko manifestu moduko bat osatzen dute. Desesperantzari aurre egiteko, musika izan daiteke antidoto on bat, iragankorra agian, baina antidoto ona. Eta bada tabernak aldarrikatzeko modu bat ere. Mescal taberna izan da gure txokoa, nik han deskubritu nituen musikari asko. Kantan aipatzen den Van Morrison bera, edo Jackson Brown, edo Neil Young. Guretzat, eskola handi bat izan da.

URBIZU: Lekunberrin ez genuen halako oasirik.

Pentsatu duzue hurrengo porrota zein izango den?

URBIZU: Kristoren gogoa dugu jotzeko!

Orduan, zuentzat, Peiremans+ taldea oraindik ere bada ihesbide bat, zuen beste alde bat erakutsi ahal izateko aukera ematen dizuena?

UBEDA: Gure beste proiektuetatik egurasten laguntzen digu. Oasi txiki bat bezalakoa da. Orain artean behintzat ez zegoen inolako presiorik. Lagun zaharrekin elkartu eta power pop estiloan aritzeko aukera izan da orain arte, eta horren aitzakian zerbeza batzuk hartu eta elkarrekin egotekoa. Hori da oraindik ere, eta hemendik aurrera ere halaxe izatea nahiko genuke. Talde paraleloak ematen dizun libertate hori badu, nahiz eta nire kasuan talde paraleloak nabarmen gainditu duen talde originala! [Barrez].

KONTZERTUAK

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA