Doluaren bihotzetik bertatik idatzi du doluaz Siri Hustvedtek (Minnesota, AEB, 1955). 13 urte zituenerako izan zuen argi idazle izan nahi zuela, eta poema liburu bat, zazpi nobela eta saiakera bilduma nabarmenak eman ditu argitara, baina 43 urtez senar izan zuenaren, Paul Auster idazlearen heriotzaz geroztikoak bildu ditu orain Ghost stories memoria liburuan (Mamu ipuinak). 2024an, Auster hil eta bi aste eskas baino pasatuak ez zirela idatzi zituen lehen hitzak, sentitzen zuen minetik distantziarik batere hartu gabe, baina min horretaz ez ezik literaturak pizten zien pasioaz, familiaz, maitasunaz, doluaz, politikaz, feminismoaz eta beste hamaika gairi buruz ere mintzo den zintzotasunez betetako ia 400 orriko liburu bat da azken emaitza. «Ez da Pauli buruzko erretratu bat», laburbildu du, «eta ez da Siriri buruzko erretratu bat ere; bien arteko horri buruzkoa da liburua: Paul eta Siriri buruzkoa, Siri eta Pauli buruzkoa». Idazleak dioenez, lau hamarkada pasa iraun zuen «solasaldi bat» izan baitzen bi idazleen artekoa, eta haren lekuko dira liburuan bildutako oroitzapen, gogoeta, eskutitz, mezu elektroniko eta elkarri bidalitako oharrak ere.
Bilbon izan da egunotan idazlea. Fair Saturday Awards saria jaso zuen astelehenean, eta hitzaldia ere eman zuen atzo, Kirmen Uribe idazleak lagunduta, BBK banku fundazioak Bilboko Euskalduna jauregian antolatutako Bilbao Kultura Social Forum hitzaldi zikloan. Liburuan bezala, doluari buruz aritzeari utzi gabe, literaturaz, maitasunaz eta are Donald Trump «protofaxistaren» gobernuari aurre egiten jarraitzeko beharraz ere aritu da goraino betetako aretoaren aurrean, eta justu hura amaitu ostean bildu da BERRIArekin. «Nik ere izan ditut etsipen uneak, baina politikan, eta, nik uste, doluan ere, oso garrantzitsua da etsipenean ez erortzea, zeren eta etsipena fenomeno suizida baita, eta, liburuan aipatzen dudan bezala, formei eustea da horri aurre egiteko moduetako bat, bai bizitza pertsonalean, bai politikan ere».
Antzeko formulazio bat baliatu zuen Angela Davisek ere duela urte batzuk: «Esperantza diziplina bat da».
Hala da: artifizio batzuk behar dira aurrera egiteko. Forma batzuk. Aukeratzen dituzun eguneroko errutinek lagundu egiten dute. Orain bakarrik nagoen arren, hozkailua zabaldu eta edozer jan beharrean, adibidez, egunero prestatzen dut afaria, horrek ezartzen duen erritmoak eta formak lagundu egiten didalako izan nahi dudan bizitza izaten. Errealitatea aldatzen laguntzen dute antolakuntza printzipio horiek. Ez dut uste etxeko gu horiek eta gu zabalagoak bereizita daudenik. Jendeak bizilagunik gertukoenarengana sentitzen duen sinpatia hori talde zabalagoetara hedatzen jarraitu behar dugu.
«Ahal den neurrian behintzat, paperera bueltan ekarri nahi nuen pertsona hori [Paul Auster]; bion arteko harreman hori agertu nahi nuen, eta, liburuan, haren parte bat berpiztu»
Badira doluaz gainerako guztia baztertzen duten doluari buruzko liburuak, baina errealitatearen geruza guztiak eta haien konplexutasuna kontuan hartuz osatu duzu zuk liburua.
Bai. Paul hil zenean, nik neuk ere irakurri nituen dolu liburu dei daitezkeen horietako batzuk, eta ohartu nintzen hildakoei buruzko liburu horietan hildakoa bera falta izaten dela maiz. Hildako hori da dolua pizten duena, baina ez dago, eta, beraz, dolua egiten ari denaren doluak hartzen du arreta osoa. Erabat zilegi da halako liburuak idaztea, noski, baina nire asmoa erabat bestelakoa zen. Nik, ahal zen neurrian behintzat, paperera bueltan ekarri nahi nuen pertsona hori, eta horretarako baliatu ditut, besteak beste, Miles gure bilobari idatzi zizkion gutunak, eta niri utzi zizkidan oharrak eta hari buruz kontatzen ditudanak. Bion arteko harreman hori agertu nahi nuen, eta, liburuan, haren parte bat berpiztu.
Hil berritan haren presentzia sentitzen zenuela ere deskribatzen duzu liburuan.
Hori nahi gabe gertatzen da, eta hori gertatzeko arrazoi posibleak aztertu ditut, bai neurobiologiaren aldetik, bai fenomenologiaren aldetik. Ea zergatik ditugun esperientzia edo haluzinazio horiek, eskatu gabe gertatzen baitira. Besterik gabe, gertatu egiten dira. Gizon hori 43 urtez izan nuen nire bizitzan, eta elkarrekin ez geundenean ere, telefonoz aritzen ginen, eta, beraz, hark osatzen zuen nire zentzumenen errealitatea, nik harena osatzen nuen bezala, eta, hil egingo zela banekien arren, bat-batean, egun batetik bestera pertsona hori desagertu egiten da. Eta, beraz, nola erantzuten dute gure nerbio sistemak eta gainerako sistemek? Bada, sortu egiten dute falta den hori. Atzera ekartzen dute.
Erretzeari utzia zion arren, eta jadanik hilda zegoen arren, ke usaina aditu izan duzula kontatzen du liburuan.
Hasieran asko gertatzen zitzaidan. Baita hamar bider ere zenbait egunetan, baina usnaldi bakarra izaten zen beti; bigarrenez haren bila joan, eta jadanik ez zegoen. Oraindik gertatzen zait tarteka. Baina ez naiz ni bakarrik. Alemanian liburuak sinatzen nenbilen batean, emakume batek kontatu zidan bere senarra sei hilabete lehenago hil zela, baina oraindik ere sentitzen zuela… [Hunkitu, eta, barkamena eskatu ondoren, aurrera jarraitu du] Oraindik ere, oheratzean, hainbatean behin sentitu egiten zuela senarraren besoa, laztan hori, eta badakizu zer pentsatu nuen? Ea, non eskatu daiteke hori! [Gorantz begira] «Bai, kaixo, jainko maitea, mesedez, bai, eman diezadakezu hori niri ere?». Baina, noski, hori ez dago eskatzerik.
Baina hor dago oroimena ere, ezta?
Berpizkunde hori era kontzientean saiatzeko aukera hori daukagu, bai, eta, liburua idatzi ahala, nik ere sentitu nuen nola joan ziren elkarrekin bizi izandakoei buruzko oroitzapenak azaleratuz, tartean baita oroitzapen barregarriak ere, eta gure arteko hori irudika zezaketela pentsatu nuen. Hiltzen ari zenean, azken gauean… zoro xamarra da hau, baina hiltzen ari zen azken gau hartan, haren azken arnasaldiei adi nintzela, zera etorri zitzaidan burura: «Ederki pasatu dugu, ba». Horixe izan zen une larri hartako pentsamendu handia. Hori gertatuko zitzaidanik esan balidate, erotzat joko nituzkeen, baina horixe etorri zitzaidan, eta, gerora, horri buruz hausnartu ostean, uste dut badela garrantzitsua. Ederki pasatu genuen. Eta uste dut jolasari buruzko ideia sakon bati lotuta dagoela hori.
D. W. Winnicott pediatra eta psikoanalista ingelesa jolasaren garrantziaren defendatzaile sutsua izan zen. Haren arabera, kulturaren esparrua definitzen zuen jolasak. Umeek maite dituzten horien bidez ikasten dutelako jolasten, amaren, aitaren edo zaintzailearen bidez, eta horrek osatzen du diada deitutakoa: biak bat. Jolasa gauza sakona da, beraz, eta guk izan genuen jolasteko aukera. Liburua bukatzean, batez ere esker ona sentitzen nuen.
«Kultura guztietan definitzen dira heriotza onak eta heriotza txarrak, eta, bai, Paulek heriotza ona izan zuen»
Agur on bat eman zenioten, eta horrek ere lagundu egiten du.
Kultura guztietan definitzen dira heriotza onak eta heriotza txarrak, eta, bai, Paulek heriotza ona izan zuen. Nik neuk ere bizi izan baititut heriotza txarrak ere, Ruby txikiarena, esaterako [Paul Austerren semearen semea zen Ruby; hamar hilabeterekin hil zen, eta, Hustvedtek liburuan kontatzen duenez, forentseek haren aitak kontsumitzen zituen heroinaren eta fentaniloaren arrastoak topatu zituzten haurraren gorpuan; Austerren semea atxilotu egin zuten, eta, libre utzi eta berehala hil zen hura ere, gaindosiz]. Halakoak izugarriak dira, eta ezin dira sekula konpondu. Halakoekin bizitzen ikastea besterik ez dago.
Jakin-mina da liburuaren motor nagusietako bat. Hamaika gairi eskainitako hamaika liburu eta artikulu idatzi dituzu, eta hamaika gairi buruz ikertu duzu. Eta, alargundutakoan ere, senarra hil eta bi asteren buruan hor ari zinen jadanik haren heriotzaren osteko errealitate berri hori behatzen saiatzen.
Halakoa naiz, bai, eta oso zorte oneko sentitzen naiz horregatik. Baina uste dut hori dela arazoei aurre egiteko nire modua. Eta uste dut, liburuan esaten dudan bezala, hobea dela hori whiski botilari itsatsita geratzea baino. Hori ere askotan ikusten baita, nola hondoratzen den jendea. Arazoren bat dudanean, nik irakurri egiten dut, eta biziraupen senarekin lotuta dago hori, nire ustez. Jende asko ikusten dut bizitza zoriontsuago izateko zazpi urratsei buruzko liburuak irakurtzen, baina, noski, ez da hori. Badakit irakurtzeak ez dizula hori emango, baina badakit neure buruarengandik distantzia bat hartzeko modua eskainiko didala, eta lagundu egingo didala dolua bizitzen ari direnek osatutako testuinguru zabalago batean. Hori baitute dolu libururik okerrenek, «orain hobeki nago», «berriz maitemindu naiz» eta gisakoekin amaitzen diren horiek. Niri ez zait interesatzen hori. Pentsamendu neoliberalaren ondorio dira norbere burua hobetzeko kontakizun horiek.
«Gizonei eta emakumeei buruzko kultur kategoria hierarkikoak oso sakon errotuta daude, eta jende askok ez du gustuko inork hierarkia hori mehatxatzerik»
Barne begiradaren eta kanpoko begiradaren arteko tentsioa ere irudikatzen du liburuak. Zeuek zeuen burua nola ikusten zenuten dago alde batetik, eta kanpokoek nola ikusten zintuzteten, bestetik, eta, azken horren arabera, zu, maiz, Paul Austerren emaztea baino ez zara izan.
Hainbat urtez bizi izan dut hori, bai. Paulek ez zuen sekula hori propio egin. Horrelakoak serio hartu izan balitu eta, nik esaten dudan bezala, bikotekidetzat xal bat nahi izan balu, eta kanpoko ikuspegi hori barrua herdoiltzera heldu izan balitz, horrek ezkonbizitza hondatuko zukeen, baina sekula ez zen halakorik gertatu.
Kostatu zitzaidan horretaz ohartzea, baina, azkenean, ulertu nuen ikuspegi hori ez zela nire kontrako ezer pertsonala. Gizonei eta emakumeei buruzko kultur kategoria hierarkikoak oso sakon errotuta daude, eta jende askok ez du gustuko inork hierarkia hori mehatxatzerik. Paulek behin eta berriz esaten zuen ni nintzela bikoteko intelektuala, eta ni nintzela zientzia kontuak eta Jackes Lacan irakurriak zituena eta beste, baina jendeak ez zuen hori entzun nahi. Niri gauzak irakasten zizkidana bera izan zedin nahi zuten, ni haren menpeko izateko seta irrazional moduko batekin. Baina hori ulertutakoan, eta gauzak ez zirela horrela jakinda, ba, errazagoa da patxadaz hartzea, minik ez hartzea, eta zeure burua defendatzea. Zubi hori gurutzatu ostean, askoz errazagoa izan zait dena. Eta, noski, Paulek beti defendatu ninduen. Babesleku bat geneukan elkarrekin. Beti sentitu dut haren errespetua eta miresmena.