Aktorea

«Pertsonaia honek erakusten duen dohainik bereziena zaurgarritasuna da»

'Heroiaren mina' emanen du bihar Gaizka Chamizok Arberatzeko plazan. Bi Zaldi musika taldearekin batera arituko da, eta printzesa zaurgarri baten kontakizun «gordinak» plazaratuko ditu, barra bertikaleko dantza batekin batera.

Gaizka Chamizo, artxiboko argazki batean. BERRIA
Gaizka Chamizo, artxiboko argazki batean. BERRIA
Xalbat Alzugaray
2026ko ekainaren 26a
18:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHZra Heroiaren mina aurkeztera jinen da Gaizka Chamizo (Galdakao, Bizkaia, 1987). Bi Zaldi musika taldeko kideekin batera presentatuko ditu printzesa «hautsi» baten bizipenak. Ikusgarriaren bidez, maskulinitate hegemonikoaren eta maitasun erromantikoaren kritika egiten du. Festibaleko partaideak printzesa bezain zaurgarri izanen direla espero du.

Zergatik gordintasuna printzesa hautsi baten bizipenak plazaratzeko?

Printzesa hautsiaren irudia metafora bat da, perfekzioaren mozorro fin eta hauskorraren azpian dagoen errealitate batena. Antiheroi bat da, funtsean, eta bufoiaren lengoaia agertzen zaigu tartean. Egia biribilak ziztada zuzenez transmititzeko ezagutzen dudan lengoaiarik eraginkorrena da, eta eroso nago hor, gozamena dakarkit. Gauzak bere gordintasunean azaltzea eta entzutea terapeutikoa izan daiteke ikuslearentzat, baina baita norberarentzat ere.

Maskulinitate hegemonikoaren eta maitasun erromantikoaren kritika egiten da ikusgarrian. Zer transmititu nahi zenuke?

Ezer berririk ez. Publikoko edozeinek bere bizitzan izandako bizipenekin lotu ditzakeen egiak dira. Hala ere, pertsonaia honek erakusten duen dohainik bereziena zaurgarritasuna da. Gure eguneroko jardunetan ez dago oso hedatua ezaugarri hori, eta are gutxiago ustezko testuinguru maskulinoetan. Benetan ez gara konturatzen jarrera horrek zer botere daukan. Hain zuzen ere, pieza honetan publikoari gonbita egiten zaio bide horretatik elkarrekin bidaiatzeko.

Bi Zaldirekin jarduten duzu ikuskizunean. Zer garrantzi du musikak?

Oso handia. Musikarik gabe ez legoke ez heroirik ezta minik ere. Musika da pertsonaiari eta publikoari bidaiaren tempoa eta kolorea ematen dizkiona. Kasu honetan, musikaz eta hitz goxoez haratago, Beñatek [Antxustegi], Enekok [Sierra] eta Gartxotek [Unsain] eszenatokian sortzen duten energia bereziak erabat babestua sentiarazten nau.

«Egia biribilak ziztada zuzenez transmititzeko ezagutzen dudan lengoaiarik eraginkorrena da, eta eroso sentitzen nago hor, gozamena dakarkit»

Barra bertikaleko dantza bat ere egiten duzu. Nolako desafioa izan da hitza eta dantza uztartzea?

Pole dance-a ezagutu nuenetik beretik, argi izan nuen pole dance-a erabili nahi nuela gauzak kontatzeko. Heroiaren mina lanean, fisikoki irudikatzen duen desafioa alde batera utzita, printzesaren mundu emozional konplexu hori burdinazko barran biluztu eta publikoari modu zintzoan helaraztean izaten dut desafiorik nagusia.

EHZ festibalean emanen duzu ikusgarria. Zer espero duzu?

Gaztetxotatik maite dut EHZ, eta haren oinarriekin zeharo bat datorren esperientzia bat da Heroiaren mina. Hain barrenetik jaiotzen den ikuskizun hau bertako plazan erakutsi ahal izatea nekez ahaztuko dugun opari bat da. Urduri eta gogotsu gaude! Arberatze-Zilhekoa ere gu bezain zaurgarri agertzea baino ez dugu espero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA