«Mamu bat dabil euskal literaturan... etorkizunaren mamua. Definizioz dago literatura etorkizunerantz inklinatuta. Baina ni hona etorri naiz etorkizuna hiltzera. Euskal literaturak utzi behar dio geroko irakurleen fantasmen lurralde izateari». Iñigo Astiz idazle eta BERRIAko kazetariak 2019an plaza beretik esandakoa «plagiatuz» ekin dio Maialen Berasategi Catalan itzultzaile eta BERRIAko euskara taldeko kideak bere manifestua irakurtzeari, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa). Hain zuzen, manifestu horren irakurraldia izan da aurtengo Literaturia jaialdiaren txupinazoa. Igande arratsaldera bitarte, Dar-dar goiburuak batuko ditu aurtengo liburu aurkezpenak, azoka eta euskal letren inguruan antolatutako gainerako ekitaldiak.
Egin klik hemen, osorik irakurtzeko.
Plagioa hizpidera ekarrita, sormenaz ere hitz egin du Berasategik: «Sormena hitz polita da oso, baina badakizue zer dioten: ez dela existitzen, izena baduela baina izan handirik ez, eta egiaz guztia dela erreprodukzio bat».
Kopiatzea, finean, pertsonaletik kolektibora jauzi egiteko baliatu du Berasategik: «Zeren nik ez diot ezer inoiz. Dena diogu guk. Dena da plagioaren plagioa». Eta horrekin batera, euskararen kezka agertzen da: «Eta nola plagiatuko dugu guk osoki eta guztizki, nola izango gara euskaldunok, hizkuntza gailenduetako hiztunak bezala, plagiatzaile unibertsalak eta mundialak, beti-beti besteren zubibideak hautatzen baditugu mundua irakurri eta idazteko?».
Beste gai askori ere heldu dio, zipriztinka; esaterako, urtero-urtero Literaturiara heltzen den jendeak dituen gustuei, «emakume jubilatuz jositako irakurle taldeei», literaturaren inguruan sortzen diren edo ez diren eztabaidei, kontraesanei, literatur generoen arteko lehiari eta adimen artifizialak eragin dezakeenari. Baina literaturak izan behar duenari heldu dio batez ere: «Literaturak dar-dar egin behar du nahitaez: hots bat hartu eta hots hori egin, haren musika izan. Literatura, bai, musika da, eta musika bibrazioa da, dardara; ergo, literatura dardara da».
Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian emanaldiak hartu dio erreleboa manifestuaren irakurraldiari. Hitz esana, irudia eta musika elektronikoa uztartuz, garaiotako giro aldakorrean bizitzeko moduari buruzko performance umoretsua egin du Epeldek.
Biharkoa du egunik trinkoena Literaturiak. Liburu aurkezpenak, idazketa tailerrak, ipuin kontaketak, musika emanaldiak eta mahai inguruak izango dira, besteak beste. Eta eguneko plater inportanteenaren gisan, Armiarma atariari egingo diote gorazarre, 12:00etan.