2024. urteko argitalpenik onena aukeratzeko lehen bozketan Miren Amurizaren Pleibak, Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima, Joxean Agirreren Gizon barregarriak, Uxue Alberdiren Hetero eta Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin liburuak lehenetsi zituzten 111 Akademiako 218 kideek, eta horien artetik gailendu dira Miren Amurizaren eta Unai Elorriagaren lanak, bigarren bozketa txandan. Bost aukeretako batek gutxienez botoen %40 jaso izan balitu, automatikoki erdietsiko zukeen 111 Akademiaren saria, beste bozketarik egin behar izan gabe. Alabaina, ez da halakorik gertatu, eta hirugarren bozketa egin beharko dute. Horrenbestez, botorik gehien jaso duten bi liburuek egin dute aurrera, Pleibak-ek eta Francesco Pasqualeren bosgarren arima-k.
Hirugarren bozketa txanda noiz izango den ez du artean esan 111 Akademiak, baina iragarri du sariaren berri noiz emango duen: maiatzaren 19ra aldera izango da.
Akademia, larri
Lehen bozketaren berri ematearekin batera, «kinka larrian» zegoela jakinarazi zuen 111 Akademiak, eta, besteak beste, finantzaketa arazoak eta teknikari bat aurkitzeko zailtasuna aipatu zituen.
Ikusi gehiago