Kontraesankorrak dira etxe batek sortzen dituen sentimenduak; bizi baldintzen arabera, babesgune eta kaiola izan daiteke aldi berean. Gertukoenekin egoteko tokia izan beharko lukeen hori ihesbide zaileko kartzela ere bada nolabaiteko indarkeria jasaten duten horientzat. Horren guztiaren inguruan hausnartzeko asmoz, hain justu, etxea aukeratu dute aurten Oiartzungo (Gipuzkoa) Poesia Egunetako gai izateko. Irailaren 5ean hasi eta 11n bukatuko da euskarazko poesia ekitaldi hori, eta, besteak beste, Ainara Lasa Perez, Harkaitz Cano eta Itziar Ugarte Irizar idazleek egingo dituzte emanaldiak. Poesia ardatz hartuta, askotariko diziplina artistikoak eta horien arteko esperimentazioa uztartzeko aukera emango diete Oiartzungo Poesia Egunek artistei. Errezital batzuetarako sarrerak doakoak izango dira, eta beste batzuek bost euroko prezioa izango dute.
Lasa izango da oholtza hartzen lehenengoa, irailaren 5ean, 17:30ean, Putxutxoerreka kalean. Tantai «hitzez eta hotsez» osatutako soinu esperientzia eskainiko du. Formol Laborategia antzerki konpainia igoko da ostean oholtzara; Heriotzak Eduardo du izena ikuskizuna emango du 19:00etan, Landetxe kultur aretoan. Soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartzen dituen poesia ez-errezital bat da, fisikoaren eta birtualaren arteko mugak esploratzen dituena. Susa argitaletxearekin batera sortutako ikuskizuna da, eta Munduko Poesia Kaierak bildumaren hamargarren urteurrena ospatzeko helburua du. Alde horretatik, emanaldi berezia izango da, eta publikoaren eta eszenatokiaren artean izan ohi diren hesiak ezabatuko ditu.
Ergoienetik Ergoienerako ibilbide poetiko batek emango dio hasiera Oiartzungo Poesia Egunetako hurrengo egunari. 11:00etan ekingo diote ibilbideari, eta geroago, 14:00etan, herri bazkaria egingo dute Auzokalte auzo elkartean. Bazkalostean, 18:30ean, Etxe bat poesia errezital musikatua aurkeztuko dute Yolanda Arrieta idazleak eta Peru Galbete musikariak. Gaston Bachelard soziologoaren La poetique de l'espace (espazioaren poetika) entsegua du oinarri, eta «amets egiten jarraitzearen» garrantzia helarazi nahi dio ikusleari.

Irailaren 8tik 11ra izango dira poesia emanaldi guztiak, 19:00etan. 8tik 10era, zehazki, Poeta bat zure sukaldean jardunaldiak egingo dituzte. Canok, Ugartek eta Jose Luis Otamendik hartuko dute parte emanaldi horietan, eta errezital bana egingo dute herritarren etxeetan. Idazle horiek etxean hartu nahi dituztenentzat ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Irailaren 11n, berriz, Oiartzungo Poesia Egunak bukatzeko, haur eta gazteen poesia emanaldia egingo dute Iturriozko Dorretxean.
Berrikuntzak eta aldarrikapenak
Eako (Bizkaia) Poesia Egunak 2004tik 2018ra antolatu zituzten urtero. Horiek utzitako arrastoa inspirazio iturri hartuta eratu zituzten Oiartzungoak, eta, ibilbide laburra duten arren, herritarren parte hartzea handia izan da hasieratik. 2020an egin zuten ekitaldia lehen aldiz, COVID-19aren pandemiaren ostean, eta ordutik naturarekin harreman estua duen egitaraua sortzen saiatu dira antolatzaileak. Urtetik urtera, hainbat berrikuntza izan dira; hasieran, esaterako, Hernaniko (Gipuzkoa) Kale Literatura egitasmoan sortutako antologiak baliatzen zituzten errezitalak osatzeko, baina azken bi urteotan, Oiartzungo Poesia Egunen antolatzaileek hautatutako gaian oinarritzen den antologia erabiltzen dute.
Antolatzaileek ohar baten bitartez adierazi dutenez, gainera, Oiartzungo Poesia Egunak elkarlan baten emaitza dira, eta, beraz, «behar duten horientzat» eta «herriko eta herritik kanpoko kulturazaleentzat» etxe bat izan nahiko lukete, ahalik eta zentzurik onenean. Alde horretatik, azaldu dute kultura kalera eta herriko etxeetara eramateak lotura zuzena duela politikarekin, eta oso beharrezkoa dela nabarmentzea kalea ere kultura zabaltzeko eremu garrantzitsua dela.