Literatura

Pol Guasch idazle katalanaren ahots literarioa euskarara ekarri du Ibai Sarasua Garciak

Idazleak 2021ean eman zuen argitara bere lehen eleberria, 'Bihotzean napalma', eta berehala erakarri zuen hala kritikaren nola literaturazaleen arreta. Txalaparta argitaletxeak euskaraz kaleratu du orain.

Ibai Sarasua itzultzailea, eskuetan Pol Guasch idazlearen 'Bihotzean napalma' liburua duela. JON URBE / FOKU
Ibai Sarasua itzultzailea, eskuetan Pol Guasch idazlearen 'Bihotzean napalma' liburua duela. JON URBE / FOKU
Inigo Astiz
2026ko abuztuaren 6a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izan, bada eleberri bat, baina hareak hatz artetik bezala egiten dio ihes definizio saiakera guztiei. Pol Guasch idazle katalanak 2021ean eman zuen argitara bere lehen eleberria, Bihotzean napalma, 24 urte baino ez zituela, eta berehala erakarri zuen hala kritikaren nola literaturazaleen arreta. Narratibako Anagrama saria jaso zuen lanak, eta, geroztik, hainbat itzulpen ez ezik, antzerkirako egokitzapen bat ere izan du. The New Yorker aldizkariak urteko libururik onenen zerrendan sartu zuen ingelesezko itzulpena. Eta ibilbide horren guztiaren babesarekin heldu da lana orain euskarara. Ibai Sarasua Garciak euskaratu du, eta Txalaparta argitaletxearekin eman du argitara, baina, lana sakon ezagututa ere, itzultzaileari zaila egin zaio hura deskribatzea. «Oso fragmentarioa» dela esan du lehenik, bai eta «distopikoa» dela ere ondoren, eta, gehitu duenez, baditu road trip baten zantzuak ere. Baina liburuak kontatzen duenaz gainera, liburuak kontatzeko duen modua nabarmendu du Sarasuak. «Oso ahots literario berezia dauka Guaschek. Oso hizkera atmosferikoa erabiltzen du, fisikoa, zentzumenei lotua, eta hemen eta han egiten ditu erritmo eta denbora aldaketak. Baina nahasmen horretan guztian, oso garbi transmititzen ditu benetan barruan ukitzen zaituzten min eta kezkak».

Itzultzailearen hitzetan, «leku zehaztugabe bat» eta «protagonista zehaztugabe bat» aurkezten ditu liburuak. «Hondamendi erabat zehaztugabe bat» gertatu da, ordea, eta, «gizarte militarizatu bat» gailenduko da haren ondoren. Protagonistaren izenik ematen ez den arren, irakurleak jakingo du protagonista «mutil gazte maritxu bat» dela, eta bizimodu estu horretan bizi dituen minak, traumak eta kezkak azaleratuko dira nobelan. «Eleberri honetan isiltasuna oso garrantzitsua da», azaldu du Sarasuak. «Sekretuak oso presente daude, eta narrazio guztian gehiago esaten da esaten ez den horrekin, esaten denarekin baino. Horregatik, liburuaren argiak bezain interesgarriak dira itzalak, eta esaten dena bezain interesgarria da esaten ez den hori guztia. Uste dut liburu honek benetan ekarpen polita egin diezaiekeela euskal literaturari, euskal letrei eta euskarari, oro har».

«Pol Guaschen ahots literarioa oso atmosferikoa da, fisikoa, zentzumenei lotua, eta hemen eta han egiten ditu erritmo eta denbora aldaketak. Baina nahasmen horretan, oso garbi transmititzen ditu benetan barruan ukitzen zaituzten min eta kezkak»

IBAI SARASUA GARCIAItzultzailea

Lehen nobela argitaratu aurretik, Guaschek bi poema liburu ere bazituen kalean. Tanta gana (Halako gogoa) eman zuen argitara 2018an, eta La part del foc (Suaren partea) 2021ean, bere lehen eleberria kaleratu zuen urte berean. Baina idazleak aipatu izan duenez, umetan ez zuen idazle izateko asmo handirik. 15 urte zituela aitak bere buruaz beste egin, ordea, eta horren ondoren hasi zen Guasch poemak idazten, «kontsolamendu bila», idazleak berak azaldu izan duenez. Eta, hain zuzen, aitaren suizidioa eta idazteko bultzada ditu oinarri kaleratu duen azken eleberriak: Relíquia (Erlikia).

Guasch lan horixe aurkezten izan zen Bilbon urte hasieran. Gutun Zuria Irekia izeneko programan parte hartu zuen, zehazki, eta jendaurrean aritu zen bere lanaz hizketan, Eider Rodriguez idazlearekin batera. Solasaldiaren hasieran, Bihotzean napalma nobela izan zuen aipagai Guaschek, eta Rodriguezen lanari dion mira nabarmentzeko baliatu zuen aukera. Hain zuzen ere, Rodriguezen aipu batekin abiatu baitzuen bere lehen nobela, eta, beraz, irakurleak ere harekin egingo baitu topo orain Txalapartak euskaraz kaleratutako itzulpenean. «Isiltasunaren erresuma, esaten nion, noiz itzuli behar duzu isiltasunaren erresumatik?».

Pasarte labur eta poetikoak dira nobelakoak, eta testura hori errespetatu du Garciak itzulpenean ere. Horren erakusgarri da, esaterako, Desobiratzea izenburuko atalaren lehen zatia. «Elurra urtua zen haitzurdin bero baten gisan pilpiratzen zen lur gainean, eta irakinean zeuden ur-putzu zikinak. Lehen daliak ernetzen ari ziren eta denbora luze egiten zen bide- eta errepide-bazterretan pilatzen ziren ore izoztuzko azken metak eskobatzen. Bazen zuhaitz bat, garai-garaia, kimu guriak ernearazten ari zena zorriak, berekoi, izerdi-xurgatzen pilatzen ziren txokoetan. Egun bakoitza bizitza-putzu bat zen, hondotik gainazaleraino argitzen zena eta kanpoko argiari muin egiten ziona: begiak estutzen genituen, ikusi ahal izateko, eta leihoetatik elkar agurtzen genuen, gorputzak gortinen atzean ezkutu-gordeka».

Hizkuntzen menderakuntza

Sarasuak lehen eleberriaren bitartez ezagutu zuen Guasch, baina, onartu duenez, Ofert a les mans, el paradís crema haren bigarren eleberria irakurtzean hartu zuen itzultzeko erabakia. «Hori irakurtzean konturatu nintzen benetan lehenengo eleberria eta atzetik zetozen guztiak itzultzeko modukoak zirela». Eta orduan jo zuen Txalapartakoengana proposamenarekin.

Sarasuak azaldu duenez, hizkuntza bera ere kontakizunaren parte da Guaschen eleberrian. «Menderatuen eta menderatzaileen arteko dikotomia etengabe aurkezten duen gizarte bat irudikatzen du liburuak, eta hizkuntza gutxitu bat eta hizkuntza nagusi bat ere aurkezten ditu. Pertsonaia nagusiak, beraz, menderakuntza horiek bizi ditu alor askotan, familian, maitasun eta harreman sexu-afektiboetan, bai eta hizkuntzan ere. Bere nortasuna nolabait azpiratua da, eta horren gainean eraiki du eta horren gainean garatzen du».

Hizkuntzen lanketa horregatik, Guaschen lana euskarara itzultzea ere berezia dela esan du itzultzaileak. «Uste dut ez dela gauza bera liburu hau ingelesera, gaztelaniara edo hizkuntza gutxitu batera itzultzea. Beraz, uste dut are gehiago gozatu dudala horregatik».

Guasch euskarara ekartzeak egin dezakeen ekarpena izan du mintzagai Iñigo Satrustegi Txalapartako editoreak ere. Haren hitzetan, «gizontasun hegemonikoa» kritikatzeko saio bat dago haren eleberrian, eta, horrez gainera, idazleak «molde tradizionaletatik harago» idazteko modu bat probatzen duela ere nabarmendu du. «Horixe zen guk, hain justu, euskarara ekarri nahi genuena. Euskal irakurleek bestelako gaiak eta bestelako moldeak ezagut ditzaten». 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA