Arberatze-Zilhekoako (Nafarroa Beherea) elizan emanen ditu bi emanaldi Anthony Kmeid Queer Falafel-ek (Limasol, Zipre, 1989). Musika, dantza eta irakurketa politikoa nahasten dituen ikusgarriak eskainiko ditu. Europako pribilegioak, Israelen kolonialismoa eta gizarte heteropatriarkalaren bortizkeriak salatuko ditu.
Festibalera jinen zara Europako ohitura zuriak hankaz gora ematera?
Europako pribilegioak salatzeko eginen ditut emanaldiak. Badakit artearen bidez ezin dudala gauza handirik aldatu edo pribilegioak hautsi, baino zera esplikatu nahi dut batez ere, munduan bonba batzuk pertsona jakin batzuen gainean erortzen direlarik eta ez bertze batzuen gainean, hori pribilegioak izatea dela, nahi ala ez.
Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko ez al da azaleko aldarrikapena egiten neurri batez?
Europan ikusten dut anitzek kufija eramaten dutela soinean eta Palestinako banderarekin ibiltzen direla karrikan. Baina konkretuki ez da hainbeste gauzatzen aldarrikapena. Errate baterako, joan den aldian ene emanaldia egitera joan nintzen antzokian Coca Cola zerbitzatzen zutela ikusi nuen.
Alegia, zaila da boikota teoriatik praktikara ekartzea?
Biziki zaila da. Nik birak egin ditut Bartzelonako antzokietan barna jendeari errateko Coca Cola ez saltzeko. Zaila da esplikatzea dena, jendea ez da ohartzen, eta gainera sistema biziki perbertsoa da. Erranen nuke geroz eta perbertsoagoa dela.
«Nagusitasun zuriaz ohartzea ezinbestekoa da Israeli boikota egiten bazaio edo Palestinaren alde borrokatzen bada»
Sistema ulertzeko gure pribilegioez ohartu behar dugu, ezta?
Zuritasunak du mundua kontrolatzen, eta zuritasunak dena egiten du mundu honetan. Erreprodukzio koloniala gertatzen ari da, eta, azkenean, ohartu behar zarete zuriak ez garenok ez dugula ahots izpirik. Nagusitasun zuriaz ohartzea ezinbestekoa da Israeli boikota egiten bazaio edo Palestinaren alde borrokatzen bada.
Hezkuntzan ere sinetsarazten digute kolonialismoa iraganekoa dela.
Nire diskurtsoetan orain ez naiz entseatzen ulertzen noiztik existitzen den hori. Azpimarratu nahi dut, hala ere, hezkuntza chauvinista dugula, non gizonak hezten diren bortxatzeko. Hezkuntza hori desegitea biziki zaila da, kasik ezinezkoa. Baina bai, hezkuntzaren bidez ere transmititzen da zurien nagusitasuna.
Hori dena salatzeko, elizan emanen dituzu bi emanaldi asteburuan.
Bikaina da niretzat eliza batean egin ahal izatea, uste dut leku aproposa dela ene ikusgarria egiteko eta esateko dudana karrikaratzeko. Oro har, badakit euskaldunak pertsona politizatuak direla. Gainera, nortasun eta populu zapaldua da eta uste dut horren harira segur aski gaitasun gehiago izanen duela jendeak emanaldiaren mezuak kausitzeko. Pribilegioak hautsi nahi badira, nork bere burua kritikatzeko eta deseraikitzeko prest egon behar du.