Murtziara egiten dut hegan. Bertan, Eduardo dago, jaialdiko zuzendaria, autoz Alberto (teknikaria) eta biok Puerto Lumbreraseraino eramango gaituena. Hasieratik gauza kontrajarriak sentiarazten dizkit. Hasteko, nire musika goraipatu egiten du, baina gero dio zortea izan dudala, Radio3-en asko jartzen nautela, beste artista batzuk baina askoz gehiago. Tarta Relena taldekoak egon zirela atzo jotzen, eta promozio asko izaten ari naizela komentatzen ibili zirela. Probokazio bat da? Ez dakit, baina konturatu naizenerako, erori naiz. «Bueno, beraiek Tiny Desk bat daukate, hori baino promozio gehiagorik…».Â
Gaizki sentitzen naiz, inbidia hutsetik atera zait hori, eta amorrutik, nola esan dezakete beraiek nik promozio handia daukadala? Itsusia iruditu zait. Baina azken finean, oraintxe ezagutu dut gizon hau, batek daki guztia asmatzen ari den.
Azaldu digu bera herri honetakoa dela, izozki-denda bat hamahiru urtez eraman zuela, eta arrakasta handia izan zuela, baina zentzua gehiago ez ziola ikusten; nekatuta omen zegoen eta itxi egin zuen. Toldoa mantendu zuen, ordea, eta lokal horretan bertan bizi da orain. Frogatzeko edo, kotxez tour bat egiten digu, toldoa ikus dezagun. Marra zuri eta horiak dauzka. Atea kristalezkoa da, eta bertan jaialdiko kartel bat dauka itsatsita.
Mallorcan yoga eta poesia jaialdi bat eramaten duela ere kontatu digu, eta baita idazleekin erretiro antolatuak ere. Guztiak omen dauka publiko handi bat, baina onartu digu idazle-enak agian arrakasta gehiegi daukala, eta agobiatzen hasia dela. Interesgarria iruditzen zait, eta oso xelebrea. Badirudi herrian irakurketa zikloak ere antolatzen dituela, haurrek liburuak maita ditzaten.
Almendra-hortxata bana erosi digu soinu-probara bidean, han oso tipikoak omen dira. Errepidea bihurgunez betea dago, mendixka lehor batean barrena, almendrondoz josia, eta Eduardok autoa, bat-batean, geratu egiten du, pikondo baten ondoan. Autotik jaitsi, piku batzuk hartu eta eskaini egiten dizkigu: horrelako ezer ez duzue probatuko inoiz!
Pentsatzen dut pasioa zer den, nola eraldatzen duen bizitza, eta kolore ugariko gizon honek bere proiektuak ziur aski grina osoz bultzatu izana arrakastaren arrazoi garrantzitsu bat izango dela; oinarrizko pribilegio batzuen laguntzaz, bai, badakigu, baina batzuetan ikusten duzu dena ez dela hori, eta argi-zirrikitu bat bezalakoa da.