Literatura

Ramon Saizarbitoriaren 'Ene Jesus' eleberri gaurkotua plazaratu du Erein argitaletxeak

Duela mende erdi argitaratu zen lehendabizikoz. 1994an Ereinek argitaratu zuen berriz, eta hirugarrenez heldu da orain. Omenaldi gisa, Joxean Muñozek eleberri horren gainean ondutako lan grafiko-artistikoa batu diote liburuari.

Joxean Muñoz eta Ramon Saizarbitoria, Donostian. GORKA RUBIO / EFE
Joxean Muñoz eta Ramon Saizarbitoria, Donostian. GORKA RUBIO / EFE
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko ekainaren 8a
17:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunero hasten delako eta Ehun metro eleberrien ostean heldu zen Ene Jesus, 1976an. Ez zuen haiek adinako oihartzunik izan, ez eta aintzatespen bera ere gerora, baina aparteko toki bat hartu du Ramon Saizarbitoria idazlearen (Donostia, 1944) zaleen artean. Garaiari lotuta justifikatu du liburuaren balioa Joxean Muñoz hitzaurrearen egileak: «Oso garbi kokatuta dago bere garaiko modernitatean. Eta bere garaiari ongi heltzen dioten horiek dira, hain zuzen, denboran irauten dutenak eta baliagarrienak ondorengo garaietan». Eta liburuaren aitzinsolasaz harago, liburuaren gaineko lan grafiko-artistiko bat ere ondu du Muñozek: Ene Jesus irudiz irakurria. Bi liburuak elkarrekin pack berean plazaratu ditu Erein argitaletxeak. Edizioa gaurkotzeko lanak, berriz, Ramon Etxezarretak eta Josu Zabaletak egin dituzte. Idazle, itzultzaile eta Saizarbitoriaren adiskide dira biak ala biak.  

Saizarbitoriaren esanetan, «amaz» mintzo da Ene Jesus: «Ama maiteaz, ama goxoaz, semearentzat onena nahi duen amaz; semearen onagatik edozer egiteko prest dagoen ama sakrifikatuaz, ama tristeaz. Mater amabilis, mater admirabilis eta baita mater terribilis ere». Era berean, aitaz: «Senar-aita gizajoa gaitz bezala nozitu duen ama; ama beti hor dagoena, aita ez bezala. Aita semper absentis, pater semper defuntus». Eta bada patu txarraz diharduen nobela bat ere, ama horren semeak ez baitu halabeharrari aurrea hartu beste ihesbiderik izango.

1976an, «bitxi», «becketiar», «moderno» edota «guztiz moderno» gisako adjektiboak jaso zituen eleberriak, eta horren gaineko azalpenak eman ditu idazleak mende erdi geroago: «Zin dagit ez dagoela itxurakeriarik, moderno izan nahirik. Kontatzeko nuena ezin nuelako beste modu batera kontatu, horregatik izan zen. Neure-neuretik sortu nuen, asko sufrituz, kontakizuna tristea zelako. Neuk asmatu nuen bidea, nahiz eta aspaldi asmatuta zegoen».

«Zailtzat» ere jo izan da liburua, nahiz eta Muñozek ez dion horren trazarik hartzen: «Giltza aurkitu behar zaio, eta ez da supermerkatuetan aurki daitekeen giltza, ez da kontsumitzekoa. Baina giltza aurkituz gero, erraz doa dena. Gogorra da, eta dauzkan zailtasunak hortik doaz, ukitzen duelako, benetakoa delako». Alde horretatik, nork bere giltza aurkitzeko «pistak» ematen saiatu dela agindu du Muñozek.

«Zin dagit ez dagoela itxurakeriarik, moderno izan nahirik. Kontatzeko nuena ezin nuelako beste modu batera kontatu, horregatik izan zen. Neuk asmatu nuen bidea, nahiz eta aspaldi asmatuta zegoen»

RAMON SAIZARBITORIA Idazlea

Adjektiboak adjektibo, gaztelaniara itzuliko ez den Saizarbitoriaren eleberri bakarra ere bada Ene Jesus: «Ilusioa egiten dit euskalduna ez den inork ez irakurtzeak». Testuinguru historiko-literarioaren ezagutza aipatu du horretarako arrazoiaren muinean: «Irakurle euskalduna gai da eleberria epaitzerakoan merezi dituen aringarri guztiak aplikatzeko». Esan du 1976an «libreago» zela idaztea: «Euskara bera ere egiteko zegoenez, ez genuen tratu txarrik emateko beldurrik, aski meritu baitzen euskaraz idaztea». Orduan argitaratzen ziren idatzi apurrak gaur egun plazaratzen den lan andanarekin alderatu ditu: «Nork pentsatuko zuen euskaraz gehiegi idaztera iritsiko ginenik. Egungo egoeran, urak zikinago daude; arrakasta nahiak, sari nazionalak, Euskadi sariak eta gainerako sari guztiek sortzen dituzten larritasunak eta lehiak ez zuten lekurik orduan». Harago ere jo du sariak hizpide hartuta: «Kutxak eta enparauek antolatutako sariketen irabazleak, Luis Mari Mujika, Patxi Ezkiaga eta abar, mespretxagarriak iruditzen zitzaizkigun. 'Sariak irabazteko, hipodromora', esaten genuen». Gaineratu du benetako idazleak ez zuela masarentzat idatzi behar, eta Umberto Eccoren irakurle kritikoa nahi zuela, «liburuaren aurrean esfortzu bat egiteko prest zegoena». Bera, zehazki, «Ibon Sarasolaren onespena lortzeko» hasi omen zen idazten.

«Sariketen irabazleak, Luis Mari Mujika, Patxi Ezkiaga eta abar, mespretxagarriak iruditzen zitzaizkigun. 'Sariak irabazteko, hipodromora', esaten genuen'»

RAMON SAIZARBITORIA Idazlea

«Fetitxe bat»

Eleberriaren eranskin artistikoa dela eta, liburua «fetitxetzat» daukalako ekin zion Muñozek horren gaineko irudiak sortzeari. Jolas bat izan omen zen hastapenean: «Pista bat aurkitu nuen paper milimetratua eta testua konbinatuta. Narratzaileak ere baduelako talka bat kodeen artean [hitzak eta zenbakiak baliatzen ditu]». Irudiak sortu ahala, koherentzia aurkitu zion Muñozek bere lan horri, eta bilduma bat osatu zuen lagunen artean banatzeko. «Edizio pribatu hori publiko bihurtu du orain Ereinek, liburuari egiten zaion omenaldi bezala». Hala, letren eta zenbakien kodeari irudiaren kodea batu zaio Ene Jesus-ek agertzen duen unibertsoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE