Aurreko saiakera guztiek behaztopa egin duten harri berean egin du behaztopa berriz ere Pablo Picassoren Gernika koadroa Euskal Herrira ekartzeko azken proposamenak. Eusko Jaurlaritzak asteartean egin zion artelana hainbat hilabetez Bilboko Guggenheim museora eramateko eskari ofiziala Espainiako Gobernuari, eta Madrilgo Reina Sofia museoko kontserbatzaileek egindako azterketa teknikoetan ez dute halakorik aholkatzen. Gaur argitaratu dute txostena, eta koadroa lekuz aldatzeak piezari kalte egin diezaiokeela azaldu dute hartan adituek.
Ikusi gehiago
Eusko Jaurlaritzak berehala eman du erantzuna. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak argudiatu duenez, Gernika Bilbora eramatea ez da «kontu tekniko soil bat», baizik eta «memoria, aitortza eta ordain kontu bat». Eta berretsi egin du koadroa Guggenheim museora bederatzi hilabetez eramateko eskaria. «Larria litzateke gobernu batek egindako eskari formalari ikerketa sakon eta serio bat egin gabe erantzutea. Koadroa denbora batez Euskadin egon ahal izan dadin bete behar liratekeen baldintzei buruzko ikerketa eskatu behar da».
«Koadroa denbora batez Euskadin egon ahal izan dadin bete behar liratekeen baldintzei buruzko ikerketa eskatu behar da»
IBONE BENGOETXEA Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea
Picassoren lanaren hauskortasuna nabarmendu dute Reina Sofiak egindako azterketan. Izan ere, txostenean bildu dutenez, orain «egonkor» dago koadroa, baina haren inguruaren «kontrol zorrotza» egiten delako da hala. Ondorioztatu dutenez, haren formatua, hura osatzen duten elementuen izaera, haren kontserbazio egoera eta urteen joan-etorrian pairatu izan dituen kalteak kontuan hartuta, «edozein bibrazio klasek» kalte egin diezaioke lanari, eta, txostenak zehazten duenez, artelana mugituz gero, «saihetsezinak» izango lirateke bibrazio horiek. Arrakalak eragin ditzakete. Pintura geruzak altxatu ditzakete. Eta oihala ere tarratatu dezakete.
Kalteen mapa
Arrazoi horiengatik berengatik baztertu izan dira artelana mugitzeko orain arteko eskari guztiak, eta arrazoi horiengatik berengatik azaldu dira Reina Sofia museoko kontserbatzaileak Eusko Jaurlaritzaren azken eskariaren kontra. Txostenak zehazten duenez, gainera, erabaki hori bera hartu zuten New Yorkeko Moma museokoek ere. 1943tik 1957ra artelanaren pintura geruza kontsolidatzeko lanak egin zituzten museo hartan, eta, AEBetan bira bat egin ostean, Madrilgo kontserbatzaileek gogoratzen dutenez, «Espainiara eraman artean», lekuz ez mugitzeko erabakia hartu zuten New Yorkeko arduradunek ere. Horregatik baztertu zuten lana Londresera edo Parisera eramatea. Eta, Madrilera eraman ostean, han izan da koadroa beti. Eskariak eskari.
Reina Sofiak 2012an ikerketa gehiago egin zizkion koadroari, eta haien berri ere eman dute orainkaleratu duten ikerketan. Kontserbatzaileek diotenez, koadroa hainbat aldiz bildu eta zabaltzearen ondorioz sortutako mikrohausturak erakusten ditu azterketa horrek, eta koadroari egindako zaharberritzeek utzitako arrastoak ere azaleratzen ditu. Kalteen mapa bat osatu dute datu horiekin guztiekin, eta, horiek kontuan hartuz, adierazi dute koadroa lekuz mugitzea ez dela «inolaz ere gomendagarria».