Picassoren 'Gernika' aldi baterako Guggenheimera ekartzeko eskatu dio Jaurlaritzak Madrili

Zehazki, artelana aurtengo urritik datorren urteko ekainera lekualdatzea galdegin dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak adierazi du «Euskal Herriarentzat duintasun eta erreparazio keinua» izango litzatekeela.

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera, gaur, Madrilen. IREKIA
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko bilera, gaur, Madrilen. IREKIA
itziar ugarte irizar
2026ko martxoaren 24a
19:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta lehendakariorde Ibone Bengoetxea Ernest Urtasun Espainiako Gobernuko Kultura ministroarekin batzartu da gaur, Madrilen, eta, hitz egindako gaien artean, eskaera zehatz bat helarazi dio: Pablo Picassoren Gernika koadroa Bilboko Guggenheim museora lekualdatzea aldi baterako. Zehazki, bederatzi hilabeterako nahi luke koadroa Bilbon Jaurlaritzak: aurtengo urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era. Bengoetxeak adierazi duenez, «Euskal Herriarentzat esanahi historiko, sinboliko eta emozional sakona» izango luke keinu horrek, eta «duintasun eta erreparazio keinu bat» ere izango litzateke.

Imanol Pradales lehendakariak aurrez ere egina zion eskaera hori Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi, baina zehaztasun handiagoz heldu dio gaur berriro eskaerari Bengoetxeak. Gernikako bonbardaketaren 90. urtemugaren testuinguruan kokatu du, gainera, eta Gernika lekualdatzeak «memoria historikoa indartzen eta demokraziaren, askatasunaren eta bizikidetzaren aldeko mezu argia zabaltzen» lagunduko lukeela nabarmendu du. 

Madrilgo iturriek oraingoz ez dute ezer adierazi Jaurlaritzaren eskaeraren inguruan. Gernika lekualdatzearena ez da bakarra izan. Arteari aplikatutako BEZa berrikustea, Artistaren Estatutuarekin aurrera egitea eta Sestaoko Labe Garaia industria ondarearen erreferente gisa sendotzea ere galdegin dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!