Zinema

Ricardo Darin aktorea izango da Donostiako Zinemaldiko kartel ofizialeko protagonista

Ohiko gonbidatua da Darin Zinemaldian; 2017an Donostia saria eman zioten, bere ibilbidearen aitortza gisa. Rebordinosen eta Belokiren lehen agerraldi publikoa izan da zuzendari aldaketa iragarri zutenetik.

Maialen Beloki eta Jose Luis Rebordinos, Ricardo Darin protagonista duen kartela erdian dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maialen Beloki eta Jose Luis Rebordinos, Ricardo Darin protagonista duen kartela erdian dutela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko ekainaren 3a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostia ezaguna du Ricardo Darinek (Buenos Aires, 1957), baita Zinemaldia ere. Azken hogei urteotan makina bat aldiz izan da jaialdian, eta, gainera, bisita horietako batzuetan eskuak beteta itzuli da etxera: 2015ean, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, Truman filmean (Cesc Gay) egindako lanarengatik —ex aequo jaso zuen aitortza Javier Camararekin—, eta, handik bi urtera, 2017an, Donostia saria jasotzeko itzuli zen hirira. Orain, bada, Zinemaldiak beste aitortza bat egin nahi izan dio aktoreari, aurtengo kartel ofizialeko irudia izango baita.

Txikitatik gertu izan du aktore mundua Darinek. Izan ere, aktoreak zituen bai ama, Renee Roxana, bai aita, Ricardo Andres Darin; zineman eta telebistan egiten zuten lan. Gurasoekin batera jokatu zuen bere lehen rola, antzerkian, 10 urte besterik ez zuela. 15 urterekin egin zuen debuta pantaila handian, He nacido en la Ribera filmerako (Catrano Catrani, 1972) egindako pertsonaia txiki batekin. Handik urte batzuetara hasi zen sona lortzen Argentinan, 1980ko hamarkadan zehazki, Estrellita mía eta Rebelde telesailetan izan zuen parte hartzearengatik.

Eta 2000ko hamarkadan egin zuen salto nazioartera, Nueve Reinas pelikulari esker (Fabian Bielinsky, 2000). Marcos izeneko lapur baten rola jokatzen du bertan Darinek, eta, bere kide Juanekin batera, iruzurrak egiten ditu. Juan Jose Campanella zuzendari eta gidoilari argentinarrarekin hainbatetan egin du lan, eta proiektu horietako batzuk ere saritu izan dituzte: El secreto de sus ojos filmak (2009), adibidez, nazioarteko film onenaren Oscar saria jaso zuen; gainera, Darinek Goya sarietarako izendapen bat ere lortu zuen, gizonezko aktore onenaren kategorian.

Darinek zinema eta antzerkia uztartu izan ditu urte luzez, eta, 2015etik aurrera, zineman eta telesailetan egin izan du lan batez ere. Garaikurrak eta izendapenak irabazten segitu du ordutik; tartean, Truman filmean egindako lanagatik jasotakoak.

Profesionalak ardatz

Aurten ere Donostiako Wallijai estudioak izan du jaialdiko kartelak egiteko ardura, eta Jose Angel Peña estudioko kideak azaldu ditu haien nondik norakoak. Haren hitzetan, filmak egiten dituzten pertsonei egin nahi izan diete erreferentzia: Perlak saileko kartelean, ikus-entzunezkoen muntaketan aritzen direnei; Zinemirakoan, efektu berezien atalekoei; Zabaltegi-Tabakalera sailekoan, argazki zuzendariei... Estudioko kideak gehitu du beren lan egiteko modua aldatu egin dutela aurten kartelak sortzeko: «Gu oso digitalak gara, eta oraingoan eskuz egin dugu lan asko».

Kartel ofizialari dagokionez, Peñak kontatu du Darinen irudiak indar handia daukala bere horretan, baina buelta bat eman nahi izan diotela. Sebastian Arpesella argazkilari eta musikariaren argazki bat izan dute oinarri, eta collage formatua erabili dute Wallijaikoek: «Oso aktore polifazetikoa da, eta horri egin nahi izan diogu erreferentzia, baita haren ibilbideari ere».

Lehen agerraldia

«Kartelak aurkeztuko ditudan azken aldia da», adierazi du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko egungo zuzendariak. Izan ere, aurtengoa izango du azken festibala zuzendari gisa, Maialen Belokik hartuko baitio lekukoa —gaur-gaurkoz zuzendariordea da—. Rebordinosen hitzetan, Belokik ongi ezagutzen du Zinemaldia, baita bertako lantaldea ere, hamasei urte daramatza-eta bertan lanean. «Ez dut zalantzarik Maialenek ideia berriak ekarriko dituela».

Hain zuzen, gaurkoa izan da zuzendari berriaren izendapena jakinarazi ostean egin duten lehen agerraldi publikoa. Eta Belokik ere hartu du hitza, bere asmoen berri emateko: «Helburua ez da orain arteko Zinemaldiarekin erabat haustea, hura eguneratzea eta gaztetzea baizik». Gaineratu du talentu berriei lekua egiteko konpromisoa bultzatzen jarraitu nahi duela, zinema proposamenen eskaintza aberatsari eutsita. Halaber, garrantzia eman dio Zinemaldiak urte osoan duen eskaintzari ere; aipatu duenez, iraileko jaialdiaz gain, beste zenbait jarduera ere egiten baitituzte. «Munduan ez dago beste jaialdirik horrelako proposamenik duenik».

«Gu gara aurpegi ezagunak, baina atzetik lantalde handia dago. Taldeak egiten du festibala»

MAIALEN BELOKI Zinemaldiko zuzendariordea

Zuzendaritza aldaketari dagokionez, lasai agertu dira bai Beloki eta bai Rebordinos. «Ongi ezagutzen dugu elkar», azaldu du bigarrenak. Belokik aitortu du lasaitasuna ematen diola Zinemaldiko lantaldea aspalditik ezagutzeak: «Gu gara aurpegi ezagunak, baina atzetik lantalde handia dago. Taldeak egiten du festibala». Oraindik urtebete izango du ardura berriari heltzeko, eta trantsizio epe hori izatea eskertu du. Gaineratu duenez, aurtengoari begira dago oraingoz, nahiz eta datorren urtean 75. Zinemaldia izango den, eta urteurreneko ospakizunak pentsatzen hasiak diren. «Zuhurra naiz», azaldu du.

Kartelak aurkezteko aurreko urteetan egindako agerraldietan, zenbaitetan Donostia saria nork jasoko duen ere iragarri izan du jaialdiak. Ez da halakorik izan oraingoan, baina zera aurreratu du Rebordinosek: «Gaur goizaldeko ordu batean mezu bat jaso dut Donostia sarietako baten baieztapenarekin». Hala ere, dena lotuta eduki arte xehetasunik ez dutela emango gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE