Pixkanaka luzatuz doa aurtengo Donostiako Zinemaldiaren gonbidatuen zerrenda. Antolakuntzak atzo jakinarazi zuen Brad Pitt aktorea Heart of the Beast filma aurkezten izango dela Donostian, eta beste aktore baten izena eman du gaur: Ricardo Darinena. Ekainean iragarri zuten Darin izango dela aurtengo karteleko protagonista, eta, Zinemaldiaren irudia izateaz gain, hirian bertan ere egongo da.
Hernan Goldfridek zuzendutako Lo dejamos acá filmeko protagonistetako bat da Darin, eta lan horixe aurkeztuko du aurtengo jaialdian. Bestelako Jarduerak sailean proiektatuko dute filma. Darinek psikoanalista baten rola jokatzen du filmean; psikologiaren ohiko metodoen fedea galdu, eta beste bide batzuen bila hasiko da. Lan egiteko modu berriak emango dio fruiturik, harik eta sormen blokeoa duen idazle bat (Diego Peretti) kontsultara iristen den arte. Zinemaldian izan ostean, Netflixen estreinatuko dute lana, urriaren 16an.
Darin aurretik ere egon izan da Zinemaldian, eta saritu ere egin izan dute jaialdian: Zilarrezko Maskorra erdietsi zuen 2015ean, Truman filmean egindako lanarengatik, eta Donostia saria eman zioten 2017an, bere ibilbidearen aitortza gisa.
Etxearen gaia erdigunean
Aurten, lehen aldiz, Zinemaldia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin aritu da elkarlanean, Zinema eta Etxebizitza zikloa antolatzeko. Gaur egun etxearen auziaren egoera ikusita, gaia zinemaren bitartez lantzea erabaki dute, horrela gazteengana iristeko. Gaztelagun programa ezagutzera ematea da asmoa, zeinak zuzeneko laguntzak ematen dituen alokairua ordaintzeko. «Gaztelagun gazteak dauden guneetara hurbildu nahi dugu, baita elkarrizketa, kultura, eztabaida eta pentsamendu kritikoa sustatzen diren guneetara ere», adierazi du Denis Itxasok, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, Zinemaldiak zabaldutako oharrean.
Lau film emango dituzte ziklo horretan; irailaren 22tik 25era bitarte izango dira saioak, Trueba zineman. Filmetako hiru iragarri dituzte oraingoz, eta laugarrenaren berri aurki emango dutela zehaztu dute. Lehen proiekzioan, Cinco metros cuadrados izango da ikusgai. Max Lemcke zuzendariaren lanak etxea erosi berri duen bikote gazte baten istorioa du ardatz. Irailaren 24an ere emango dute.
El pisito, berriz, 1958ko film bat da, eta umorez jorratzen du etxearen gaia; irailaren 24an ikusi ahal izango da. Bong Joon-ho Hego Koreako zuzendariaren Gisaengchung / Parasite filmak itxiko du zikloa, irailaren 25ean. Ki-taek da filmeko protagonista; bera zein bere etxeko kide guztiak langabezian daude, eta lan bila hasiko da. Halako batean, Park familia aberatsean ingeles eskolak emateko aukera suertatuko zaio, eta horrek zeharo aldatuko du bizimodua.