Leialtasuna, adorea eta txakur baten eta bere jabearen arteko lotura. Horien bueltan eraiki du David Ayer (Champaign, Illinois, AEB, 1968) zinemagileak bere azken thrillerra: Heart of the Beast (2026). Brad Pitt aktore estatubatuarra du protagonista pelikulak, eta Donostiako 74. Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartuko du, lehiaz kanpo. Horrenbestez, dagoeneko iragarri dute saila osatuko duten filmen zerrenda osoa.
Abenturazko thrillerrak Armadako Indar Berezietatik erretiratutako ofizial ohi baten istorioa kontatzen du. Hegazkin istripu baten ondoren, James Belmont (Brad Pitt) ofizial ohia eta Odin bere gerra txakurra Alaskan harrapatuta geratuko dira. Bi izakiek bizirauteko borrokatu beharko dute. Protagonistaz gain, J.K. Simmons eta Anna Lambe aktoreek ere parte hartu dute ikus-entzunezkoan.
Ayer zuzendari, gidoigile eta ekoizlea 2005ean hasi zen zuzendari lanetan, Oscar sarietarako izendatutako U-571 (Jonathan Mostow, 2000) eta Training Day (Antoine Fuqua, 2001) filmen gidoiak idatzi ondoren. Dagoeneko hogei urte baino gehiago daramatza thrillerrak eta drama poliziakoak egiten; hala nola, End of Watch (2012), Fury (2014) eta The Beekeeper (2024).
Aurtengo aldian, Pitt Donostian izango da Ayerrekin batera. Aktorea 2009an izan zen azken aldiz jaialdian, Inglorious Basterds pelikula zela eta egindako bisitan. Film hura Perlak sailean aurkeztu zuen, Quentin Tarantino zuzendariarekin batera.
Hamazazpi lan lehian
Guztira, 25 filmek osatuko dute Sail Ofiziala: horietatik hamazazpi lehian izango dira, beste hiru lehiaz kanpo emango dituzte, eta beste bost emanaldi berezi gisa proiektatuko dituzte. Lehiaketaren barruan dagoen Fatih Akinen Geister filmak irekiko du saila, eta Michael R. Roskamen Le Faux Soir lanak itxiko du —azken hori lehiaketaz kanpo emango dute—.
Euskarazko bi film ere emango dituzte aurten Sail Ofizialean: Koldo Almandozen Azken agurra, eta David Perez Sañudoren Sacamantecas. Biak emanaldi berezietako filmak izango dira.
Lehian izango diren lanen artean daude, besteak beste, Nicole Garciaren 7:40 ce matin-la, Mikel Gurrearen Sants, Maha Haradaren Muyou no hito, Amanda Kernellen Garrat du vaimmu, Pablo Larrainen Mis muertos tristes eta Mike Leighen Tender Loving Care.
Erlazionatuta