Kantuak sortzeko manerak ez dira berdinak izan aldiro, baina, nolabait, prozesu guztiek ezaugarri komun izan dute absentzia bat: estropezu handirik gabe egin dute aurrera oholtzaraino. Ideia bat aski ona ez dela irudituz gero, Mirotz taldeko kideek erreparorik gabe baztertzen dituzte abesti proiektuak, baina ez dira beren buruei zangotrabaka ibiltzen direnetakoak. Halakorik ez. «Ez gara oso eskisitoak. Ondo ematen digu belarrira? Aurrera orduan», aitortu du Aritz Ibabe kideak. Eta, aldi berean, diote ez direla «hain onak ere», diote ez dakitela euskal eszenan halako ekarpenik egiteko kapaz ote diren ere, behinik behin «musikalki». Kontua da dagoeneko badabiltzala horretan, indie, pop, post-punk doinuak eta bateria bizia lagun. Ekida arte egitasmo sozialistaren ekimenez ondutako Bigarrenez Aresti albumean parte hartu zutenean argitaratu zuten beren lehenbiziko kantua, iragan udaberrian, eta beren lehenbiziko EPa plazaratu dute orain: Lore bat landatzeko.
Bost kantu bildu dituzte albumean, eta sorterrian taularatuko dituzte bai gaur eta bai bihar, Gasteizen. Gaur gaztetxean ariko dira, eta bihar, Jimmy Jazz aretoan. Edonola ere, aurrez ere oholtzaratu dituzte beren kantuak: hirukoteak haiek sortu ahala jo baititu zuzenekoetan. Aritz Ibabek eta Julen Ziarrustak jartzen diete ahotsa. Gainera, gitarra jotzen du lehenbizikoak, baxua bigarrenak, eta Markel Ibabe aritzen da bateriarekin.
Entzuteko maite duten musikaren isla da Lore bat landatzeko diskoan jaso duten uzta, funtsean. Eta, hortaz, ezinbestean, erreferentetzat dauzkaten musikarien eraginik ere suma liteke orain sareratutako bost kantuetan. Boteprontoan, Borla, Tatxers, Txopet eta J Martina taldeak bururatu zaizkie Aritz Ibabe eta Ziarrustari adibide gisara, baina, nabarmendu dutenez, kideek begiz jota dauzkaten ereduetan bada kontrasterik ere. «Anaiak [Markel Ibabek] beste erreferente batzuk ditu: metala, hardcorea... Slipknot eta Berri Txarrak izan litezke, adibidez, eta Mirotzen horregatik ere ateratzen zaigu ateratzen zaiguna».
Pop aireko gitarra eta baxu melodikoen eta bateria gogorraren bat egitea dute emaitza, gutxi-asko.
Azkenerako, hitzak
Gehienetan, Aritz eta Markel Ibaberen etxean pizten da kantu batek sortzeko behar duen lehenbiziko txinparta. «Etxean badugu gitarra bat, eta, batzuetan, anaiari edo niri bururatzen zaigu riff bat, eta entseguetara eramaten dugu gero, edo audio bat bidaltzen dugu Whatsappez», azaldu du gitarristak. Ordena are eta gehiago zehaztea ere badu: «Riff bat edo errepika baterako melodia etxetik, gero baxua, eta ondoren bateria». Kideek nabarmendu dutenez, hori bai, lehenbiziko urrats horietan guztietan inoiz ez da izaten hitzik idatzita. Existitzen ez den hizkuntza bateko silaba segida bat ez besterik.
Gerora, baina, hitzak heltzen dira bidera, eta lanbroago batzuetan, esplizituago beste inoiz, errealitatearen argazki griskara bat bistaratzen dute kantuetan, oro har. Esaterako, EPa irekitzen duen Urtarrilan kantuan zein hari atzetik datorkion Ilunsentiari abestian, bietan mintzo dira hiriaz. «Ezin bizi hiri belearen hitz kondenatu horietan», diote aurrenekoan, adibidez. Ziarrustaren arabera, hiria dute aipagai askotan, baina hori bera gizarteaz mintzatzeko bide zaielako egiten dute batez ere. «Naturala zaigu konparazioa, baita ordenamenduari buruz hitz egiteko ere: gauzak nola dauden, horrela azaltzen zaizu hiria begien aurrera. Eta, gainera, igual bada modu bat panfletorik egin gabe kontatzeko nola dagoen gobernatuta sistema».
Hain zuzen, bizi duten garaiari eta agintean den ordenari buruzko kritika egin nahia antzematen da albumean. Eta alderdi materialei buruzko gabeziak ere azaleratu dituzte horretarako, zeharka. «Su etena eskatu duen eguzkiak ez du gogoratzen,/ utzi ditu hiriak hotz ta ostadarra pizten dituen horrek/ [...]/ Iluntzear da, etxea ez da bero./ Besarka nazazu ama», diote hain justu ere Ilunsentiari-n, eta, Ziarrustak nabarmendu duenez, «miseria» bistaratu asmo du Oihu bat kantak, bestalde. «Azaltzen du zer egiten duen klase zapaltzaileak, zer Poliziak, haren biolentziak». Kantu hori da guztien artean narratiboena, eta, kideek aitortu dutenez, Vulk taldearen kantu bat entzun eta haren tankerako zerbait egin nahiak abiarazi zuen konposaketa. «Gero ez da inolaz ere horrelakorik ateratzen, baina zerbait nola egin litekeen pentsatze hutsak eragin dezake zerbait sortzea». Imitazioa ere badute ikasbide.
Zaintzari buruzko gogoetak dakartza Zuretzat kantuak, eta maiteminarekin lotutako mezuak daude iradokita EPa ixten duen Amildegian-en —hori da pop formula ohikoari gehien segitzen dion abestia, hain justu—. Abesti guztien grabaketa eta nahasketarako Garikoitz Ortiz de Villalba eta Unai Ortiz de Zarate izan dituzte lagun, eta masterizazioa Bilboko Euridia estudioan egin dute.
Gaztearen ahoa eta etxea
Lehenago atera zen argitara, baina EParen labealdi berean grabatu zuten Ekida arte egitasmo sozialistak bultzatutzako Bigarrenez Aresti. Etorkizunaren aurrean albumerako sortutako Gaztearen ahoa abestia ere. Zehazki, Gabriel Arestiren Gizonaren ahoa olerkia (Harri eta herri, 1964) oinarri hartuta sortu zuten hura: hari pop abesti baten egitura emanez eta gizon hitzaren ordez gazte erabilita osatu zuten, besteak beste.
Hori ere taularatuko dute gaur, non eta Gasteizko gaztetxean emanen duten kontzertuan. Taldekideek iradoki gisara, zentzua du EParen aurkezpen bira bertan abiatzeak, gaztetxeetan aritzea baitute mugarri nagusi. «Guretzat, gaztetxeak dira the place to be [egon beharreko tokia]», nabarmendu du Ziarrustak. Horrelako espazioek betetzen duten funtzio politiko eta kulturalean egin du azpimarra. «Batetik, gaztetxeak dira inguruko musikara sarbidea izateko modurik errazena, askotan dirua ekuazioan sartu beharrik gabe ere, edo behintzat funtzionatzen dutenak jakinda dirua izango dela musikariek gasolina ordaindu dezaten, eta ez ez-dakit-zein aretotako tipo batek dirua irabazteko. Bestetik, faxismoaren gorakada betean, gaztetxeak badira beste koordenatu batzuetan kokatuta dauden eta faxismoaren kontrako murru bat eraiki dezaketen proiektu batzuk». Horietan egin nahi du ekarpena Mirotzek. Horietan loratu landatu dutena.
 
     
    