Rock doinuez haragoko estiloak, aurtengo Andoaingo Rock Jaialdian

Larunbatean, nazioarteko eta bertako musika taldeek hartuko dituzte Andoaingo plazak, eguerditik hasi eta iluntzera bitarte. Arratsaldean, Exnovios, Paco Te Quiero, Lezard, Las Petunias, Silitia eta Maruja taldeak ariko dira, Nafarroa plazan.

The Iiingles musika taldearen irudi bat. MANU SOLIAN
The Iiingles musika taldearen irudi bat. MANU SOLIAN
Odile Bourguignon Goñi
2026ko ekainaren 12a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familia baten istorioa dago Andoaingo Rock Jaialdiaren atzean. Marcos Garciaren gurasoek duela 36 urte ireki zuten Irungo (Gipuzkoa) Bloody Mary disko denda. Eta duela 18 urte hasi ziren Andoaingo Rock Jaialdia antolatzen, Andoaingo Udalarekin (Gipuzkoa) elkarlanean. Geroztik, jo eta su aritu dira nazioarteko eta Euskal Herriko musika taldeei leku egiten, eta duela lau urte hasi zen semea ere gurasoekin batera jaialdia antolatzen: «Familiak osatzen du lantaldea, eta elkarrekin erabakitzen dugu zer talde kontratatu». Aurten, nazioarteko lau talde eta Euskal Herriko bost arituko dira oholtza gainean. 

Baina jaialdiak izenburutzat musika estilo bat badarama ere, antolatzaileek askotariko musikaren aldeko apustua egiten dute urtez urte. «Hautatu ditugun musika talde guztietan gitarrak oso presente daude, baina musika estilo guztien alde egiten dugu», ziurtatu du Garciak. Adibidez, Bilboko Silitia laukoteak brioche pop gisa definitzen du bere musika, eta, aldi berean, «punky, funky, elektro, euskal folk» abestiak egiten dituztela esan izan du. Dena den, taldekideek etengabe «eboluzionatu» nahi dute, eta orain arte egindakoaren emaitza aurkeztuko dute larunbatean, 23:00etan: Mirari orok tapatzen zauria diskoa. Garciak egungo Euskal Herriko musikaren panoramako talde onenen artean kokatu du Silitia: «Onenak dira, Ezezezekin eta Nakarrekin batera. Garai oso onean da euskal musika». 

Silitia taldearen 'I love Silitia' abestiaren bideoklipa. 

«Talde berriei eszenatoki bat ematea gustatzen zaigu; are gehiago taldearen lehen kontzertua bada. Horixe da antolatzaile moduan gure helburu nagusia: hasi berriak direnei jaialdian jotzeko aukera ematea», adierazi du Garciak. Aurten, Euskal Herriko hiru taldek izango dute Andoaingo Rock Jaialdian beren lehen lana aurkezteko aukera: The Iiingles, Katiuskak eta Barrrk taldeek. Azkeneko hori Gaztea Maketa Lehiaketaren azken aldiaren finalean sailkatu zen Sugegorri EParekin, eta erritmo gogor eta biziak lantzen ditu. Taldekideak Bilbo, Laudio (Bizkaia), Oronoz (Nafarroa) eta Malagakoak (Espainia) dira, eta, larunbatean Andoainen izateaz gain, kontzertua dute BBK Liven, uztailaren 11n. 

The Iiingles lagun talde batek sortu zuen orain sei urte, Hondarribian (Gipuzkoa). Helburu bakarra zuten: haien talde gustukoenen abestiak jotzea. Horien artean zeuden The Cranberries, Angela Aguilar, Bikini Kill eta Zea Mays, baina aurten beste pauso bat eman, eta taldeak iragarri du bere lehen lana argitaratuko duela. Rock doinuak dituzte oinarrian, baina pop-rocka, post-punka eta 60ko hamarkadako psikodelia ere entzun daitezke taldearen abestietan. Sei emakumek osatzen dute The Iiingles, eta, hain zuzen, musikaren bidez emakumeen presentziaren aldeko aldarria egiten dute. Haiek hasiko dute larunbateko jaialdia, 12:00etan, Zumea plazan. 

Maruja taldearen 'Saoirse' abestiaren bideoklipa.

Maruja musika talde britainiarrak post-punka, jazz-rocka eta noise-rocka uztartzen ditu, erroa rap estiloan duten hitz gordin eta zuzenekin batera. Abestietan gitarra, saxoa eta baxua gailentzen dira, eta horrek lagundu du Maruja Erresuma Batuko talderik «karismatikoenen» zerrendan kokatzen azken urteotan. «Lau musika genero oso desberdin nahasten dituzte: jazza, punka, rapa eta noise-rocka. Baina oso modu berezian egiten dutenez, kristoren zuzenekoa lortzen dute», esan du Garciak. Gainera, taldeak ospe izugarria lortu du nazioartean; izan ere, iazko irailean Pain to Power beren lehen diskoa kaleratuz geroztik mundu bira bete-betean dago, eta, tartean, Andoainen egingo du geldialdia, 00:15ean, Nafarroa plazan. 

Ziurtasun osoz definitu du jaialdiaren antolatzaileak Las Petunias hirukote espainiarra: «Zoragarriak dira». Hirukoteak «punk cute bat» egiten duela dio, baina polit izateagatik ere ez zaio punka falta. Taldekideek plano berean jartzen dituzte punk-rockak berezko duen amorrua eta pop-rock estiloaren melodiak. Gainera, ez dute «zaurgarri edo lotsagarri» agertzeko erreparorik. Hala frogatu zuten Creo que soy de porcelana 2024ko abenduan argitaratutako lehen LPan, eta, geroztik, han eta hemen aritu dira antsietateari buruz, maitasunari buruz eta gaztetasunari buruz kantatzen, «barru-barruko hitzak eta neurrigabeko energia» oinarri. 

Kataluniatik dator Paco Te Quiero. Taldeak istorio berezia du atzean: Bartzelonako zinema eskolako bost lagunek esperimentu bezala sortu zuten taldea. Gaur egun sei dira, eta esperimentu gisa hasi zutena milaka entzule lortu dituen musika talde bilakatu da. Dream popa, 90eko indie estiloa, shoegazea eta beste lantzen dituzte, pop alternatiboaren zirrikitu guztiak arakatuz. 

Emanaldiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE