Bahia Mahmud Awah (Tiris, Mendebaldeko Sahara, 1960) dromedario baten gainean jaio zen. Haima batean ikasi zuen idazten, egurrezko ohol baten gainean, amaren eskutik, eta bere lehen liburua hari eskaini zion: La maestra que me enseñó en una tabla de madera (Egurrezko ohol batean erakutsi zidan andereñoa). Gerora beste liburu batzuk idatzi ditu bere herriaren kultura, memoria eta poesia ardatz hartuta; tartean, El sueño de volver (Itzultzeko ametsa), eta Tiris, rutas literarias (Tiris, ibilbide literarioak). Idazleak Madrilgo Unibertsitate Autonomoan egin du hitzordua BERRIArekin. Hantxe amaitu berri du poeta ere izan zen bere osaba zaharraren inguruko antropologia tesia.
Dromedario baten gainean jaio zinela kontatzen duzu beti...
Aita administrazio kolonialaren kapitain baten laguntzailea zen, Auserden [Mendebaldeko Sahara]. Amaren familia, berriz, nomada zen. Amak sendiarekin pasatu zuen haurdunaldia, eta dromedarioaren zelan bota zituen urak. Amonak eta haren nebak dromedarioa hondartu zuten, makurtu, baina ordurako jaioa nintzen. Gleibat Ihiyak izeneko muinoetan ezarri zuten kanpalekua berrogei egunez. Gero, zeharkaldiari ekin zioten. Dromedario hura zen aitonak nire amari ezkondutakoan oparitu ziona. Oso kuttun ditut animalia horiek. Txikia nintzenean, dromedarioak hazten nituen, eta izugarri gustatzen zitzaidan laztantzea; horren leuna da haien ilea, belusa ematen du, kotoia... Idazlea ez banintz, nomada nintzateke. Saharako askapen mugimenduak egin nau idazle; bestela, dromedario bilatzailea nintzateke, deyar bat.
Tirisen bihotzean jaiota, ezinbestean izan behar zenuen poeta...
Poeten lurraldea da Tiris. Julio Caro Barojak berak idatzi zuen nomaden arabera lurraldeko eremurik ederrena dela, eta poetek gehien kantatu eta goraipatu dutena. Hitzerako zaletasuna daukagu, naturaz hitz egiteko zaletasuna. Amaren familia nomadan erudituak zeuden, artistak, poetak, baita kolonialismoaren kontrako gerrillariak ere. Gure kulturan, ahozkotasunak garrantzi handia dauka, eta baita poesiak ere. 7-8 urterekin, milaka eta milaka bertso nekizkien hassaniaz. Gurasoek Radio Nouakchott entzunez gosaltzen zuten. Goizaldean, poesiari eta musikari buruzko saio bat ematen zuten. Habitat hartan hazi nintzen. Ama bera poeta zen; oso emakume jakintsua. Hari esker naiz naizena.
Hari eskaini zenion lehen liburua.
2008an idatzi nuen liburua. Letrak marrazten zituen egurrezko oholean, ikas nezan. Nire oroitzapenik preziatuenetako bat da nire amak bere liburuak eta eskuizkribuak gordetzeko zuen kutxa urdina. Amak sakratuak balira bezala hartzen zituen liburuak. Nik errespetu handia nion amaren kutxa urdinari. Exodoan erbestera eraman zuen, Tindufera [Aljeria]. Auserdeko gure etxeko giltzak gordetzen zituen han. Gerrak etxea suntsitu zuen, baina berak giltzak gordetzen jarraitu zuen, palestinarrek egin zuten bezala.
«Gure kulturan, ahozkotasunak garrantzi handia dauka, eta baita poesiak ere. 7-8 urterekin, milaka eta milaka bertso nekizkien hassaniaz»
15 urte baino ez zenituen okupazioaren garaian. Nola gogoratzen duzu exodoa, zuen Nakba?
Auserden bizi ginela piztu zen gerra. Ama askapen mugimenduan sartuta zegoen, nebarekin eta nire arreba zaharrenarekin. Aita ez zegoenean, gure etxean bilerak egiten zituzten, klandestinitatean. 1975eko azaroko goiz batez, eskolara iritsi nintzenean ate guztiak irekita zeuden, eta liburuak lurrean botata. BH bizikleta hartu, eta lagun batzuekin topatu nintzen. Kuartelera joan ginen, eta han ere dena zegoen hankaz gora. Fronte Polisarioaren ikurrak ikusten genituen batzuetan muinoetan, goizaldean, baina inork ez zigun ezer azaldu. Goiz hartan ikusi nituen lehen aldiz gerrillariak. Kuartelean ikurra paratu zuten. Handik gutxira ebakuatu gintuzten kanpoaldean zegoen kanpamentu batera. Gauez borroken hotsak entzuten genituen. Mauritaniako armada aurrera egiten ari zen. Amak fardel txiki bat prestatu zidan, arroparekin eta pospoloekin, eta lagun batekin beste kanpamentu batera abiatu nintzen. Gero, bakarrik jarraitu nuen. Fronte Polisarioko jeep batean iritsi nintzen Um Draigara. Marokok napalm eta fosforo zuriarekin egindako bonbardaketen lekuko izan nintzen han. Gero, Bir Lehlu eta Tifaritira joan ginen, eta handik Aljeriara. 1976ko martxoaren 11n iritsi ginen 75. puntu geodesikoaren lautadara. Ilargi Gorriak janaria eman zigun.
«Beti esaten dut askapen mugimenduaren meritua zera dela: kolonialismoaren garaian analfabetoa zen biztanleria hezi izana. Iraultza bat izan da»
Errefuxiatuen kanpalekuak sortu ziren orduan.
Hasieran hondarrean zulatutako kobazuloetan babestu ginen, Rabunin [Aljeria]. Gero, kanpalekuak eraikitzen hasi ziren. Familiarik gabeko gerrako haurrak barnetegi batera eraman gintuzten, iparraldera. Gero, Kubara joateko beka bat eman zidaten.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Beti esaten dut askapen mugimenduaren meritua zera dela: kolonialismoaren garaian analfabetoa zen biztanleria hezi izana. Iraultza bat izan da. Kubakoa oso garai inportantea izan zen nire bizitzan. Sei urte eman nituen Habanan. Han, mundu osoko ikasleekin elkartu ginen: Hegoafrika, Mozambike, Namibia, Ginea Bissau, Cabo Verde, Yemen, Nikaragua, Txile, Uruguai... Mugimendu antikolonialak ezagutu nituen, eta arrasto sakona utzi zidan etapa hark; nire bizi eskola izan zen.
Eta Habanatik kanpamentuetara berriz...
86an itzuli nintzen, gerra bete-betean. Orduan piztu zitzaidan gure kulturaren eta gure poesiaren inguruko zaletasuna. Saharako Irrati Nazionalean hasi nintzen lanean. Poetak eta erudituak elkarrizketatzen nituen. 1999an, Iñaki Gabilondo etorri zen. Ser Irratian praktikak egiteko gonbita egin zidan. Madrileko Gran Viako 32. zenbakira joan nintzen orduan. El sueño de volver liburuan kontatzen dut pasadizo hura.
Erbestean hasi zinen idazten...
Bai. Ordurako poesia idatzia nuen, baina erbesteak egin ninduen idazle. Idatzi dudan literatura guztia erbesteratuaren sentimendutik dator. Madrilera etorri izan ez banintz, akaso bizitzak beste bide batzuetatik eramango ninduen, akaso basamortuan hilko nintzen artalde galdu baten bila. Hitza politika egiteko arma bat zela ohartu nintzen, erresistentzia egiteko modu bat. Orduan, Madrilen bizi ginen poeta eta idazle sahararrak elkartzeko beharra sentitu nuen.

Generacion de la Amistad taldea sortu zenuten: Adiskidetasunaren Belaunaldia.
Hala da. Talde hori sortzeko, funtsezkoa izan zen Ali Salem Iselmu, gaur egun Euskal Herrian bizi den idazle bat. 2005eko uztailaren 9an jaio zen taldea. Lorca eta Albertiren Adiskidetasunaren belaunaldi klasikoari egin nahi izan genion keinua izenarekin, haiek ere gerran fusilatutako poetak eta idazleak baitziren, erbestera jo behar izan zutenak. Gabriel Celaya euskal poetaren poesia bat hartu genuen lelotzat: Poesia etorkizunez betetako arma bat da. Mundu osoan izan gara gure kulturari eta gure kausari buruz hitzaldiak ematen. Franz Fanonek zioen bezala, belaunaldi bakoitzak, bere opakutasun erlatiboan, bere misioa aurkitu behar du, eta hura bete edo hari traizio egin, eta guk ez diogu gure herriari traiziorik egingo. Borroka honetan jarraitzen dugu. Nire poema batean, Saharar izateko nire arrazoia izenekoan, sahararra izatea nire existentzia dela diot.
«Bibliografia kolonialaren arabera, Mendebaldeko Saharan ez zegoen ezer: elkarren aurka borrokatzen ziren tribu batzuk baino ez, bidelapurrak, karabanei erasotzen zietenak... Baina errealitatea bestelakoa zen»
Idaztea ekintza politikoa ere bada. Estructura político organizativa del estado saharaui precolonial liburua idatzi zenuen (Koloniaurreko estatu sahararraren egitura politiko antolatzailea). Kontakizun ofiziala desegin duzu.
Mendebaldeko potentziek euren politika kolonialaren araberako kontakizun bat eratu zuten. «Afrikar kontinentea zibilizatzera etorri gara basatiak direlako». Premisa horretan oinarritu dira. Bibliografia kolonialaren arabera, Mendebaldeko Saharan ez zegoen ezer: elkarren aurka borrokatzen ziren tribu batzuk baino ez, bidelapurrak, karabanei erasotzen zietenak... Baina errealitatea bestelakoa zen. Koloniaurreko egoera pantribala nahiko antolatuta zegoen.
Francisco Quirogaren espedizioan ez zuten horretaz idatzi. Lurraldea kontrolatzen zuten tribuak antolatuta zeuden, ez zioten inori muga zeharkatzen uzten, horregatik zioten kolonoek beldurraren muga zela, inor ezin zelako han sartu. Espainiarrak 1847an saiatu ziren, eta ez zuten lortu. Estatu bat zegoen, lurraldea kontrolatzen zuena, eta mugak zaintzen zituena. Bibliografia kolonial horri erantzun bat emateko beharra sentitu nuen, eta ekarpen bat egitekoa. Antropologiako bigarren masterrean egin nuen lan hori. Asko kezkatzen ninduen kontrahistoriaren auziak; gure herriaren historia itxuragabetu dutenen tesiak desegin nituen.
Bereziki saharar poesia ikertzen eman duzu bizitza.
Bai. XII. mendekoa da hassaniaz idatzi zen lehen poema. Omar Uld Mreizigek jada aberria hitza aipatzen du. Koloniaurreko entitate politiko pantribal sahararra XVI. mendekoa da, baina poeta horrek, hainbat mende lehenago, jada ulertarazten du bera espazio honetakoa dela eta espazio hau bere aberria dela, eta aberri hau hemengo arabiarrek eta hango arabiarrek aitortuko dutela. Arabiarrak IX. eta XI. mendeen artean iritsi ziren inguru honetara, eta islama ekarri zuten.
Tribu arabiarrek bertako tribuak garaitu zituzten, sanhajak, eta konfigurazio sozial berri bat sortu zen; bi kulturak nahastu ziren, arabiarrak eta sanhajak.
Hassania arabiarraren dialekto bat dela esaten da, baina bi kultura horien emaitza da, arabiarrena eta sanhajena. Hala da?
Beni Hassan tribuak Arabiar penintsulatik etorri ziren, eta han ezarri ziren gerra irabazi ostean. Sanhaja, edo zenaga, edo bezabak [izen ezberdinak dituzte], amazigak ziren, iznagen, eta arabiarrekin bizitzen hasi ziren, elkarrekin. Arabiarra inposatu zen, sanhaja hizkuntza debekatu baitzuten, estigmatizatuta zegoelako, baina hassania bi kultura horien elkarbizitzatik sortu zen. Toponimiari erreparatzen badiogu, gure lurraldea hizkuntza zahar horren hitzez beteta dago. Arabierazko hitz gutxi daude toponimian. Auserd, esaterako; hitz horrek ur freskoa esan nahi du sanhajaz. Afrikako beste hizkuntza batzuk ere aurkitzen dira kartografian: soninkea, wolofa... Afrika beltzeko kulturak ere nahastu ziren.
Sanhajak antzinako amazigak ziren, Afrika iparraldean zabaldu ziren amazigen enbrioia. Hassaniazko literatur generoek, zazpi guztira, sanhaja hizkuntzan dute jatorria: lebteit, leboir, liyen... Ez datoz arabieratik. Eta musika tresnak, berdin. Arabiar klasikoa oso presente dago hassanian, ez dialektala. Saharar batek hassania jasoa eta landua hitz egiten badu, uler daiteke palestinar batekin, libanoar, irakiar, siriar edo jordaniar batekin. Afrika iparraldekoekin, aldiz, ez. Hassania Afrikako zenbait hizkuntzaz osatutako hizkuntza hibridoa da.
«Poesia gure oroimen kulturalean aurki dezakegun erregistrorik fidelena da. Gure poesia gure entziklopedia da: dena dago erregistratuta gure poesian»
Behinolatik, poesiak garrantzi handia izan du saharar kulturan: zuen izatearen parte dela esan daiteke.
Poesia gure oroimen kulturalean aurki dezakegun erregistrorik fidelena da. Gure poesia gure entziklopedia da: dena dago erregistratuta gure poesian. Lurraldea kolonizatua izan aurretik, unibertsitate ibiltari bat egon zen Tirisen. Mohamed Mohamed Salemek sortu zuen unibertsitate hura, eta zuzenbide konstituzionalerako prestakuntza ematen espezializatu zen, herritarren bizitza soziala antolatzeko. Chej Mohamed Elmamiren eskola etorri zen gero. Jakintsu bat zen, eta nomaden herrialdearen inguruko obra bat idatzi zuen: Quitab Albadia. Esmaran liburutegi erraldoi bat sortu zuen beste jakintsu bat ere badaukagu: Chej Malainin. Frantziako kolonialismoak liburutegi horren zati bat suntsitu zuen, beste garai batean Alexandriako biblioteka erre zuten bezala.
Poesia zeharkako ardatza da, kultura transmititzeko modua, gure historia ulertzeko funtsezko erregistroa.

«Marokok ezin izan duenez gure kultura suntsitu, gure kulturaz jabetu nahian dabil, baina barregarria da»
Mauritania iparraldean dauden liburutegietatik bidaia bat egin berri du Bahia Mahmud Awahk. Bertan topatutako eskuizkribu zaharrei esker, bere sendiaren zuhaitz genealogikoa osatu ahal izan du.
Mauritania iparraldean dauden liburutegiak ezagutu dituzu orain. Udazkenean estreinatuko da haiei buruzko dokumentala: La duna de Chinguetti (Txingettiko duna).
Bidaia honetan sekula imajinatuko ez nuena aurkitu dut. Basamortuko liburutegietan eskuizkribu zaharrak daude, batzuk duela hamar mende baino lehenagokoak. Antropologo gisa, liluragarria izan da. Txingettiko kanposantu zaharrenean daude nire birraitonen hilobiak. Nire zuhaitz genealogikoa egin ahal izan dut. Nire familiaren jatorria han dago; liburu gizonak ziren, prestuak, zintzoak, eta, noizbait, injustiziengatik, tribu gerlarien babesa aurkitu behar izan zuten. Haiekin iritsi ziren Mendebaldeko Saharara.
Bahia Uld Awah poetaren arrastoan ibili zara?
Bai. Harengatik jarri zidaten Bahia izena. Osaba zaharra zen Bahia Uld Awah, 1891n jaioa. Poeta zen, mistiko bat, zaldun ibiltari bat, klasiko handietako bat, baina alde batera utzia izan da. Haren jatorria ikertzen hasi, eta 1945eko idatzi bat aurkitu dut, tribuetako genealogia tratatu batetik ateratakoa. Jatorria utzi eta beste izen bat hartu zutela jakin nuen. Nire familiaren historiaren katebegi galdua zen.
Osabaren ahozko obraren %70 berreskuratu dut. Lurrari kantatzen zion, arbasoei, gure iraultzari, baina estratifikazio sozialaren kontra ere idatzi zuen. Bahia erreferentziazko poeta horietako bat zen, baina baztertu egin zuten estigmatizatutako kasta batekoa zelako, artistena eta artisauena. Tribu gerlariek babestu egin zituzten, baina jakinarazita arrotzak zirela. Sistema endogamiko hartan behe kasta batekoa bazinen, ez zinen purua, lajba zinen.
Hitzaldi ugari eman dituzu munduan zehar. Beti aipatzen duzu kulturizidioa.
Kulturizidio terminoa ez da ofiziala, baina antropologook herri baten kultura suntsiketaz hitz egiteko erabiltzen dugu. Maroko 1975ean sartu zen lurraldean, eta saharar kultura eta nortasuna suntsitzen hasi zen. Ondare kultural materiala eta immateriala suntsitzen saiatu da; gure sinboloak, gure hizkuntza, gure musika, poesia. Haima da gure identitatearen ikur nagusia, eta, orain, lurralde okupatuetan, debekatuta dago haima bat zutitzea. Izen propioak ere debekatu dituzte; Lala, adibidez, edo Muley. Marokoko erregearen seme-alabek baino ezin dituzte izen horiek erabili, printze-printzesek.
Mendebaldeko Saharako ekintzaileak erresistentzian ari dira gure kultura babesteko. Marokok ezin izan duenez gure kultura suntsitu, gure kulturaz jabetu nahian dabil, baina barregarria da. Marokoren mosaikoaren parte dela zabaldu nahi du. Printze txikia hassaniara itzuli dute, baina marokoar bakar batek ez du gure hizkuntza ulertzen. Marokoarrek ez dakite zer den Tiris. Ez dakite nork idatzi zuen hassaniazko lehen poema. Milaka urteko ondare oparoa daukagu, poemaz eta kondairaz betea, eta inoiz ez dute ezagutuko.