Donostiako 73. Zinemaldia

Sakanako memoriaren 30 ahots

Torturaren biktimek utzitako testigantzekin dokumental bat egin dute Sakanan: 'Arg(h)itzen'. Gaur estreinatuko dute, Donostiako Zinemaldian.

Dokumentalaren aurkezpen pribatua, joan den urteko ekainean, Altsasun. IÑIGO URIZ / FOKU
Dokumentalaren aurkezpen pribatua, joan den urteko ekainean, Altsasun. IÑIGO URIZ / FOKU
Iratxe Muxika
2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontatzearen beldurrez, edo prozesu luzeek sortzen duten nagikeriaz, inpunitatea ematen zaio sarri gaizkileari. Erantzuna horixe izaten da, hain zuzen: isiltasuna. 1966tik 2011ra bitarte 149 lagun torturatu zituzten Sakanan (Nafarroa); edo, horiek izan dira, behintzat, isildutakoak kontatzera ausartu direnak. Horietatik 30 elkarrizketatu ditu Mikelatxo Urbi taldeak, eta emaitza dokumental forman eskaini dio Euskal Herriari. Arg(h)itzen izena du obrak, eta gaur estreinatuko dute Donostiako Zinemaldian; Zinemira sailean lehiatuko da. 

Ekoizleek ez dute dokumental bat egiteko ohiko biderik hautatu: alderantzizko ordenan egin dute lan. Gidoia prestatu ondotik jendearen bila joan beharrean, lehenik elkarrizketatuekin batu dira, eta gero sortu dute gidoia. Halaxe kontatu du Manu Gomez Mikelatxo Urbi taldeko kideak: «Banan-banan joan gara bakoitzarenera, eta, azkenerako, 50 ordutik gorako grabazioa geneukan. Aukeratu egin behar zen zer sartu barrura eta zer utzi kanpoan, eta orduantxe sortu genuen gidoia». 

Berehala egindako lan bat dirudien arren, bortz urte daramatzate Arg(h)itzen ekoizten. Bortz urte, bortz arazo; edo bortz arrazoi grabaketa prozesua luzatzeko.

Bat: gai delikatua izaki, kosta egin zaie testigantzak biltzea. Ez materialik ez zegoelako, ezta iturriak prest ez zeudelako ere, baizik eta deus kontatu aitzinetik konfiantza eraiki behar zelako. «Batzuei asko kosta zaie memoria egitea, eta beste batzuek ez dute kontu batzuetan sartu nahi izan, eta ulertzekoa da. Kontatu nahi zuten, baina ez zekiten nola egin zitekeen hori minik hartu gabe», erran du Gomezek. 

«Torturaren delituak ez du preskribatzen, eta, preskribatzen ez duen heinean, edozein garai da ona herri honetan gertatu dena kontatzeko»

MANU GOMEZ Zinemagilea

Bi: pandemia. Mikelatxo Urbi taldeak «argi» zuen ez zuela musukorik nahi grabazioetan, horrek «keinuak eta aurpegiko espresioak» estaliko zituelako.

Hiru: Fran Balda proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat hil egin zen, auto istripu batean. «Kolpe handia izan zen guretzat, eta taldeari kosta egin zitzaion berriz ere gaiari heltzea. Dokumentalaren hasiera ikusita zuen, baina ez daki nola bukatzen den». 

Lau: grabatzeko tokian uholdeak izan zituzten. «Lau hilabete behar izan genituen hezetasuna kentzeko eta berriz ere estudioa muntatu ahal izateko», kontatu du Gomezek.

Eta bortz: bailara mailako proiektu gisa jaio zena Euskal Herriaren luze-zabaleko proiektu bilakatu zen. «Testigantzak hemengoak dira, baina historia ez da Sakanakoa soilik, Euskal Herrian horrelako oroitzapen asko daude, eta dimentsioa ez da berdina; lan gehiago eskatzen du».

Aldaketak aldaketa, zerumuga garbia eduki dute beti: bazekiten zeren gibeletik ari ziren. Errekonozimendua, erreparazioa eta berme bat hori berriz gertatuko ez dela sinisteko; elementu horiek izan dituzte ardatz. Horretarako, baina, denboran bidaiatu behar izan dute; urte luzez tortura nola egin den ulertzeko eta ikuspegi juridiko eta psikologiko batetik kontakizuna sortzeko. 

Adituen ikuspegia

Eta, hain justu, adituak elkarrizketatu dituzte horretarako: kazetariak, historialariak, abokatuak, psikologoak eta kriminologoak. «Psikologoek, adibidez, lagundu dute azaltzen nola atera daitekeen torturaren zulo horretatik, edo nola egin dakiokeen aurre halako ondorioei», kontatu du ekoizleak. Abokatuek, berriz, juridikoki Espainiako Estatuak nola funtzionatzen duen azaldu dute, eta historialariek errepaso historiko «zorrotza» egin dute, frankismotik hasita gaur egunera arte.

Joan den urteko ekainean Arg(h)itzen erakutsi zuten Altsasun (Nafarroa), maila txikian eta modu pribatuan, dokumentalean parte hartu zutenek ikus zezaten. Ordutik, aldaketak eta zuzenketak egiten aritu dira, eta aurtengo maiatzean eman dute lana bukatutzat. «Biltzen ez dena galdu egiten da, eta kontatzen ez dena ahaztu egiten da», erran du Gomezek. Hortaz, «beti» da garai egokia historia kontatzeko: «Torturaren delituak ez du preskribatzen, eta, preskribatzen ez duen heinean, edozein garai da ona herri honetan gertatu dena kontatzeko». 

«Testigantzak hemengoak dira, baina historia ez da Sakanakoa soilik, Euskal Herrian horrelako oroitzapen asko daude»

MANU GOMEZ Zinemagilea

Taldekideentzat «sekulako poza» izan da Zinemaldian egoteko aukera izatea, eta lehen erreakzioen esperoan dira dagoeneko. «Orain arte ingurukoek soilik ikusi dute dokumentala, eta orain Euskal Herri osoarentzat egongo da eskuragarri». Horrek erran nahi du, bertzeak bertze, «aldeko eta kontrako» erantzunak izan ditzaketela. «Baina gogotsu gaude, bertigo pixka batekin, baina pozik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.