«Egun osoa daramagu hemen; zaldiak ikusi ditugu lehen, eta apaiz arropak ere ikusi ditugu, baina ez dakigu zertan ari diren». Barakaldoko (Bizkaia) Munoa lorategiko bankuan eserita, egunotan hesituta dagoen Munoa jauregi inguruan igartzen duten jende eta abere joan-etorriari begira pasatu dute goiza hiru emakumek, baina ezin izan diote han ikusitako garabi, zalgurdi eta langile nahas-mahasari ezeren itxurarik hartu. Pelikula bat filmatzen ari dira. Amaitzen. Duela sei aste inguru hasi zituzten Rafaela pelikula filmatzeko lanak, eta Barakaldoko jauregi ederrean egon dira egunotan azken irudiak hartzen.
Rafaela Ibarra ongile, santu eta Bizkaiko goi burgesiako kideari buruzkoa da filma, baina, gizarteko kiderik zaurgarrienen alde egin zuen lana erakusteaz gainera, haren giza kontraesanak ere azaleratu nahi dituzte. Eliza katolikoak santutzat onartu zuen emakumea 1984an, baina, hain zuzen ere, santu hori bere gizatasun osoan erakustea izan da erronka. Euskaraz ari dira filmatzen, Alba Lozano dabil zuzendari lanetan, eta Loreto Mauleonek, Nerea Sanzek, Miguel Garcesek, Arnatz Puertasek eta Ekia Izkok osatzen dute aktore taldea.
1889an kokatutako drama historiko bat da lana, baina, benetako pertsonaia batean oinarrituta egonik ere, fikziozkoa da pelikula. Industrializazio sasoian Bizkaiko goi burgesiako familia nagusietako bat izan zen ibarratarrena, eta haren parte izan zen Rafaela bera ere. Posizio hori zaurgarrienen alde egiteko baliatu zuen, ordea, eta, hain zuzen ere, klase gatazkak sakon markatutako sasoi hartan, Ibarraren elkartasun keinu hori nabarmenduko du filmak. Bilboko kaleetan hala moduz irauten duten bi prostituta gazte hartuko ditu etxean filmaren hasiera aldera, eta haiek izango dira hurrengo urteetan landuko duen emakumezko zaurgarrien aldeko ongintza lana abiatuko duten lehen bi erabiltzaileak. Ez, noski, tentsiorik eragin gabe, ordea.
«Ikerketek ikaragarri laguntzen didate pertsonaia eraikitzen, baina gero kontatu nahi dugun istorioa kontatu behar dugu, eta kontatu nahi dugun moduan»
LORETO MAULEON Aktorea
«Gizaki guztiok gaude kontraesanez beteta». Loreto Mauelonek jokatu du Rafaela Ibarraren rola filmean, eta, dioenez, hain zuzen ere, «oso humanoa» den Ibarra bat gorpuztu nahi lukeela dio. «Nor zen eta zer egin zuen ulertzen saiatzen ari naiz, nahiz eta, noski, gure artean distantzia handia dagoen. Irakurri dudanaren eta lankideengandik jasotzen dudanaren araberako pertsonaia bat sortzen saiatzen ari naiz. Bertsio fikzionatu bat izango da, noski, baina, halere, emakume hura ulertzen saiatzen ari naiz».

Mauleonek dioenez, ikerketa lan handia egin du pertsonaia landu ahal izateko, baina lan hori guztia albo batera utzi du gero. «Ikerketa horiek ikaragarri laguntzen didate pertsonaia eraikitzen, baina gero kontatu nahi dugun istorioa kontatu behar dugu, eta kontatu nahi dugun moduan. Eta arropek ere ikaragarri laguntzen dute horretan: pertsonaiaren eraikuntzaren erdia egiten dute. Halako arropen barruan nola sentitzen ziren laguntzen dute, eta oso lagungarri da hau bezalako lekuetan lan egitea ere [Munoa jauregiagatik]».
Euskal gai bat
Candela Izquierdo da filmaren bihotza. Gerora Leire Albinarratek eta Gemma Urrakak ere lagundu duten arren, bera izan zen filmaren lehen gidoigilea, eta bera da haren ekoizlea ere. Valentziakoa da sortzez (Herrialde Katalanak), eta lagun izan zuen mutil baten bidez heldu zitzaion Rafaela Ibarrari buruzko lehen aipamena. Hariari tira egiten jarraitu, ordea, eta, onartu duenez, harekin «obsesionatuta» eman zuen denbora bat. «Beatifikatuta dagoenez, ez dago hari buruzko aipamen publiko txar bakar bat ere, eta familiarekin asko hitz egin behar izan dugu emakume hura benetan nor izan zen jakin ahal izateko. Horregatik esaten dut hau ez dela errealitatean oinarritutako film bat, baizik eta errealitatean inspiratutako lan bat, filmean badirelako hainbat gauza publikoak ez direnak eta egia direnik ere ziurtatu ezin direnak. Liburuetan ageri ez den emakume batekin egingo du topo ikusleak. Oso balio kontserbadoreko emakumea ere izan zen, baina, era berean, garai hartako feminismoaren bultzatzaileetako bat ere izan zen. Talka horrek liluratu ninduen, eta lilura hori helarazi nahi diot ikusleari ere».
«Oso emakume kontserbadorea izan zen, baina, era berean, garai hartako feminismoaren bultzatzaileetako bat ere izan zen. Talka horrek liluratu ninduen, eta lilura hori helarazi nahi diot ikusleari ere»
CANDELA IZQUIERDO Gidoigilea eta ekoizlea
Izquierdok aitortu duenez, gaur egun Euskal Herrian zinema egiteko dauden laguntzek eta onura fiskalek eraginda ere heldu zen Ibarraren figurara. «Euskal Herrian kokatutako gai bat aukeratzea zen hemengo diru laguntza eta onura horiek eskuratu ahal izateko modurik onenetako bat. Nik, orain arte, urte asko eman ditut fikziozko telesailak egiten eta badut dokumental luze bat ere, baina ez dut berme modura aurkeztu ahal izateko moduko film handirik, eta hau, aldiz, aurrekontu handiko lan bat da. Hemengo istorio bat kontatu nahi nuen, horregatik. Kanpoko ekoizpen etxe bat izanik, sarkin xamar sentitzen nintzen hona etorri eta hemengoa ez den istorio bat kontatuta. Horregatik, ikertzen hasi nintzen, eta hala heldu nintzen, mutil horren aipamenari esker, Ibarraren figurara».
«Rafaela Ibarraren kontrapuntua egiten du Jose senarrak filmean; bera da Rafaelari mugak jartzen dizkiona, eta, horregatik, talka sortzen da haien artean»
MIGUEL GARCES Aktorea
Pertsonaiak benetakoak izanik, aktoreek ardura berezia dutela onartu du Miguel Garcesek, baina, haren ustez, pelikulak funtziona dezan lortzea da garrantzitsuena. Hain justu ere, Jose de Villalongaren rola jokatzen du berak filmean, Rafaela Ibarraren senar izandako enpresa gizon boteretsuarena, eta, dioenez, pertsonaia historikotik aldendu behar izan du pelikularen logikaren mesedetan. «Rafaela Ibarraren familiako kideekin ere hitz egin dugu, eta, haien hitzetan, Josek laguntzen zuen emaztea bere ongintza lanetan, baina kontakizunaren mesedetan, filmean, Rafaelaren kontrapuntua egiten du nire pertsonaiak. Ni naiz Rafaelari mugak jartzen dizkiona, eta, horregatik, talka sortzen da gure artean».

Sortzez kataluniarra zen Villalonga, eta filmean ere, horregatik, gazteleraz mintzo da Garcesek gorpuzten duen pertsonaia. Bai emaztearekin, bai eta pelikulan agertzen diren gainerako enpresariekin ere.
Euskara historikoa
Euskaraz mintzo dira gainerako pertsonaiak. Bizkaieraz, zehazki, eta, are, baita XIX. mende amaierako kutsu batekin ere. Jesus Mari Olaizola Txiliku ere izan da horregatik filmatze saioetan. Berak zaindu du euskararen alorra, eta, aktoreek kontatu dutenez, gainera, kontuan hartu du pertsonaietako bakoitzak daukan posizio soziala ere, haren araberako erregistroan aritzen direla ziurtatzeko.
Katalinaren rola jokatzen du Nerea Sanz aktoreak filmean. Bilboko kaleetan ahal bezala bizi den prostituta bat da Katalina, eta, haren estutasunak ikusirik, etxean babes emango dio Rafaela Ibarrak. Bi emakumeen munduek talka egingo dute bertan. Eta, Sanzek kontatu duenez, bakoitzaren klase sozialaren araberako hiztegiarekin eta erregistroarekin hitz egingo du haietako bakoitzak pelikulan. «Erronka bat izan da antzinako bizkaiera horretan aritzea, baina zoragarria izan da».
«Pelikulak aurrera egin ahala, argi ikusiko da mina dela Katalinaren gogortasunaren iturburua, eta haren min hori deskubritzen joan ahal izatea izan da politena»
NEREA SANZ Aktorea
Sanzek ere garaiko testuingurua eta, bereziki, garaiko prostituten egoerari buruzko hamaika liburu irakurri ditu pertsonaia landu ahal izateko, baina, dioenez, beste pertsonaiekin hartu-emanean hasi denean sentitu du Katalina bizien. Dioenez, haren jatorri sozialaren eta bizimoduaren ondorioz, «lehorra» eta «gogorra» da bere pertsonaia. Hasieran behintzat. Baina, justu, oskol horrek ezkutatzen duen samurtasuna da Sanzentzat pertsonaiaren alderik erakargarrienetako bat. «Pelikulak aurrera egin ahala, argi ikusiko da mina dela gogortasun horren iturburua, eta haren min hori deskubritzen joan ahal izatea izan da politena».
Fikziozko lehen film luzea da hau Alba Lozano zuzendariarentzat, baina, aurrez, bigarren unitateen zuzendari lanetan aritua da Odol Ilargia eta Itxaso telesailetan, eta berak idatzi eta zuzendu du EITB etxean estreinatzekoa den AlokaHiru telesaila ere. Eta, horrez gainera, hainbat film labur ere zuzendu ditu. 2022an, esaterako, Non Grata izenekoa aurkeztu zuen eta Utländsk izenekoa, berriz, 2024an. Nazioarteko jaialdietan ehun hautagaitza izan dituzte bi lan horiek, bai eta 15 sari ere. Aho Beltza izeneko laburra da haren azken lanetako bat. Fantasiaren alorrean koka daiteke lana, eta, Kimuak katalogorako ez ezik, Seminci eta Zinebi jaialdietarako ere hautatu dute.

Munoa jauregian izan da bera ere, baina, egunotan jadanik egindako eta oraindik egin beharreko lana dela eta, nahiago izan du adierazpenik ez egin. Jauregiaren kanpoaldean egin dituzte lanetako batzuk arratsaldean. Ibarraren etxera lehenengoz iristen ari den Katalinaren irudiak filmatu dituzte tartean, eta hesiaren beste aldean begira zeuden herritarren jakin-mina piztu. «Motorra. Isildu. Hasi!». Eta XIX. mende amaierara joan da orduan kamera, zalgurdiak lurraren kontra egindako zarata ere harrapatuz. Lozano pantailari adi, kontzentratuta, eta, haren bizkarraren atzean, elkarren sorbalden gainetik, kamerak harrapatutakoaren zantzuren bat harrapatu nahian dabilen hamabi laguneko lantalde bat. «Moztu!».
2027 amaierarako
Aitor Mendilibar da filmeko argazki zuzendaria, Victoria de la Vega ari da arte zuzendari, Arantza Ezkerrorenak dira jantziak, eta Pepa Roig arituko da muntatzaile. Horrez gainera, Beatriz Lopez-Nogalesek sortuko du soinu banda. Baleuko, 11 Varas, 100 Acres eta La Claqueta PC ekoizpen etxeek bultzatu dute filma, Caviar ekoiztetxearekin lankidetzan. Horrez gainera, EITBren eta RTVEren partaidetza ere izan dute, eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Espainiako Kultur Ministerioak ere lagundu dute. Peris Costumes eta EFD Studiosen babesa ere izan dute, eta A Contracorriente Filmsek eramango du lanaren banaketa.
Barakaldon ez ezik, Bizkaiko beste hainbat herritan ere izan dira egunotan filmatzen, hala nola Bilbon, Durangon, Diman, Karrantzan, Elorrion, Olazabalen, Atxarten eta Artazan, eta gaur-bihar bukatuko dituzte lanak. Gero muntatzea eta edizioa helduko dira, eta, esan dutenez, 2027 amaierarako nahi lukete zinema aretoetan.