Irutxulo astekarian Inurri itsuak filmaren kritika plazaratu zuenean, Ander Makazaga Conde zeluloidezko eta paperezko bidelagunak hausnarketa serioa egin zuen euskal zinemaren star-system-aren ingurukoa. Maite ditu maite —nork ez?— gure izar guztiak, baina zera zioen, dio: «Betiko aurpegi ezagunek daramate gure zinema industriaren sostengua. Sostengatuko litzateke, baina, genero thriller bat / film historiko bat / istorio epiko bat horien erreleboa hartu beharko lukeen belaunaldi gaztearekin? Pantailan erakargarri zaizkigun izar horiengandik askatu beharko luke euskal zinemagintzak bere buruan sinesteko?».
Nik badaukat bere kezka arinduko duen errepusta. Eta aldekoa da: bai, bada erreleboa eta bikaina da.
Futbolean Lezamako, Zubietako, Taxoareko, Ibaiako eta Aviron Bayonnaise-ko Errugbi eskolako harrobietatik atera diren kirolari primerakoen moduan, euskal ikus-entzunezko promesak badira, dagoeneko, errealitate ikusgarriak, hain dirdaitsuak ze ziur bainaiz segituan sortuko direla fan-klubak, jendetza izugarriak bilduko dituztenak.
Nola dakidan hori? Superbotereak ote ditut akaso? Superbotere naturaz gaindikoak? Jakina baietz, baina oraingoan ez zaizkit beharrezkoak gertatu. Froga fisikoak baditut, zuek ere, Beste Munduko dimentsioetan ibiltzen ez bazarete ere, eskura dituzuenak. Gure etxe barruko pantailetan eskura. Euskal Herriko plataformetan. Bada aktore berri, gazte, fresko sorta paregabea. Adibiderik nahi? Argi gorriak telesailean agertzen ziren, diren, Anartz Puertas eta Nerea Sanz. Eta ez pentsa bakarrak direnik. Are gehiago, hor jarduten zuten batzuek gure euskal identitate antropologikoari dibertsitate etniko pozgarria eransten diote. Bi kasu aipatzeagatik, Zilya eta Yangxi Chen.
Bada aktore berri, gazte, fresko sorta paregabea. Adibiderik nahi? 'Argi gorriak' telesailean agertzen ziren, diren, Anartz Puertas eta Nerea Sanz. Eta ez pentsa bakarrak direnik
Lau izenek ez dutela ezer asko frogatzen? Lasai… Beste ziento bat daukat. Aloka(h)iru barrabaskeria kristorenean dauden guztiak, Lorea Insausti eta Izaro Nieto, esaterako.
Aseezinak zarete, gero! Izen gehiago gura? 2027an Primeranen emango duten Izaki pixkat gardenak proposamen kasik beldurrezkoan, Iñigo Aranburu, Amaia Lizarralde, Martxelo Rubio, Olatz Beobide beteranoekin batera, pantaila betetzen duten Saioa Outerial, Ylenia Baglietto, Maria Cruickshank (hemen ere, ederrak Goenkale-ko karibetar euskaldun honen erroak, Grenada uhartekoak…) edo 9 urte baino ez dituen Julen Olaizola.
Gosez, egarri jarraitzen duzue? Lasai. Hona hemen, Donostiako Beldurrezko Astean EITB saria eskuratu zuen Azpian film laburrean agertzen den Ainhize Etxebarri, zeinak ederki dakien gailurrera daraman bidea gozoa ez dela. Ur kasik izoztuetan filmatu zuten Danel Garaik eta Laura Barquinek lan hori…
Ikusten? Erreleboa badago. Eta gauza, kapazak, abilak dira denak (eta aipatu ez ditudan beste dozena pare bat ere) euskal zinema, euskal ikus-entzunezkoak sostengatzeko. Endredo politak sorrarazten gainera, eta zorionez; pentsa ezazue, Nerea Sanz eta Anartz Puertas anai-arrebak dira Argi gorriak izeneko bihurrikeria galantean. Elkar ikusi ezin duten anai-arrebak. Ba… Aloka(h)iru-n, nobioak dira. Oso-oso nobioak…
Bada, Ander, beste berri kristoren bat. Kamera atzean ere erreleboa hartuko duten irudigile kasik denak nortasun biko eskizo paregabeak dira. Horren film singularrak egin dituen Alberto Gastesik burutik jota, burutik abiatua, burutik aberiatua gidatu zuen Argi gorriak. Simulacro filmean, hamaika barne kontu, urradura, zauri sendatu gabe zituen Nitya Lopezek (Alba Lozanorekin batera) Aloka(h)iru aldrebeskeria funtzional ezinbestekoa sinatzen du, filtrorik gabe.
Egon zaitez lasai, Ander laguna, erreleboa bada. Harrobia dugulako. Anima zaitez, gauza bera gertatzen da lantalde teknikoetan. Hor dabiltza, kasurako, zuzendaritza sailetan errefortzu, laguntzaile, eskarmentu handiko Jaione Daubagna eta Elene Mengyu Larrinaga, Txinan jaiotako Barakaldoko zinemagileak.
Odol freskoa dugu gogoko gutako milak. Eta bada gurean odol freskoa antzinako euskal pantailak gaztetuko dituena… Dastatu dezagun libreki.
