Señora sariketaren seigarren aldia aurkeztu dute Legazpin

Bi kanporaketa egingo dituzte finalaren aurretik; bata, maiatzaren 16an eta, bestea, maiatzaren 23an. Finala ekainaren 6an izango da, Plentzian. Saio guztiak gaztetxeetan egingo dituzte, eta bertsopaper lehiaketa antolatu dute, lehenengoz.

Señora sariketaren seigarren aldiaren aurkezpena, gaur, Legazpin. BERRIA
Señora sariketaren seigarren aldiaren aurkezpena, gaur, Legazpin. BERRIA
Odile Bourguignon Goñi
2026ko apirilaren 18a
18:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emakume eta genero disidenteei eskainitako bertso lehiaketa da Señora, eta antolatzen den seigarren aldia da aurtengoa. Legazpiko gaztetxean (Gipuzkoa) aurkeztu dute gaur, eta, antolatzaileek kontatu dutenez, berrogei lagunetik gora elkartu dira. Aurtengo finalaren aurretik, bi kanporaketa egingo dituzte; bata, maiatzaren 16an, Baionan, eta, bigarrena, maiatzaren 23an, Zizur Nagusian (Nafarroa). Finala ekainaren 6an izango da, Plentzian (Bizkaia). Sariketa aurkezteaz gain, antolatzaileek aurtengo nobedadeen berri eman dute: bideoklip bat, kamisetak eta bertsopaper lehiaketa.

Hautu irmo bat egin dute: gaztetxeetan izango dira Señora sariketaren aurtengo saio guztiak. Antolatzaileek «tokian tokiko asanbladekin eta talde feministekin elkarlanean» aritu nahi dute, eta, horregatik, lehenengo kanporaketa Baionako Zizpa gaztetxean egingo da; bigarrena, Zizur Nagusiko Esparru gaztetxean; eta, finala, Plentziako Danontzat gaztetxean. Zehaztu dituzte kanporaketetako parte hartzaileak ere: lehenengoan, June Astegieta, Maider Altuna, Oihana Iguaran, Maddi Agirre, Ana Picallo eta Nahia Etxeberri ariko dira. Aldiz, bigarrenean, Antton Fernandez, Kelmene Abaitua, Kattin Madariaga, Irantzu Idoate, Nahia Sasco eta Kattalin Lizarraga.

Ekainaren 6an ikusi ahal izango dira kanporaketen emaitzak; zehazki, saio bakoitzetik hiru bertsolari pasatuko dira finalera. Iratxe Legarra izango da gai jartzailea, eta epaileek ere esleituta dute beren eserlekua. Hauexek ariko dira: Maialen Cadavid, Ibai Lekuona, Klari Schmidt eta Begoña Goiriena. Gainera, epaile ariko dira iazko bi irabazleak ere: Amaia Elizagoien eta Malen Altzuart. Sariketarako propio asmatutako epai irizpideak ditu Señora sariketak: teknikak badu lekua, baina bestelakoak saritzen dira gehiago, hala bestearenganako zaintza nola jolasa. Hortaz, emaitza ez da puntuen batuketa bidez lortzen; epaileek modu asanblearioan erabakitzen dute sariketaren irabazlea zein izango den.

Bertsotan egin dezaten

Talde berria osatu da aurtengo Señora sariketa antolatzeko. Aurretik egindako lanari jarraipena emango diotela ziurtatu dute, eta, hain zuzen, orain arte egindakoa omentzeko tartea topatu dute gaur, Legazpin. Izan ere, bertso bazkari batek eman dio hasiera Señora sariketaren seigarren aldiari, eta bertan izan dira Maider Arregi eta Oihana Arana, bazkalostea kantuan girotzen. Uxue Fernandezek gidatu du bertsoaldia, eta antolatzaileek kontatu dute «aitortza» egin nahi izan dietela, hirurak egon baitira, orain arte, sariketa antolatzen.

Bada, erreleboa hartu dute, eta ideia berriak plazaratu. Aurten, lehenengoz, bertsopaper lehiaketa antolatu dute: «Plazan ez dabilen jendea bertsotara animatzeko». Maiatzaren 7a izango da bertso sortak entregatzeko azken eguna, eta banaka zein taldean har daiteke parte. Aurkeztutako lanek gutxienez hiru bertso edo sei kopla izan beharko dituzte, eta lanak senorasariketa@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko dira. Ekainaren 6an izango da sari banaketa; hau da, Señora sariketaren finalaren egunean, Plentziako gaztetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA