Unai Elorriagak euskarara itzuli du Seumas O'Kellyren 'Ehulearen hilobia', Irlandako literaturaren klasiko txiki bat

Idazlea Irlandako nazionalismo kulturalaren figura inportantea izan zen XX. mendearen hasieran, eta hainbat antzezlanez gain, lau ipuin liburu eta bi nobela idatzi zituen, tartean Igelak orain argitaratutakoa.

Unai Elorriaga eta Inazio Mujika, gaur, Donostian eginiko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Unai Elorriaga eta Inazio Mujika, gaur, Donostian eginiko aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
mikel lizarralde
2026ko uztailaren 8a
15:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hil egin zen Mortimer Hehir, ehulea, eta Cloon na Moravera, Hildakoen Larrera, joan ziren haren hilobia bilatzera». Modu horretan hasten da Ehulearen hilobia, Seumas O'Kelly idazle irlandarrak (Loughrea, 1881 - Dublin, 1918) idatzi eta gazte hil ostean argitaratu zioten nobela laburra. Eta esaldi horrek berak laburbiltzen du eleberriaren mamia. Hil da Mortimer Hehir, ehulea, eta hura lurperatzeko eguna iritsi da, baina hildakoen zelaia izeneko hilerri zahar eta kaotiko horretan, inork ez daki non dagoen haren familiaren hilobia. Orain, lehen aldiz argitaratu zutenetik mende bat baino gehiago pasatu den honetan, Igela argitaletxeak euskaraz kaleratu du Inazio Mujika editoreak Irlandako literaturako «klasiko txiki» gisa definitu duen lana. Unai Elorriagak itzuli du nobela.

Gaur Donostian eginiko aurkezpenean, Elorriagak adierazi du berak egin ziola Ehulearen hilobia euskaratu eta argitaratzeko proposamena Igelari, eta azaldu du tarteka beretzat egiten dituela beste hizkuntza batzuetan irakurritako literatur lanen itzulpenak: «Testu batek liluratzen nauenean, normalean egituragatik, teknikagatik edo idazleak kontakizuna eraiki duen moduagatik izaten da. Eta halakoetan, ez dudanean ondo ulertzen zer dagoen horren atzean, itzuli egiten dut».

Testu asko euskaratu ditu arrazoi horregatik Elorriagak, «nahiz eta publikatu ez», bere helburuetako bat «ikastea» delako. «Badakit ikasteko modurik onena itzultzea dela. Testu bat sakon ulertzeko, arakatzeko, testu baten tripa guztiak ezagutzeko modurik egokienetako bat da itzultzea; orduan ikusten duzu idazleak nola lortu duen sortzea liluratu zaituen hori». Hain zuzen ere, O'Kellyren liburua irakurri zuenean, eleberriari darion umoreak harrapatu zuen Elorriaga: «Zelan sortzen dituen pertsonaiak umore hori naturala izateko».

Bi dira liburuko pertsonaia nagusiak, bi agure, Meehaul Lynskey iltzegilea eta Cahir Bowes hargina, eta haien arteko solasaldi eta eztabaidek hezurmamitzen dute kontakizuna. Hilobiaren bila ari dira, baina ez dira ados jartzen. Batek uste du leku jakin batean dagoela hilobia; besteak, berriz, beste toki batean kokatzen du. Eta haien eztabaidak entzun eta jasan beharrean azaltzen dira ehulearen alargun gaztea eta bi lurperatzaileak. «Bi zaharren arteko elkarrizketak erabat txinpartatsuak eta borobilak dira, eta ironia eta sarkasmoa ere ageri dira horietan. Dena hilerri batean gertatzen da, heriotzaren inguruan, baina, hala ere, umorea eta ironia hori oso modu naturalean isurtzen zaizkie pertsonaiei».

«Bi zaharren arteko elkarrizketak erabat txinpartatsuak eta borobilak dira, eta ironia eta sarkasmoa ere ageri dira horietan»

UNAI ELORRIAGA Itzultzailea

Umoreaz gain, beste elementu eta ezaugarri ugari ere baditu nobelak, Elorriagaren ustez: «Gauza askori buruz hitz egiten du liburuak: heriotzari buruz, gaixotasunari buruz, familiaz, ohoreaz —hilerri horretan ezin da edonor sartu!—, baita memoriaz ere, betiere umorearen filtrotik pasatuta». Hain zuzen ere, gaiak sakonak izan arren, irakurketa «erraz eta arina» da Ehulearen hilobia. «Oso ondo pasatzeko liburua da».

Bestalde, liburua «oso irlandarra» da, Elorriagaren iritziz, baina euskal irakurleak ere oso gertukotzat har dezakeela uste du. «Guk geure burua ikusten dugu hor. Gure kulturatik aparte dago, baina, aldi berean, umore eta esateko modu horiek oso gertu ditugu».

Elorriagarentzat itzultzearen helburuetako bat ikastea izanda ere, batzuetan liburu jakin batzuk euskaraz argitaratzeko beharra ere sentitzen du. «Itzultzen dudanean, batzuetan pentsatzen dut: 'honek beharbada merezi du'. Izan ere, liburu bat euskaratzen duzunean, euskal munduan, euskal literaturan sartzen duzu. Eta O'Kelly dagoeneko gure literaturaren parte da». Itzultzailearen iritziz, «ondo dago Dostoievski, Kafka eta Faulkner euskaratzea, egin beharrekoa da», baina, era berean, hain ezagunak ez diren idazleen obrak euskaratzearen beharra ere nabarmendu du: «Nork esaten du Faulkner baino eskasagoa denik O'Kelly? Ez dago kanonean, baina denok dakigu kanona nola eraikitzen den».

Seumas O'Kelly idazle irlandarra
Seumas O'Kelly idazle irlandarraren erretratua. 

Oso gustuko dituen liburuak lagunei gomendatu zalea da Elorriaga, eta azaldu du O'Kellyrena Alex Orbe marrazkilari eta komikilariari pasatu ziola, eta hari ere asko gustatu zitzaiola: «Esan zidan komiki bat egiteko oso egokia zela, eta bi agure horiek marraztu nahi zituela. Eta egin ere egin zuen proiektu bat: komikiaren lehengo orriak ere marraztu zituen, eta liburua lehen aldiz Irlandan argitaratu zuen argitaletxera bidali zituen». Ehulearen hilobia komiki bihurtzeko egitasmoak ez zuen aurrera egin, baina argitaletxeko arduradunaren erantzun adeitsua gogoan gorde zuten hala Orbek nola Elorriagak: «Euskaldunak zoratuta gaudela erantzun zion. Nola bururatzen zitzaion Irlandan ahaztuta dagoen idazle baten nobela komiki bihurtzea!».

Kultur nazionalista

Seumas O'Kellyk batik bat antzerkia idatzi zuen, baina lau ipuin liburu eta bi eleberri ere idatzi zituen, denak ingelesez. Irlandak XX. mende hasieran bizi izan zuen literatur berpizkundearen parte izan zen, eta, Mujikak esandakoaren arabera, «Irlandako literaturaren eta nazionalismo kulturalaren figura» izan zen. Ogibidez, baina, kazetaria izan zen, eta besteak beste The Southern Star eta Leader egunkarietan jardun zuen. Hain zuzen ere, Sinn Feinekin lotutako Nationality egunkariko erredakzio buru zen hil zenean. Soldadu britainiarrak erredakzioan sartu ziren egun batean, O'Kellyk buruko isuri bat izan zuen, eta zendu egin zen. 37 urte zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA