'Sevillako bizargina' opera izango da OLBEren 75. urteurreneko hurrengo ekitaldia

Gioacchino Rossiniren opera ospetsuena aurkeztuko dute hilaren 21ean, 24an, 27an eta 30ean. Bilboko Orkestra Sinfonikoak jarriko du musika, eta Bilboko Opera Koruak, ahotsa.

'Sevillako bizargina' operaren aurkezpen ekitaldia, astelehenean. OLBE
'Sevillako bizargina' operaren aurkezpen ekitaldia, astelehenean. OLBE
Odile Bourguignon Goñi
2026ko azaroaren 20a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Figaro Sevillako bizargin ospetsua oholtza gainera itzuliko da, Almaviva kondeari lagundu beharko baitio hark maite duen Rosina harekin maitemindu dadin. Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak (OLBE) Gioacchino Rossiniren Sevillako bizargina opera taularatuko du, lau saiotan: azaroaren 21ean, 24an, 27an eta 30ean, Euskalduna jauregian. Komedia eta maitasun korapiloak lotzen dituen istorioak bi mende ditu; Kutxabanken laguntza izan du obrak.

Rosina gazte azkarrak bere tutore Bartoloren atzaparretatik ihes egin beharko du, baina agurea maiteminduta dago neska gaztearekin, eta ez da kontu makala izango. 1950eko hamarkadako Sevillan (Espainia) girotutako ekoizpen bat da, eta, umorea duen arren, ez du hori bakarrik: Rossinik gaztetasunaren, askatasunaren eta errebeldiaren erretratu bat egin zuen 1816an estreinatutako obra horretan. Hala adierazi du OLBEk, ohar bidez: «Rosinaren bizitasunak, Figaroren maltzurkeriak eta Almavivaren ausardiak adimenari, irudimenari eta norberaren patua moldatzeko nahiari egindako omenaldi bihurtzen dute obra». Bi ekitalditan dago banatua, eta, denera, 180 minutuko iraupena du.

Andrzej Filonczyk baritonoak jarriko dio ahotsa Figarori, eta Leonor Bonilla sopranoak interpretatuko du Rosina. Bestalde, Santiago Ballerini tenorrak jokatuko du Almaviva kondearen rola, eta Bruno de Simone baxu-baritonoak egingo du Bartolorena. Haiez gain, aktore hauek osatzen dute zerrenda: Giorgio Caoduro, Sabrina Gardez, Jose Manuel Diaz eta Javier Campo.

Pedro Bartolomek zuzenduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Esteban Urzelaik Bilboko Opera Korua. Sormen taldeari dagokionez, Vincent Dujardin izango da eszena zuzendaria, eta, gainera, lehenengoz arituko da OLBEn. «Zuzendariak obraren espirituaren interpretazio leial bat egiten du, batetik, aktoreen zuzendaritza zorrotz bati esker eta, bestetik, zehaztasun eszenikoaren eta antzerkiaren erritmoaren bidez lortutako komikotasunean oinarrituta», azaldu dute antolatzaileek.

Publikoaren gustuko

Obrak balio sinbolikoa du OLBErentzat. Izan ere, Sevillako bizargina opera Bilboko elkartearen inaugurazioa zela-eta antolaturiko egitarauaren parte izan zen 1953an. Zehazki, abenduaren 25ean aurkeztu zuten obra lehenengoz, eta ordutik arrakasta handia izan du ekarri izan dutenetan. Aurtengoa hamargarren aldia izango da, baina obrak publikoaren faboritoen zerrendan jarraitzen duela ziurtatu du OLBEk. 

Nortasun handiko opera lelopean abiatu duten denboraldiaren parte da aurkeztu berri duten obra. Hain zuzen, 75. opera denboraldia ospatzeko asmoz abiatu dute aurtengo programazioa, baita datorren urtean elkarteak 75 urte beteko dituela ospatzeko ere; orotara, ospakizunen programak hiru denboraldi oso hartuko ditu. Hauexek izango dira hurrengo emanaldiak: Richard Wagnerren Walkiria, Gaetano Donizettiren Reoberto Devereux eta Giacomo Pucciniren Manon Lescaut.

OLBEK ZUZENDARITZA BATZORDE BERRIA AUKERATU DU

OLBEren Ezohiko Batzar Nagusiak datozen lau urteetarako zuzendaritza batzorde berria hautatu du, eta Juan Carlos Matellanes du buru. Hautagaitzak bazkideen %99en baiezkoa jaso du, eta erronka nagusien artean hauek aipatu dituzte: elkartearen oinarri soziala sendotzea, belaunaldi berriengana gerturatzea, operari loturiko hezkuntza eta gizarte jarduerak bultzatzea, proiektuaren jasangarritasun ekonomikoa sendotzea eta kanpora begirako proiekzioa indartzea. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA