Shakespeare Alkizan

Dantzertiko 4. mailako ikasleek ‘Shakespeare ez zen inoiz hemen egon’ antzezlana sortu dute, Getari Etxegarai aktorearen zuzendaritzapean. Gaur eta bihar taularatuko dute Barakaldoko antzokian.

Dantzertiko laugarren mailako ikasleak ‘Shakespeare ez zen inoiz hemen egon’ antzezlana taularatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Dantzertiko laugarren mailako ikasleak ‘Shakespeare ez zen inoiz hemen egon’ antzezlana taularatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Barakaldo
2026ko apirilaren 23a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Shakespeare eta kazetari bat Alkizan (Gipuzkoa). Hiru osagai horiek ditu Dantzerti Arte Dramatiko eta Goi Mailako Dantza Eskolak gaur eta bihar Barakaldon (Bizkaia) taularatuko duen antzezlanak: Shakespeare ez zen inoiz hemen egon. Yolanda Garcia eta Juan Carlos Rubiok idatzi zuten komedia 2016an, gazteleraz, eta euskaraz estreinatu dute orain. Getari Etxegaraik egin ditu zuzendari lanak, eta 4. mailako ikasleak ditu aktore. Datorren astelehenean Errenterian (Gipuzkoa) izango dira, Niessen aretoan, eta maiatzaren 4an Bilboko Arriaga antzokian.

Cardenio izenburua duen Shakespeareren antzezlan argitaragabearen aurkikuntza da obraren abiapuntua. Alkizako baserri batean topatzen dute ustezko eskuizkribu originala, eta, hasiera-hasieratik, Bilboko antzerki kritikari baten arreta bereganatzen du aurkikuntzak. Kritikari hori da antzezlaneko kazetaria. Susmo txarrez hartzen du berria, eta erabakitzen du herrira joatea, ikertzera. Alkizako landetxe batean ostatu hartu, eta bertan ezagutzen ditu obrako gainerako pertsonaiak: bezeroak eta herritarrak.

Igor Razkin Dantzertiko irakasleak azaldu du haien nortasuna. «Pertsonaia guztiak bitxiak dira, eta eskuizkribuarekin lotura duten helburuak eta interesak dituzte. Komedia bat da, eta sinesgarritasunarekin jolasten gara une oro». Hala ere, erantsi du antzezlanaren muina «maitasunaren ahala» dela. 

«Pertsonaia guztiak bitxiak dira, eta eskuizkribuarekin lotura duten helburuak eta interesak dituzte. Komedia bat da, eta sinesgarritasunarekin jolasten gara une oro»

IGOR RAZKIN Dantzertiko irakaslea

Dantzertiko laugarren mailako ikasleek urtero egiten dituzte gradu amaierako antzezlanak. Eskolak aukeratzen du zer testu landuko duten eta nor izango den zuzendaria. Ikasleek iazko ekainean jakin zuten Etxegarai izango zutela zuzendari, eta irailean hasi ziren testua lantzen.

Hasieran, obra «luzea eta konplexua» iruditu zitzaion Maddi Urdapilleta ikasle eta aktoreari. Aitortu du «harritu» egin zela komedia zela jakitean, nahiz eta testuak genero horren erritmoa zuen; izan ere, sumatu zuen «asko moldatu» beharko zela eta pertsonaiak karakterizatu beharko zituztela. «Orain, prozesuan zehar eman diogun bizitasunarekin, koloretsuago ikusten dut», kontatu du. 

Izan ere, testuari egokitzapen eta aldaketa «handiak» egin dizkiotela azaldu dute Razkinek eta Urdapilletak. Biek ala biek nabarmendu dute lan hori «kolektiboa» izan dela eta irakasleek, ikasleek eta zuzendariak parte hartu dutela. Aldaketa horietako bat da obra gaur egunera eta Euskal Herrira ekartzea, jatorrizko testua 1935. urteko Londresen baitago girotuta. Euskarara ere ekarri dute obra.

Razkinek zehaztu duenez, guztira, hamabi antzezlek hartzen dute parte, eta horrek ere moldaketa batzuk egitera behartu ditu, ikasle guztien parte hartzea antzekoa dela bermatzeko. 

Ludikotasuna eta inprobisazioa

«Aste honetan ere aldaketak egin ditugu», aitortu du, barrez, Malen Perez de Arenaza ikasle eta aktoreak. Gogoan ditu entseguak abiatu zituztenetik egindako moldaketa guztiak, baina prozesuan «asko disfrutatu» duela azaldu du: «Denon proposamenak beso zabalik jaso ditu Getarik [Etxegarai]. Lan hau sufrimendutik eramateko aukera dago, baina oraingo honetan komediatik bizi izan dugu». 

Entseguetan ludikotasunak eta inprobisazioak garrantzia izan dutela nabarmendu du Razkinek. Baina erantsi du alderdi akademikoa eta pedagogikoa ere kontuan izan dituztela, eta ikasleei eszenatokira igotzean baliatuko dituzten tresnak ematen saiatu direla. 

Hainbat euskalki baliatu dituzte aktoreek antzezlanean. Euskalki propiorik ez zutenek ere ikasi egin behar izan dute, eta taldean bada euskaraz jakin gabe ere antzezlan osoa euskaraz egingo duen aktore kanariar bat ere. Perez de Arenaza eta Urdapilleta ez ezik, ondorengo hamar aktore hauek ere azalduko dira emanaldian: Xabier Burgos, Ainhize Carretero, María Iturbe, Anartz Langara, Adriana Navarro, Maialen Ramirez, Carla Ruiz, Aiala Sanz, Sandra Tejero eta Lucia Toraya. «Orain arte egon den talderik handienetarikoa da», azaldu du Perez de Arenazak. 

«Denon proposamenak beso zabalik jaso ditu Getarik [Etxegarai]. Lan hau sufrimendutik eramateko aukera dago, baina oraingo honetan komediatik bizi izan dugu»

MALEN PEREZ DE ARENAZA Dantzertiko ikaslea eta aktorea

Eszenografia konplexua da, plataforma mugikor bat ere baduelako. Tartean konpainiakoek utzi diete plataforma hori, eta Barakaldoko LHII ikastegiko ikasleek egin dizkiete jantziak, neurrira.

Antzezlan hori ez da Dantzerti eskolako ikasleek aurten egin duten gradu amaierako emanaldi bakarra. Laugarren mailako Dantza graduko gazteek Egin bedi zure nah-ia ikuskizuna estreinatu zuten martxoaren 24an, Bilboko Azkuna zentroan. Obrak adimen artifizialak eguneroko bizimoduan duen eraginari buruz hausnartzen du. Asier Zabaleta koreografo eta zuzendariaren arabera, lanak galdera «deigarri» bat aurkezten du: adimen artifiziala jainko berri moderno bat ote den. Sara Guevara, Lierni Pau, Paula Plano, Ibai Romero, Marta Ruiz, Vera Saez eta Claudia Torrubia dantzarien lau hilabeteko lanaren emaitza da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA