Argazki bat zuri-beltzean. Charles Bukowski ageri da mikrofono parean, ohi bezala ilea atzera orraztuta, betaurrekoak soinean. Ardo botila bat du esku batean, zigarro bat bestean. Zerbait esaten ari da; publikoa iraintzen ari daiteke, edo berak idatzitako poemak irakurtzen bestela. Edo bi gauzak aldi berean. Alemanian dago, 1978an Europara eginiko promozio bidaia batean. Bada, argazki hori Michael Montfortek egin zion, eta Jone Gartziak euskaratu berri duen Shakespearek ez zuen inoiz egin liburuan topa daiteke, Europara eginiko bidaia jasotzen duten beste zenbait argazkirekin batera; justuki, liburua bera bidaia horren kronika bat da, 1979an argitaratua. Bukowskik zera idatzi zuen argazkiaren oinean: «Egiazki, publikoak poemak ulertzen zituen lehen aldia zen niretzat». Katakrakek eman du argitara, eta irakurleari aurreratu dio ezetz, ez dela Shakespeareri buruzko liburu bat, baizik Shakespearek egin ez zuen horri guztiari buruzko liburu bat.
Hedoi Etxarte editoreak dioenez, irakurle asko Charles Bukowskiren gisako idazleen eskutik zaletzen dira irakurketarekin; batik bat haurtzarotik helduarorako saltoan. Hainbat arrazoigatik gertatzen dela uste du; esaterako, Bukowskik baduelako jarrera bat Etxartek gaztaroarekin ere lotzen duena: gizartearen arauetatik kanpo egoteko gogoarena, zehazki. «Nerabezaroan gure hautuengatik bazterrarazten gaitu gizarteak», esan du Etxartek. Baina Bukowskik, gizartearen ohiko estandarretatik kanpo egonik ere, badu berezitasun bat: baztertua eta mitifikatua izan zen aldi berean. Gorrotatua eta maitatua. «Landu zituen gaiengatik, idazteko izan zuen estiloagatik, eta, oro har, munduarekin harremantzeko izan zuen moduarengatik», azaldu du editoreak.
«Pentsa daiteke Bukowskik lortu zuela XX. mendean artearen teorialari askok izan zuten amets hori: alegia, bere bizitza literatura bihurtzea»
HEDOI ETXARTEEditorea
Bukowskiri poemak argitaratu izan zaizkio, nobelak, kontakizun laburrak eta eskutitzak ere bai, eta baita orri bazterretan idatzitako oharrak ere. Bada, Shakespearek ez zuen inoiz egin liburua Bukowskik «landu zituen aurpegi diferente» horiek denak batzen dituen liburu bat da.
Hasteko, narratiboa da: Linda Lee bikotekidearekin batera eta Frantziako editoreek ordainduta, Europan egin zuen bidaia bat kontatzen du. Baina poema sorta bat ere badu liburuaren epilogoan, eta, aipatu bezala, argazkiek osatzen dute kontakizuna. Etxartek azaldu duenez, «denetarik» du: jipoiak, mozkorraldiak, biharamunak, maitasun keinuak, mespretxua, Polizia, trenak, katedralak, barkuak, zaldi lasterketak, apustuak, prentsa, kazetariak, zaleak.... «Pentsa daiteke Bukowskik lortu zuela XX. mendean artearen teorialari askok izan zuten amets hori: alegia, bere bizitza literatura bihurtzea», gogoetatu du Etxartek.
Indarkeria eta desira
Idazle polemikoak badu beste berezitasun bat Etxarteren ustetan gazteak irakurtzera bultzatzen dituena: «Haurtzaroan debekatuta dauden gaietako asko jorratzen ditu: pertsonen arteko zilegitasunik gabeko indarkeria, sexua, desira, maitasuna, menpekotasunak, alkohola, autoritatearekin arazoak...». Gainera, irakurtzen ez zuen jendearentzat idazteko joera zuen Bukowskik, eta, batik bat, estiloan igartzen zitzaion hori: «Oso estilo laua du, eta estilo lau horretatik planteatzen dizkigu aipaturiko helduen gai konplexu horiek». Are, editorearen iritziz, Bukowskik irakurtzera ez ezik, idaztera ere bultzatzen du. Nolabait, idazleari gertatu zaizkionak irakurri eta irakurleak zera pentsa baitezake: «Niri ere gauzak gertatzen zaizkit. Konta ditzaket». Dena den, estilo soila edukiagatik ere, Gartziak azaldu duenez, liburua euskaratzea ez da lan sinplea izan: «Erronkarik handiena mailaz ez goratzea izan da; zehazki, Bukowskik egunerokotasuneko kontuekin egiten duen literatura egunerokotasuneko soiltasunean mantentzea».
«Erronkarik handiena mailaz ez goratzea izan da; zehazki, Bukowskik egunerokotasuneko kontuekin egiten duen literatura egunerokotasuneko soiltasunean mantentzea»
JONE GARTZIAItzultzailea
Gartzia ez zen izan, «inondik inora ere», Bukowskiren eskutik irakurtzera zaletzen diren nerabe horietako bat. Kontrara, aitortu du Bukowskik «deserosotasuna» eragiten diola, baina azkenerako lana interesgarri suertatu zaiola: «Idazle bat miresten baduzu, desberdinak izango dira miresmen horretatik abiatutako itzulpenak. Horregatik, interesgarria egin zait nire posturatik lan egitea». Edonola ere, liburu «dibertigarria» dela ziurtatu du Gartziak: «Oso egiazko liburu bat da, oso zintzoa».