BIMEn nago, Gaztean atal motz bat egitera gonbidatuta. Musikaren Industriaren Azoka honetan, Industriako iruzurrei buruz egin dut atala; play-back famatuei buruz (Boney M edo Milli Vanilli taldeenak, besteak beste, zeintzuek beste pertsona batzuen ahotsen gainean performatzen zuten, abeslari originalak baino «ederragoak» zirelako hautatuak izanik), edo alderantzizko norabidean egindakoei buruz, hau da, promotore eta managerrek artistei egindako engainuak aipatuz.
Interesgarrienak, nire ustez, Leonard Cohen eta Taylor Swift-en kasuak dira.Â
Swiftenak zeresan handia eman du azken hamarkadan. Scooter Braunek 2019an erosi zituen haren lehenengo sei albumen eskubideak. Braunekiko gaitzespena alde batera utzita (Swift publikoki hainbatetan gutxietsi zuen Kayne Westen managerra baitzen), bere musika erosteko ezintasunarekin topo egin zuen Swiftek, disko bat erosteak ordainetan beste bat sortu eta ematea suposatzen ziolako, kontratuz. Salmenta traizio bat izan zela eta manipulazio eta jazarpenak jasan zituela salatu zuen abeslariak, eta sareetan gudu bat sortu zuen. Gainera, 2020an abesti guztiak birgrabatu zituen, eta Taylor’s Version-en izenarekin kaleratu.
2025ean erosi ahal izan zituen originalak behingoz. Imajina dezagun tamaina eta kapital hau duen artista bati horrelakoren bat gertatzen zaionean zer tresna dauzkan eskura horrelako iruzur baten aurrean.
Leonard Cohen-ek 17 urtean egin zuen lan Kelly Linch managerrarekin. Geroago onartu zuen pare bat alditan oheratu zirela urte haietan, bikote izatera iritsi gabe. Oso harreman estua zeukaten, eta Leonardek harekin sinatu zituen kontratuetan badirudi baimena eman ziola Kellyri bere kontu korrontetik nahi zuen diru guztia atera ahal izateko, eta baita bere egile eskubideen %20 eraman ahal izateko ere. Berak jakin gabe eta gauzak horrela, 2000tik 2004ra poesia idazteko eta meditazio transzendentala lantzeko erretiro espiritual batean izan ostean, euro bakar bat ere gabe geratu zela ikusi zuen Cohenek, bere managerrak luxuzko bizitza bat eramaten zuen bitartean. Ezin zuen salatu, jabetu baitzen berak sinatu zuela hori guztia baimentzen zuen kontratua. Hori bai, Lynchi harekin lanean jarraitu nahi ez zuela esan eta gero, honek ehundaka korreo eta telefono dei egin zizkion, eta mezu askotan mehatxuak eta irainak utzi, heriotza mehatxuak barne. Horregatik bai, salatu zuen, bai eta epaiketa irabazi ere, eta Kelly sei hilabete espetxeratu zuten.Â
Nire inguruan ikusten ditut promotoreak, managerrak, programatzaileak… Zenbat lan eta diru sortzen dugun musikariok. Interesgarria, ordea, industriaren alde prekarizatuena gurea izatea.