Zinema

'Sinners'-ek Oscarretarako hamasei hautagaitza lortu ditu, historian beste edozein filmek baino gehiago

Ryan Cooglerrek zuzendutako beldurrezko filmak eskuratu du izendapen gehien, tartean film eta zuzendari onenen ataletakoak. Paul Thomas Andersonen 'One Battle After Another'-ek hamahiru hautagaitza ditu. Sariak martxoaren 15ean banatuko dituzte.

'Sinners' filmak historia egin du Oscar sarietan, hamasei hautagaitza lortuta.
'Sinners' filmak historia egin du Oscar sarietan, hamasei hautagaitza lortuta.
mikel lizarralde
2026ko urtarrilaren 22a
16:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beldurra, umorea eta satira soziala biltzen ditu Sinners filmak. Ryan Cooglerrek zuzendu du, eta Oscar sarietarako hautagai nagusi bilakatu da. Hain zuzen ere, filmak hamasei ataletan izango du irabazteko aukera martxoaren 15ean Los Angelesen (AEB) egingo duten sari banaketan. Irabazi edo ez, hautagaitza kopurua bera ere bada albiste, sariketa horren historian izendapen gehien jaso duen pelikula baita jada Sinners. Filmik onenaren kategorian eta zuzendaririk onenarenean ez ezik, hautagai da, besteak beste, gizonezko aktorerik onenaren (Michael B. Jordan), taldeko gizonezko aktorerik onenaren (Delroy Lindo), taldeko emakumezko aktorerik onenaren (Wunni Mosaku) eta gidoirik onenaren (Ryan Coogler) ataletan ere. 

Filma 1930eko hamarkadan girotua dago. Chicagotik (AEB) jaioterrira itzuliko dira bi anaia biki —Michael B. Jordanek antzeztu ditu biak—, blues klub bat zabaltzeko asmoarekin, eta espero ez bezalako ongietorria egingo diete han. Izan ere, banpiro batzuei aurre egin beharko diete.

Sinners-ek hainbat sari jaso ditu AEBetan estreinatu zutenetik, eta Urrezko Globoetan ere bi garaikur eskuratu zituen, baina ez nagusiak. Hain zuzen ere, Paul Thomas Andersonek idatzi eta zuzendutako One Battle After Another nagusitu zen sariketa hartan —komedia edo musikalen atalean—, eta huraxe izango da Oscarretarako faboritorik argienetako beste bat. Thomas Pynchon idazlearen nobela batean oinarritutako filmak hamahiru izendapen jaso ditu, eta horien artean dira sriketako atal nagusiak. Anderson bera ere hautagaia da zuzendaririk eta gidoigilerik onenen sailetan, eta filmeko aktoreek ere aukerak izango dituzte Oscarra eurenganatzeko. Leonardo DiCaprio hautagaia da gizonezko aktorerik onenaren atalean, Sean Penn eta Benicio del Toro taldeko gizonezko aktorerik onenaren sailean daude izendatuta, eta Teyana Taylorrek aukera du taldeko emakumezko aktorerik onenaren Oscarra irabazteko.

Sinners eta One Battle After Another-en atzetik, Guillermo del Tororen Frankenstein-ek, Joachim Trierren Sentimental Value-k eta Joshua Safdieren Marty Supreme-k bederatzina hautagaitza bildu dituzte, eta Chloe Zhaoren Hamnet-ek zortzi.

Azken urteetan bezala, hamar lan izango dira filmik onenaren Oscar saria jasotzeko hautagai, eta Sinners, One Battle After Another, Frankenstein, Sentimental Value, Marty Supreme eta Hamnet-ez gain, Yorgos Lanthimosen Bugonia, Joseph Kosinksi F1, Kleber Menconça Filhoren O agente secreto eta Clint Bentleyren Train Dreams ere izendatuta daude atal horretan.

Interpretazio sariei dagokienez, Urrezko Globoetan nagusitu ziren bi aktoreak —Timothee Chalamet (Marty Supreme) eta Rose Byrne (If I Had Legs I'd Kick You)— izendatuta daude Oscarretan ere, eta haiekin batera, aktorerik onenaren saria jasotzeko aukera izango dute Jessie Buckleyk (Hamnet), Kate Hudsonek (Song Sung Blue), Emma Stonek (Bugonia) eta Renate Reinsveek (Sentimental Value) emakumezko aktoreen artean. Gizonezko aktoreen artean, Ethan Hawkek (Blue Moon), Leonardo DiCapriok (One Battle After Another), Michael B. Jordanek (Sinners) eta Wagner Mourak (O agente secreto) jaso dute hautagai izeteko izendapena. 

Hollywoodetik kanpokoak

Oscar sariek AEBetako ekoizpenak saritu ohi dituzte, eta bada beren-beregi nazioarteko filmei aitortza egiteko atal bat ere. Baina, azken urteetan, gero eta ohikoagoa da AEBetatik kanpo ekoitzitako filmak topatzea sari nagusiak jasotzeko hautagaien artean. Aurten, adibidez, Joachim Trier belgikarraren Sentimental Value sari kategoria nagusietan dago izendatuta —filmen, zuzendarien, emakumezko aktoreen, taldeko gizonezko aktoreen, emakumezko aktoreen eta gidoien ataletan, hain zuzen—, eta Kleber Menconça Filho brasildarraren O agente secreto-k lau hautagaitza ditu, tartean filmik onenarena eta gizonezko aktorerik onenarena.

Biak ala biak nazioarteko pelikularik onenaren saria jasotzeko hautagaiak ere badira, Oliver Laxeren Sirat, Kauther Ben Haniaren The Voice of Hind eta Jafar Panahiren Un simple accident-ekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.