«Soldadito español, soldadito valiente, el orgullo del sol es besarte la frente» (soldadutxo espainiar, soldadutxo ausart, zuri bekokian musu ematea da eguzkiaren harrotasuna) dio La bola negra pelikulako soinu-bandako abestiak. Askok ikusi ahal izan dugu duela gutxi itxuraz nire hegoaldeko ahizpa izan litekeen (eta asko miresten dudan) Judeline artista La1 telebista kateko La Revuelta programan pelikularen publizitatea egiten kantu honekin. Eta hori ikusita odolak irakiten dit. Ez nator pelikularen kritika zinematografiko bat egitera, abesti bat berriz interpretatzeko posibilitateaz hausnartzera baizik.
Pasodoble estiloko martxa militar hori 20ko hamarkadan jaio zen Primo de Riveraren diktadurapean, gerrara bidaltzen zituzten soldadu espainiarrak omentzeko (Kubara, Filipinetara edo Marokoko Rif-era, besteak beste). Ondoren, frankismo garaian harrotasun patriotikoaren ereserki bilakatu zen. Espainiar inperialismoa eta faxismoa goraipatzen dituen abesti bat da, eskuak odolez zikinduak dituen historiako bandoak haren ideologia eta kultur adierazpen propioak zabaltzeko erabili zuena. Eta bai, soinu-banda baten testuinguruaren parte da, noski, baina estetika eta identitate espainiar garaikide eta progre bat sortzeko erabili da argitaratze kanpainan zehar, abestiari esanahi berri bat emateko saiakeran. Horrez gain, esanguratsua da pelikulan bertan bando nazionalean nahitaez erori den zorte txarreko soldadu inuzente eta inkontziente bati abesten diola kantuak, gerraren aurkako (gerra ideia abstraktu bezala, noski) kantu baten forma hartuz. Eta hori memoria ariketa distortsionatu eta interesatu bat egitea da. Gaur egungo testuinguruari, bide batez, mesederik egiten ez diona.
Jende pila bat Instagram-en abesti horren jatorria inondik inora ezagutu gabe haren bertsioa egiten ari da. Ederra delako, Judeline-ren fan-ak direlako, edo hitzak bere egiten dituztelako. Testuinguru berri bat eman dioten abesti bat da, espainiar harrotasunari beste zentzu batean abestu nahi diona. Baina espainiar nazionalismoa beti izango da zapaltzailea. Zalantzan jarri nahiko nuke, beraz, ez ote ginatekeen doinu antifaxistak berreskuratzen hasi beharko, faxistak berrinterpretatzen baino. Bestela, Sol-eko kanpaldiari erasotzera doazenek eta guk abesti berak abesten amaituko dugu, eta hori porrot totala litzateke.