Kattalin eta Nenufarrak taldeko kideak

Sara Iriarte eta Leire Agirre: «Sortzeko orduan libreagoak izatea gustatuko litzaiguke, eta uste dut oraindik ezin garela izan»

Kattalin eta Nenufarrak taldeak ‘Zeruak eta sabaiak’ plazaratu berri du; barrenetik kanpora begiratzen duen lana, teklatu eta sintetizadoreetan, gitarren tentsioan eta ahots indartsu bezain leunean oinarritzen den pop malenkoniatsua.

Kattalin eta Nenufarrak taldeko Sara Iriarte eta Leire Agirre Murmur podcasteko elkarrizketan. NORA ALBERDI
Kattalin eta Nenufarrak taldeko Sara Iriarte eta Leire Agirre Murmur podcasteko elkarrizketan. NORA ALBERDI
gorka erostarbe leunda
Azpeitia
2026ko azaroaren 12a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irribarretsu eta umore oneko sartu dira Azpeitiko Dinamoa kulturguneko estudiora Sara Iriarte Lasa (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 2001) eta Leire Agirre Alvarado (Lazkao, Gipuzkoa, 1999). Taldeko gazteena da Iriarte, eta harenak dira hitzak; ahotsa eta kantuen hezurdura ere bai. Sintetizadoreak eta teklatuak jotzen ditu Agirrek, eta baita koroak egin ere. Iñaki Rezusta Garrido gitarristak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1996), Julen Sagarna Alustiza baxu jotzaileak (Gabiria, Gipuzkoa, 1998) eta Jon Sagarna Alustiza bateria jotzaileak (Gabiria, 1998) osatzen dute boskotea.

Teklatu eta sintetizadoreen giro batzuetan indartsuak eta besteetan misteriozko dotoreak dira zuen ezaugarrietako bat. Akaso ez zaudete ados...

LEIRE AGIRRE: Kantu bakoitzari ondo datorkiona bilatzen saiatzen gara, eta listo. Ez diogu buelta gehiegi ematen. Egia da teklatuen eta sintetizadoreen nahasketa handia dagoela, baina naturalki ateratzen den zerbait da. Ez dauka bestelako misteriorik. Guretzako behintzat ez.

Otsoak izenekoa duzue kantu bat. Nortzuk dira otsoak musikaren munduan?

SARA IRIARTE: Otsoak? Ufa, ez dakit. Otsoa da nire animalia faboritoa; denak batera ibiltzen dira. Eta bada arriskutsua neurri batean, baina, aldi berean, otsoak elkarrekin oso ongi konpontzen dira. Ez dakit. Hasiberriak gara, eta ez dakigu dagoen halako talderik, denak ondo konpontzen direnik. Eta gero arriskutsu izate hori...

Arrisku batzuk hartu nahiko zenituzkete musikaren munduan?

IRIARTE: Adibidez, sortzeko orduan libreagoak izatea gustatuko litzaiguke, eta uste dut oraindik ezin garela izan, pixka bat baldintzatzen baikaitu hasiberriak izateak: publiko bat behar dugu oraindik.

AGIRRE: Hori da. Egia da ikusle horiek egonkortzen direnean libreago zarela.

Kantuak dio, besteak beste: «Lau otso kanpoan eta bat barruan». Zein da barruan daukazuen otso hori?

IRIARTE: Ez da zerbait daukadala barruan, baizik eta ni neu nagoela barruan. Ni naiz otsoa, eta bakarturik dago.

Kantuen letrak zuk idatzitakoak dira, Sara. Hortik hasten duzue abestiaren konposizio prozesua?

IRIARTE: Bai, disko honetan erabili dugun modua zera izan da: normalean nik idatzi ditut abestien hitzak eta melodiaren oinarria, eta horrekin joan naiz lokalera...

«Kantu bakoitzari ondo datorkiona bilatzen saiatzen gara, eta listo. Ez diogu buelta gehiegi ematen. Egia da teklatuen eta sintetizadoreen nahasketa handia dagoela, baina naturalki ateratzen den zerbait da»

LEIRE AGIRRE
Eta, gero, besteok hor sartzen zarete?

AGIRRE: Ea... Nik esango nuke melodia eta doinuak baino gehiago ekartzen dituela Sarak. Gure artean ere komentatu izan dugu hori. Hezurdura ekartzen digu. Ekartzen digu maketa moduko bat, pianoarekin eta ahotsarekin. Eta gero, ba tira, kantu bakoitzaren prozesua desberdina da. Aurkezten digu kantua, eta pixkanaka eztabaidatuz eta osatuz joaten gara. Batzuetan oso naturalki ateratzen dira moldaketak. Beste batzuetan buelta gehiago eman behar zaizkio kontuari, baina egia da Sarak lan handia ekartzen digula eginda.

IRIARTE: Kar-kar-kar.

Otsoak kantuaren hasierak hainbat talde ingelesen egiteko modua gogorarazten du; teklatu soil eta atmosferiko horrekin, esaterako The XX. Baina izango dituzue bestelako erreferentziak. Hasiera samarretik, besteak beste, Ibil Bedi taldearen musika soinuarekin lotu izan zaituztete. Eta egon litezke antzekotasun batzuk: taldearen osaketan, esaterako, bost zarete; koruetan, teklatuetan... baina, oro har, musikaren moldea desberdin samarra da. Zer diozue lotura horren inguruan?

AGIRRE: Bai, desberdina da. Ibil Bedirekin alderatzea sekulako lorea da niretzat. Guztiz. Agian egon liteke antzekotasunik taldearen egituran edo oholtza gaineko irudi horretan. Baina, egia da, nik musikalki ere ez diodala parekotasun askorik ikusten.

IRIARTE: Nik abesti honetan agian bai, Perimetroarena etortzen ahal zait burura, baina bestela ez. Baina aipatzea Kattalin eta Nenufarrak eta gero Ibil Bedi esaldi berean, edo aldrebes... ufa. Badira oso erreferente guretzat. Gaur goizeko zortzietan esnatu naiz, eta ez dakit zenbat buelta eman ahal zaizkion Ibil Bediren azkeneko diskoari, baina hona etorri bitartean buelta guztiak eman dizkiot [Ibil Bedik Badaezpada diskoa atera duen egun berean izan da elkarrizketa].

«Diskoa idazten hasi baino lehen, buruan neukan abestien izenburuek zerbait kontatzea, zerrenda bat osatzea. 'Takikardiak' eta 'Armairu bat' abestiak banituen, eta horiek izan ziren abiapuntua»

SARA IRIARTE 
Eta zer iruditu zaizu?

IRIARTE: Hain dira bereziak, eta hainbeste gustatzen zait egiten dutena... Dezente aldatu dira aurreko diskotik. Beltxarga beltza-ren soinua asko gogorarazi dit. Sentitzen ditut oso libre, eta oso ausartak ere bai. Edukitzen ahal dute lasaitasuna, behintzat, zeren publiko bat badute. Ni izango naute hor. Bai, bai.

AGIRRE: Luxu bat izango litzateke beraiekin oholtza partekatzea. Asko gustatuko litzaiguke. Asko hartzen dugu kontuan bai haien musika bai oholtza gainean duten presentzia. Askotan komentatu izan dugu, eta dudarik gabe guretzat erreferente handi-handi batzuk dira.

Diskoko kantu guztien izenburuak errenkan edo segidan irakurrita, suma liteke badatorrela zerbait. Takikardiak, Otsoak, Hozkak, Loa, Kattalin, Zaldiak eta, gero, Hau dena gorde dut armairu batean, eta, ondoren, esanezina den izenburua, nadz-nbdh. Nondik dator hau guztia?

IRIARTE: Diskoa idazten hasi baino lehen, buruan neukan abestien izenburuek zerbait kontatzea, zerrenda bat osatzea. Takikardiak eta Armairu bat abestiak banituen, eta horiek izan ziren abiapuntua. Armairura sartzeko prozesua kontatu nahi nuen... zerbait arraroa da. Eta diskoa ixten duen nadz-nbdh kantu hori horrela jarri genuen izenburua luzeegia zelako. Abestian aipatzen den esaldi bati egiten dio erreferentzia, Itziar Ugarteren poema batetik hartua da: «Non aurkitu duzu zuk nik bilatu dudan hori».

Zein da Kattalin kantuaren atzean dagoen istorioa?

IRIARTE: Kattalin ez da inor. Taldearentzat izen bat behar genuen, eta nik Kattalin proposatu nuen, gurasoek niri jarri nahi zidaten izena zelako. Abestian, armairurako prozesu bat kontatzen da, bakardade prozesu bat; bakartzearen ahotsa. Armairuan sartu eta ez nuen aurkitzen inor egoera bera pasatzen ari zena. Kattalin, pixka bat, zaintzeko daukadan norbait da.

Zergatik Zeruak eta sabaiak izenburua, eta ez alderantziz?

IRIARTE: Zeruak eta sabaiak, biak daude gure gainean, kanpoan. Desio dudan horretatik errealitatera pasatu naizelako. Ikusten nituen zeru pila bat, jendea oso lasai, oso pozik, baina engainatzen naute. Nire buru gainean bazegoen sabai bat, eta besteek bazituzten zeruak. Nik ere nahi nuen zeru hori izan gainean.

A ALA B

Euskarri fisikoa ala streaming-a?
IRIARTE: Euskarri fisikoak niri ilusio handiagoa egiten dit. Streaming-ak erosotasuna ematen dit.


AGIRRE: Erabat ados.

Areto txiki bat ala jaialdi handi bat?
IRIARTE: Areto txikia.


AGIRRE: Musikari eta ikusle moduan, areto txikia. Beti zera berezi bat dauka.


Autotunea. Bai ala ez?

IRIARTE: Bai, eta erabili nahi dut. Oraindik ez dugu erabili. Egon ginen erabiltzear, baina nik uste dut nagikeriagatik ez genuela erabili.


AGIRRE: Bai, ausartuko gara noizbait. Ea ematen dugun jauzia hurrengo diskoan.

Folklorea. Bai ala ez?

IRIARTE: Neure burua hor egotera kondenatzen badut, ez. Itzultzen banaiz zatitxo batekin, bai.

AGIRRE: Bai, eta puntu.

Ez Dok Amairu ala Euskal Rock Erradikala?

IRIARTE: Ez Dok Amairu.


AGIRRE: Ezin dut aukeratu. Momentuan, behar zenean, bakoitzak bere alea jarri zuen.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA