Stone Foundation, Moises no duerme, Daddy Long Legs eta beste ariko dira Iruñeko Beltza Weekend jaialdian

Irailaren 5etik 7ra eginen dute musika festibalaren seigarren aldia. Sei talderen kontzertuak izanen dira guztira, baita zenbait DJ sesio ere.

STONE Foundation
Stone Foundation taldearen irudia. BELTZA WEEKEND
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2024ko martxoaren 20a
14:15
Entzun

«Soulari eta Iruñeari, aldi berean biei diegun maitasuna da festibal hau; horregatik sortua». Xabier Sagardiak 2023ko udan aipatu zituen horiek Beltza Weekend festibalari buruz. Eta indarrean dira egun ere. Beste kide batzuekin batera, Sagardiak 2017an abiarazi zuen musika beltzari eskainitako jaialdia, soulak, rhythm & bluesak eta jamaikar sustraiko soinuek Iruñean tokia izan dezatela bermatzeko, eta asmoa betetzen segitzeko antolatzen dute urtetik urtera. Jaialdiak seigarren aldia izanen du 2024an, eta dagoeneko zehaztu dituzte datak: irailaren 5ean, 6an eta 7an eginen dute. Stone Foundation eta Daddy Long Legs taldeak dira kartelburuak.

Stone Foundation taldearen 'Summer Feeling' kanta.

Kartela iragartzeko idazkian, Beltza Weekendeko antolatzaileek kartelburuen maila nabarmendu dute besteak beste. Esaterako, oroitarazi dute Stone Foundation talde britainiarra beren 25. urteurreneko biran dela egun, eta kontzertu sorta horien artean kabitu dutela Iruñekoa ere; gainera, atzera begirako antologia bat argitaratu dute berriki, eta hori taularatzen ahalko dute, beraz. «Soul bikaina eta baikorra da», Beltza Weekendekoen hitzetan. Bestalde, azaldu dute Daddy Long Legs «munduko blues talderik onenetakoa» dela egun. Blues «zikin eta basatia» egiten dute, besteak beste.

Kartelburuez gainera, beste lau talde hauen kontzertuak ere izanen dira jaialdian: Herbereetako The Tibbs, Erresuma Batuko Aisha Khan, Les Testarudes katalanak eta Moises no duerme iruindarra –etxeko bakarra festibalean–. Iragarpenean zehaztu dutenez, kontzertu gehienak Zentral aretoan eginen dira, baina oraindik ziurtatzekoa da beste aretoren batean ere ariko diren. Bestalde, DJ batzuk ere izanen dira iluntzeetan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.