Iragan apirilaren 18an disko denda txikien aldeko Record Store Day (RSD) ekinaldia egin zen beste behin mundu osoan. Egun horretan, edizio bitxi eta mugatu andana plazaratzen da, eta saltokiek ekitaldi ugari antolatzen dituzte, betiere disko denda txiki eta independenteak sustatzeko asmoz. Kontua da disko bitxi horien zerrenda geroz eta luzeagoa dela, baina zaleek geroz eta zailtasun handiagoak dituztela halakoak eskuratzeko. Prezioak izugarriak dira, eta apropos eragindako eskasia ere bada. Gatazka nabarmena sortu da: nori egiten dio mesede ekinaldiak, industriari ala denda txikiei eta zaleei? Azken RSD horretako grabazio zerrendaren bidez, 350 erreferentzia merkaturatu ziren; tartean, 1960ko urteetan disko bakarra plazaratu zuen musikari baten lana: Jackson C. Frank (1943-1999) estatubatuarraren lan homonimoa, zeina Columbia/EMI konpainiak plazaratu zuen 1965ean, bai eta Simon & Garfunkel bikoteko Paul Simon gazteak ekoitzi ere.
Diskoak hirurogei urte bete zituen iaz, eta urteurren horren harira berrargitaratu dute RSDren barruan —binilozko disko bikoitza eta jatorrizko bertsioan jaso ez ziren hainbat kanturekin osatuta—, Franken diskoa itzal handiko lana baita: hamaika artistengan antzematen da haren eragina. Musikari ezagun askok egokitu dituzte haren kantuak, Blues Run the Game doinua bereziki, zeina, besteak beste, Nick Drakek eta Mark Laneganek moldatu zuten. Bi horiek ez ezik, beste hainbat musikari ere murgildu dira Franken kantuetan; ilara luzea osatzen dute: Fleet Foxes, Marianne Faithfull, Counting Crows…
Ikus-entzunezko ekoizpenetan ere sartu dira Franken abestiak, hala nola Joker (2019) filmean eta This Is Us (2026-2022) telesailean, eta musikariaren inguruko dokumentala ere estreinatu zuen Damien Aime Dupont zinemagile frantziarrak 2024an: Blues Run the Game: The Strange Tale of Jackson C. Frank.
Aitortza berantiar hori iritsi baino lehen, baina, Frank misterio bat izan zen, haren zorigaiztoko bizitza zela eta: hegazkin istripu batean hil zela, suediar batekin ezkondu eta Suedian bizi zela, izena aldatu zuela, Montanako gasolindegi baten jabe zela... Kultuko musikariaren ezinbesteko bi baldintzak betetzen ditu: lan bakarra argitaratu zuen, gerora eragin handia izan duena, ahots boteretsu eta moldakorrean sostengatzen den rock-blues-folk kutsuko disko akustikoa; eta ezbeharrez eta traumaz jositako bizitza gordina izan zuen, bere talentua ezerezterainokoa: sute errausle bat, pobrezia eta etxegabezia, diagnostiko okerrak, etengabeko min fisikoa, shock psikologiko betikotuak eta ustekabeko tiro bat, batzuk aipatzearren.
«Jackson ezagutu nuenean, Sandy Dennyrekin ateratzen zen; Al Stewarten laguna ere bazen, baina Cousins Folk Cellarren baino ez nuen ikusi, Londresko Sohon, diskoa atera berritan. Uste dut folkaren munduan eragin izugarria izan zuela, gogoratu behar baita hau guztia Bob Dylan agertu aurretik izan zela. Abesti guztiak dramatikoak dira, eta fidel islatzen dute haren bizitza eta inguruan zuen guztia, hasi Carnival zaratatsu eta distiratsutik, azpiko iluntasun mehatxagarriarekin, eta Kimbie doinuaren arinkeriaraino. Mundu osoko konpositoreek zorretan egon beharko lukete Jacksonekin eta haren bizitza izan zen tragedia harekin. Blues Run the Game bezalako abestiak ez dira egunero egiten! Kantatzea, benetan kantatzea, aldarte bat da». Herbert Jansch folk musikari eskoziarraren hitzak dira, 2001ekoak, Jackson C. Franken berrargitalpenean jasoak.
Erdi Aroko zalduna
Horrenbestez, Franken bizitza eta musika ibilbidea elkarri estuki lotuta daude, banaezin bihurtzeraino. Jackson C. Frank 1943an jaio zen, New Yorkeko Buffalo hirian (AEB). Txikitatik erakutsi zuen musikarako grina, baina, 11 urte zituela, bizitza osoa mugatuko zion ezbehar bat pairatu zuen, bere larruan, literalki: eskolako musika klase batean zegoela, berokuntza sistemak eztanda egin, sute handi bat piztu, eta sutearen ondorioz haren hamabost ikaskide zendu ziren; orduko neska laguna hil zitzaion, besteak beste. «Suak haren bizitza eraman bazuen ere, niri ere ez zidan askoz gehiago utzi; kantari elbarritu bat naiz; eta horrek markagailua berdintzen du», Marlene kantuan dioenez.Â
Frankek, halaber, zortzi hilabete eman zituen ospitalean, gorputz erdia erredura larriz betea baitzuen: kaltzioa pilatu, eta metaketa horrek artikulazioak desitxuratu zizkion; egoera latz hori konpontzeko, medikuak hezur nagusiak hausten saiatu ziren behin eta berriz. Ospitalizazio luze horretan musikako irakaslearen bisitak ere jaso zituen, eta bisitaldiok gitarra jotzen ikasteko baliatu zituen. 21 urte zituela, berriro isiotu zitzaizkion sutearen garrak —20 urterekin eskizofrenia paranoidea diagnostikatu zioten, gaitz hori ere, seguruenik, sutearen tenperatura beroek eragindakoa—: 100.000 dolarreko kalte ordaina eman zioten, dirutza bat sasoi hartan.
Patrikak sosez beteta, eta Londresko Swinging London gazteen kultur mugimenduak munduan zehar hedatu zituen uhinei jarraikiz, britainiar irletarako bidea hartu zuen Queen Elizabeth ontzian —Jaguar markako autoa ere erosi nahi izan zuen—. Itsasontzi horretan idatzi zuen, hain zuzen, bere abestirik ezagunena, Blues Run The Game: «Ontzi bat hartu nuen Ingalaterrara, laztana; Espainiara, agian; noranahi joan naizela ere, nonahi egon eta noranahi joan naizela ere, noranahi joan naizela ere, malenkonia beti bera da».
Soho auzoko taberna zuloetan, folk eszenan murgildu zen, bai eta hainbat musikari ezagutu ere, tartean Joan Baez, Art Garfunkel eta Paul Simon, zeinak Franken disko bakarra ekoitziko zuen 1965ean. Al Stewart musikariak ere grabazioan parte hartu zuen; eskoziarraren estreinako grabazioa izan zen kolaborazio hori: «Ziurrenik, egon naizen grabazio saio guztietatik arraroena izan zen. Paulek 'Ados, prest gaude' esaten zuenean ere, askotan bi edo hiru minutuko erabateko isiltasuna zetorren horren ondotik, [Frank] kantatzeko mentalki prestatzen ari zen bitartean. Eta orduan agertzen ziren gitarra zoragarri hura eta ahots hura». Sei ordu iraun zuen estudioko saio horretatik sekulako emaitza atera zen; haatik, diskoak ez zuen arrakastarik izan, eta Frankek AEBetara itzuli behar izan zuen 60ko urteen amaieran, txakur txikirik gabe, hain justu, Woodstock hirira.
Malenkoniaren diagnostikoa
Elaine Sedgwick modelo ingelesarekin ezkondu zen Frank, bai eta arropa denda bat zabaldu ere. Lotura horretatik seme-alabak jaio ziren, baina emaztea goiz hil zitzaion, fibrosi kistikoak jota. Orduantxe zuloratu zen artista betirako, beste disko bat argitaratzeko ahaleginak ere porrot egin ostean: noraezean ibiltzen zen kalean, batzuetan erabat biluzik, besteetan kapa jantzita eta ezpata lagun, Lochinvar izena hartuta, Walter Scott idazlearen pertsonaia batena. 1980ko hamarkadan, New Yorkera joan zen Paul Simon bilatzeko asmoz, baina ahalegina antzua bilakatu zitzaion.
Hurrengo hamarkadan, New Yorkeko karriketan bizi izan zen, eta egun batean, tiroketa batean egokitu zen; begi bat galdu zuen horren ondorioz. Zorionez, 1993an Jim Abbott kazetari eta idazleak aurkitu zuen, eta kaletik atera. Hala, ospitale, aterpetxe eta antzeko harrera zentroetan eman zituen azken urteak, baina, apurka-apurka, oinarrizko gaitasun kognitiboak hondatuz joan zitzaizkion. Txarrera egin, eta hainbat zentrotatik kanporatu zuten, portaera desegokiak tarteko. Massachusettseko zentro batera eraman zuten azkenean: han zendu zen, 56 urte zituela, pneumoniak eta bihotzekoak jota.
Frankek, hala ere, lortu zuen munduan aztarna uztea, baina, era berean, ez zen sekula askatu bere buruari ezarritako betiereko malenkoniaren diagnostikotik. Jim Abbottek, halaber, Franken bizitza jasotzen duen biografia osoena eta zehatzena idatzi zuen 2014an: Jackson C. Frank: The Clear Hard Light of Genius (Jackson C. Frank: Jenioaren argi garbi eta zorrotza): «Haren gorputz orbainez josiak arima ederra gordetzen zuen. Ezagutu dudan pertsonarik onenetakoa iruditu zitzaidan. Eta haren musika haren arima bezain ederra zen».