Musika

Sukena taldeak harremanak, emozioak eta kritika soziala uztartu ditu disko berrian

'Nondik hasi' disko berria Durangoko Azokan aurkeztuko du Oñatiko taldeak. Bederatzi kanta bilduko ditu lanak, tartean azaroan aurreratutako kanta: 'Noiz arte'.

Xabier Albistegi, Iratxe Urzelai eta Naia Herraez. GORKA RUBIO / FOKU
Xabier Albistegi, Iratxe Urzelai eta Naia Herraez. GORKA RUBIO / FOKU
Irati Abarrategi
2026ko azaroaren 27a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bere lehen diskoa argitaratu eta hiru urtera iritsiko da Sukenaren bigarrena. Nondik hasi du izena, eta Durangoko Azokan aurkeztuko dute, Ahotsenea gunean, abenduaren 6an, 19:10ean. Diskoa ikasketa prozesu baten emaitza dela esan du Iratxe Urzelai baxu jotzaileak. Aurreko diskoko nostalgia eta oroimena alde batera utzi eta etorkizuna landu dute oraingoan, baita harremanak, beldurrak eta kritika soziala ere. Doinuan ere sumatu dira ikasketa horiek, energia eta instrumental biziak baitira nagusi. Urzelariekin batera, Naia eta Eider Herraezek—abeslariak—, Xanti Egañak —gitarra—,  Asier Igartuak —gitarra—  eta  Xabier Albistegik —bateria— osatzen dute taldea.

Bira otsailean hasiko du Sukenak, baina aurretik Aske jaialdian joko dute, abenduaren 26an, Atarrabian (Nafarroa). Beste bi jaialditan ere agertzekoak dira: Jokinekin eta Ekinez-en. «Jaialdiak aukera polita dira zu ikus zaitzaten, eta, gainera, beste kontzertu batzuk ikusteko parada ere ematen dute; biak gustatzen zaizkit», azaldu du Urzelaik. 

Bederatzi abesti bilduko ditu lanak: Noiz arte, Lerro okerrak, Hostoak (erori eta gero), Kanta goibel bat, Eta bihar, Azal puska hau, Konturatu orduko, Zerotik eta 22. Kantu bakoitzaren sorkuntza desberdina izan dela adierazi du Albistegik: «Ez daukagu metodorik zehaztuta; abesti batzuek hitzak izan dute abiapuntu, eta beste batzuek, berriz, soinua». Aniztasun hori abestietan antzematen da, horren adibide da 22 kantua; hartan tronboia ere entzun daiteke.  

«Guri zer gustatzen zaigun kontuan izanda egin dugu diskoa»

NAIA HERRAEZSukenako abeslaria

Azaroaren 6an aurrerapen gisa aurkeztu zuten Noiz arte kantua. Eta harekin hasten da diskoa. Urzelaik aitortu du hasieran zalantza izan zutela abestia diskoan sartu ala ez, eta estudioan landu ostean argitu zituztela zalantza horiek. Abestiak harrera ona izan du inguruan. «Niri esan didate oso Sukena dela», kontatu du Albistegik. Herraez pozik dago hori entzunda, taldearen «esentziaren» erakusle delako. 

Abesti horretan, harreman toxiko bat irudikatu dute. Hitzekin ez ezik, instrumentalki ere «energia» transmititu nahi izan dute. Albistegik erritmoaren gorabeherak nabarmendu ditu, eta Herraezek, berriz, musikak eta hitzek duten lotura azaldu du: «Hitzek soilik ez, musikak ere gorabehera hori islatzen du». Hala ere, ez dute disko osoan mezu jakin bat zabaltzeko asmorik izan. «Kantu batzuek hausnartzera bultzatzen dute, eta beste batzuek ez dute halako helburu zehatzik», esan du Herraezek.

Entzule direnentzat

Aurreko diskoan, Oroitzen abestiak oihartzun handia izan zuen, sare sozialen bidez zabaldu ostean. Athleticek ere erabili zuen bideo batean. Hala ere, taldekideek argi zuten ez zutela disko berria arrakasta hura errepikatzeko helburuz sortu nahi. «Guri zer gustatzen zaigun kontuan izanda egin dugu diskoa», azaldu du Herraezek. Urzelaik gaineratu du Oroitzen kantuak bide bat egin zuela, baina Sukenaren entzuleak beste batzuk direla eta haientzat dela disko berria. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA