Taiwango queer zinemari aitortza eginez hasiko da, gaur arratsean, Zinegoak Bilboko LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Hain zuzen ere, ohorezko saria aurten Zero Chou zinemagileari ematea erabaki du jaialdiak, eta, hura gaixo dagoenez eta Bilbora etortzerik izan ez duenez, harekin sarritan lan egin duen argazki zuzendariak jasoko du saria, Hoho Liu-k. Ekitaldia Arriaga antzokian izango da, 19:30ean, eta, sari banaketaz gain, bestelako saio batzuk ere bilduko ditu: Esanezinek kantu batzuk emango ditu, Aner Peritz bertsotan ariko da, eta, azkenik, Sara Fantovaren Jone, batzuetan filma emango dute.
Gaur goizean egindako agerraldian, Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendariak adierazi du Zero Chouren zinemak «erresistentziako gune bat» ordezkatzen duela. «Ahots ausart bat da, LGTBIQ+ eskubideen eta parekidetasunaren alde borrokatzen dena». Horri lotuta, zinemagile taiwandarraren lanak «mugak eta estereotipoak» hausten dituela nabarmendu du.
Keelungen jaio zen Zero Chou, eta filosofian graduatu zen, baina gerora beste hainbat arte eta kultur diziplina landu ditu, kazetaritza eta zinema batik bat. 1990eko hamarkadaren erdialdean hasi zen film laburrak egiten, eta hasieratik erakutsi zuen zein izango zituen gai kutunak: identitatea, maitasuna, justizia soziala eta queer eskubideak. Hauek ditu film ezagunenetako batzuk: Splendid Float (2004),Spider Lillies (2007) etaDrifting Flowers (2008).
Telebistan ere egin du lan (Gloomy Salad Days, Because of you), eta nazioarteko proiektuen parte ere izan da (Project Rainbow in Six Asian Cities).
«Orain dela hamar urte, Spider Lillies filma proiektatu ahal izan genuen hiri honetan. Urte batzuk geroago, Zinegoak-en eskutik nator Tongzhi pelikula multzoko bi film aurkeztera», azaldu du Hoho Liuk, eta gaineratu bai bera eta bai Zero Chou «hunkituta, eskertuta eta ohoretuta» daudela saria jasotzeagatik.