Literatur proposamen berritzailea zela; ohikotik aldentzen zela nola egituran, hala tonuan ere. Eta ahots ausart eta gupidagabe bat zela harena, konbentzioen apurtzailea. Horiek eta beste batzuk esan zituen epaimahaiak iaz, gaztelaniazko adarreko Euskadi literatura saria Termita eleberriari emateko deliberoa hartu zuenean. Garazi Albizua idazle, gidoigile eta komikilaria da egilea (Santurtzi, Bizkaia, 1985), eta Bego Montoriok euskaratuta plazaratu berri du lana Erein argitaletxeak.
Honela definitu du nobela Inazio Mujika Iraola editoreak: «Ez da soilik emakume baten istorio bat. Belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren zauriei buruzko nobela bat da, baina baita bizirauteko, maitatzeko eta norbera izateko borrokari buruzkoa ere».
Albizuak adierazi du liburua idatzi zuenean «oso haserre» zegoela: «Xurgatzen dudan atmosferak sumintzen ninduen, ideologia horrek, zeinaren arabera emakumeen gorputza publikoegia den. Edonork esan dezake nahi duena gure gorputzaz. Kasik arau bat da emakume bat ikusi eta esatea guapa, argal edo nola dagoen. Zure intimitatean zaudenean, kritika horiek guztiak hor daude, eta jada ez zara zu. Horri tiraka sortu nuen pertsonaia».
«Xurgatzen dudan atmosferak sumintzen ninduen, ideologia horrek, zeinaren arabera emakumeen gorputza publikoegia den. Horri tiraka sortu nuen pertsonaia»
GARAZI ALBIZUA Idazlea
Haserre horri tiraka sortu zen Termita eleberriko protagonista: amarekin bizi den eta teleoperadore diharduen emakume jada ez hain gaztea. Haren egunerokoa kontatzen du eleberriak, lehen pertsonan. Badira beste bi emakume garrantzitsu istorioan: ama da bat, La Jose, 22 urterekin erditu zena protagonistaz; eta amama bigarrena, 19 urte zituela La Jose mundura ekarri zuena. Protagonistak, berriz, seme-alabarik ez, eta jakintza handia du prekaritateaz eta bazterkeriaz.
Gaiaz harago, protagonistaren baitatik narratzen diren kontuak aletu ditu editoreak: «Oroitzapenak, sexu harremanak —gordin—, desirak, beldurrak, familiaren sekretuak, janaren inguruko obsesioa, haren gorputz ez-normatiboak duen presentzia». Horietaz ez ezik, amamarenganako lotura «bereziaz» ere mintzatu da: «Oso harreman sinesgarria da, maitasunez eta gatazkaz betea. Amama idealizatuen kontrakoa da liburukoa, eta harreman horixe dago eleberriaren erdigunean». Horiek guztiak atal laburren bidez azaltzen ditu Albizuak, modu ez-linealean.
Liburua idazteko orduan gogoan izan dituen xedeen artean, honakoa aipatu du egileak: «Familia prekario batean harremanak eta maitasuna nola garatzen diren azaleratu nahi nuen». Disney faktoriak eta Coca-colak zoriona agertzeko baliatutako irudiari dion «gorrotoak» eraman dute idazlea horretara: «Etxeko egongelan, haurrak sutondoan jolasean, aita besaulkian irakurtzen, eta ama labetik atera berri dituen gailetak eskuetan dituela. Terriblea da hori. Hori bada zoriona, nire pertsonaiak ez du sekula lortuko».
«Garazi mundu bat eraikitzen ari da, eta ematen du mundu hori oso koherentea dela»
INAZIO MUJIKA IRAOLA Editorea
Mujika Iraolarentzat, ahotsa da liburuaren gauzarik nabarmenena: «Oso ahots indartsu, ironiko eta berezia da: hasieratik harrapatzen zaitu». Idazkeragatik, berriz, «sentimentalismorik» gabea dela esan du: «Ez du biktimizatzen, ez du errukirik bilatzen inola ere». Eleberriaren «indargunetzat» jo ditu, halaber, protagonistaren baitan ageri diren ahotsak: «Ahots mitologikoak dira, baina ez dira fantasiazkoak. Protagonistaren barruko obsesioak erakusteko baliatzen ditu egileak; haren zaurien metaforak dira».
Garaitsu berean idatzitako beste liburu batekin alderatu du Albizuak Termita, hain zuzen Egunen akabera gazteentzako eleberriarekin (Erein, 2024). «Baten zirriborroa bukatu eta berehala heldu nion besteari. Ez dut oso gustuko izaten hori, ahotsa eta begirada kutsatzen baitizkio lehenak hurrengoari, baina, oraingo, honetan ez zait axola izan». Liburu hartaz mintzatu da Mujika Iraola ere, eta esan du hartan aurkitutako ahotsaren antzekoa identifikatu duela honetan ere: «Garazi mundu bat eraikitzen ari da, eta ematen du mundu hori oso koherentea dela».