Artea

Testigantza liburu bat Oteizaz, Oteizarengatik eta Oteizari

Jorge Oteiza «ezagutzeko» liburu bat ondu du Jose Julian Bakedanok, Pamielarekin. Eskultorearekin izandako «harremana» inportantetzat daukaten 36 lagunen ahotsak jaso ditu, Atxagarena eta Moneorena tartean, eta dozenaka argazkirekin osatu du lana.

Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrola, gosaltzen, 1971. urtearen inguruan. PAMIELAK UTZIA
Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrola, gosaltzen, 1971. urtearen inguruan. PAMIELAK UTZIA
Uxue Rey Gorraiz.
Altzuza
2026ko ekainaren 25a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erronkari heldu izan baliote bezala da kasik. Bost hilabete eskas baizik ez dira pasatu Oskar Alegriak eta Bernardo Atxagak solasaldi batean nabarmendu zutenetik Jorge Oteiza iritsi ezinezko artista dela, «besarkaezina». «Hari buruz» baino gehiago egingarriena «haren inguruan» aritzea dela ere esan zuten orduan, eta iradoki ezinezkoa dela eskultorea guztiz ulertzea eta are ezagutzea. Eta horregatik erronkarena. Denbora lerroari erreparatu ezean irudi bailezake hitzaldi harexetan botatako amuari kosk egin ondoan heldu dela Jose Julian Bakedano zinemagile eta idazleak editatutako azken argitalpena: Para conocer a Oteiza (Oteiza ezagutzeko). Pamielarekin eman du liburua Bakedanok, eta testigantzaz osatu, batik bat. Oteizarekin edo haren obrarekin izandako harremanaz mintzo diren 36 lagunen ahotsak daude jasota, eta oriotarraren dozenaka argazki ere bildu dituzte bilduman. Eta artista ezagutzeko edo sikiera horretan saiatzeko ate bat zabaldu dute hala, parez pare. 

Preseski, Atxagaren eta Alegriaren sinadurak ageri dira libururako testuak idatzi dituztenen izen-abizenen zerrendan. Eta honako hauek ere tartean dira: Rafael Moneo, Txomin Badiola, Victor Erize, Juan Manuel Bonet, Manuel Asin, Peio Agirre, Beñat Sarasola, Elixabete Ansa, Mikel Onandia, Juan Pablo Huercanos eta Juan Antonio Urbeltz, besteak beste.

Parte hartu duten gehienen kasuan, argitaratutako testuak propio izan dira liburu honetarako idatziak. Sei salbuespen baizik ez daude: Juan Huarte, Javier Saenz de Oiza, Jose Manuel Caballero Bonald, Blas de Otero, Jose Luis Merino eta Rafael Ruiz Balerdi. Seiak ziren hilik proiektua martxan jarri zenerako, eta, hortaz, aurrez beste argitalpen batzuetarako idatzia zuten lekukotasun bat erreskatatu dio Bakedanok bakoitzari orain.

Oroitzetan aztarrika 

Altzuzan (Nafarroa), Jorge Oteizaren tailer eta etxe izandako eraikinean aurkeztu du argitalpen berria Bakedanok, ekainaren hasieran. Pamiela argitaletxeko Lander Majuelo ere izan da agerraldian, bai eta Jorge Oteizaren iloba Pilar Oteiza eta Jorge Oteiza Fundazioko lehendakari Jaione Apalategi ere. Are, azken bien testu bana ere irakur daiteke liburuan. Arantzazu eta Jorge Oteizaren hezkuntza estetikoa izena dute horiek, hurrenez hurren.

Pamielak eskatuta abiatu zuen lana Bakedanok. Ez zoriz. 15 urte zituenean egin zuen topo aurrenekoz eskultore oriotarraren obrarekin, Quousque tandem…! (1963) irakurri zuenean, eta, gerora, Oteizarekin berarekin ere izan zuen harremana urteetan. Hain zuzen, hura hil baino aste batzuk lehenago Bilboko Arte Ederren Museoan harekin bizitako pasarte bat oroimenean ederki iltzatua du Bakedanok, Altzuzako aurkezpenean zein liburuaren hitzaurrean nabarmendu gisara. 

Jose Julian Bakedano Altzuzan, ondoan Jaione Apalategi —irudian ezkutatua dago—, Pilar Oteiza eta Lander Majuelo dituela. IDOIA ZABALETA / FOKU
Bakedano Altzuzan, ondoan Apalategi —irudian ez da ikusten—, Pilar Oteiza eta Majuelo dituela. I. ZABALETA / FOKU

2003a zen. Ostiral arratsalde batean, museoan azaldu zitzaion Oteiza Bakedanori, zera esateko: zeuzkan lagun guztiei agur esaten ari zela, «bidaia bat egitekoa» zelako. Bakedanok, harrituta, Greziara joatekoa ote zen galdetu zion oriotarrari, eta irmo erantzun zion hark: «Ez, hiltzera noa». Segidan, museoan bueltaxka bat eman zuten biek elkarrekin: besteak beste, behatu zieten Eduardo Txillidaren obrei —Bakedano: «Batzuekin konforme zegoen; beste batzuen harira protesta egin zuen»—, eta Nicolas Lekuonarenei gero. «Haiekin emozionatu ere egin zen Jorge».

Elkarri bi musu eman, eta agur esan zioten batak besteari, Bilbon, azkenekoz.

Narrazio adina Jorge

Berdin Bakedanok oriotarrarekin bizitakoez kontatutakoetan, berdin, hain zuzen, beste dozenaka partaidek libururako idatzitako gogoeta eta narrazioetan. Haietan guztietan Jorge Oteiza ikusi daitekeela uste du haren iloba Pilar Oteizak: «Liburua askotarikoa da intentzioetan eta estiloan, baina, batez ere, naturala eta gardena da; gardena, Jorge ikusten delako». Argitalpena definitzeko hitzen bila, susmo hau ere nabarmendu du: izatez, testigantza bilduma soil bat baino gehiago, ez ote den «ipuin» liburu bat ere, «artxiboetan eta dokumentuetan baino gehiago, oroitzapenetan eta sentimenduetan oinarritutako argumentuak dauzkaten ipuinen bilduma bat».

«Artxiboetan eta dokumentuetan baino gehiago, oroitzapenetan eta sentimenduetan oinarritutako argumentuak dauzkaten ipuinen bilduma bat ere bada argitalpen hau»

PILAR OTEIZA Jorge Oteizaren iloba

Horregatik, «testu adina Jorge intimorekin» topo egiteko aukera izanen du irakurleak, Pilar Oteizaren arabera. Eta harago ere eraman du lanaren bokazioari buruzko gogoeta. «Jorgeri buruzko liburu bat da? Bada, bai. Baina baita ere Jorgeri, Jorgerentzat, Jorgez eta Jorgeren aurrean eginiko bat, adibidez». Deklinazio kasik guztiak litzaizkioke baliozkoak lana definitzeko, dioenez.

Testuen pluraltasunari esker liburuak daukan indarguneetako bat nabarmendu du Bakedanok. «Oteiza egon zen Hego Amerikan, Bilbon, Madrilen, Irunen, Zarautzen, Altzuzan... eta aldi horiei guztiei buruzko kontakizunak daude hemen», zehaztu du. 

Jorge Oteiza eta Itziar Carreño, 1990ean Altzuzan. PAMIELAK UTZIA
Jorge Oteiza eta Itziar Carreño, 1990ean, Altzuzan. PAMIELAK UTZIA

Eta adibideek berresten dute Bakedanoren azpimarra, ezinbestean. Esaterako, Oteiza Montevideora joan zen aldi batera egiten du salto Beñat Sarasolak idatzitako Hobeto huts egin testuak. Zera dakar gogora, zehazki: nola, 1958aren bueltan, Oteizak Jose Battle politikariaren omenez Uruguaiko Gobernuak antolatutako nazioarteko lehiaketa batean aurkezteko proiektu bat ondu zuen Roberto Puig arkitektoarekin, eta nola, 74 hautagairen artean nabarmenduta, ailegatu ziren bigarren fasera ere, eta nola, azkenerako, gobernuak erabaki zuen lehenbiziko saria eman gabe uztea, eta hirugarren saria ematea Oteizari eta Puigi.

Erabaki horrek zer-nolako zalaparta ekarri zuen ere oroitzen du Sarasolaren testuak: azkenerako, ez baitzen proiektu bakar bat ere gauzatu deialdi horren karietara. Sarasolaren hitzetan, «izan zitezkeen eta azkenean izan ez ziren gauzen» arteko beste bat izan zen hura Oteizaren ibilbidean, eta, hain justu, duda du Sarasolak, bidean gelditutako horiek ez ote ziren, askotan, bukatu zituen beste batzuk baino are interesgarriagoak. 

Oteiza amorratuaz harago

Pamielak plazaratutako liburuaren bigarren erdia argazkiz osatua dago. Joge Oteiza Fundazioaren, Pilar Oteizaren, Bilboko Arte Ederren Museoaren, Sabino Arana Fundazioaren, Joxe Lacalleren eta Mikel Eskauriazaren artxiboetatik erreskatatu dituzte irudiok, besteak beste. Oro har, kronologiari jarraikiz ordenatuta daude: hasi, 1909ko apirileko irudi batekin hasten da atzera begirakoa —6 hilabete zituen Oteizak orduan—, eta 2000. urtearen bueltako irudi batzuk daude hondarrean. 

«Kanpoan utzi ditut Oteizaren azken urteetako irudia asko, pertsona urduri eta amorratu bat balitz bezala irudikatzen zutenak, hori ez baitzen benetako Jorge»

JOSE JULIAN BAKEDANO Idazlea eta zinemagilea

Tarteko irudietan, han eta hemen ageri da oriotarra: 1970eko hamarkadan, Agustin Ibarrolarekin gosaltzen; 1975ean, Hondarribian (Gipuzkoa) Nestor Basterretxearekin hizketan; 1990ean, emazte Itziar Carreñorekin Altzuzan; 1992an, zenbait kazetarirekin Iruñeko Meson Olaz tabernan. Bakedano: «Saiatu naiz esanguratsuak iruditu zaizkidan baina hain ezagunak ez diren argazkiak hautatzen. Eta, batez, ere, kanpoan utzi ditut haren azken urteetako irudi asko, pertsona urduri eta amorratu bat balitz bezala irudikatzen zutenak, hori ez baitzen benetako Jorge». 

Alberto Barandiaran kazetaria Jorge Oteizarekin, Iruñeko Meson Olaz tabernan. JOXE LACALLE
Alberto Barandiaran kazetaria Jorge Oteizarekin, Iruñeko Meson Olaz tabernan, 1992an. JOXE LACALLE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA