Nazioarteko indie izendapenaren aterkipean bil daitekeen rockaren eszenako izen handienetako bat da The National taldearena. 1999an hasi zuten ibilbidea, eta, 2005ean, Alligator diskoa kaleratu ostean hasi zen haien izena ahoz aho zabaltzen zale eta kritikarien artean, harik eta urteekin erraldoi bilakatuz joan den arte.
2023an atera zuten estudioko azken diskoa —Laugh track—, eta 2024an Erroman emandako kontzertua biltzen duen Rome izeneko diskoa kaleratu ostean kontzerturik eman gabe joan zaizkie azken bi urteak. Igande honetan apurtuko dute isiltasun aro hori Donostian, Kursaalean, baina asteburu osoa hartuko duen programa zabalago baten gailurra baino ez da hori. Taldeko Bryce eta Aaron Dessner musikari bikiek lagun dituzten nazioarteko musikari eta artista talde esanguratsua batuko baitute euren 50. urtebetetzea elkarrekin musika sortzen ospatu ahal izateko.
Bi anaiek batera beteko duten mendeari egiten dio erreferentzia proposamen osoa biltzeko hautatu duten izenak: AB100. Besteak beste, Ben Howard, Pomme, Kevin Morby, Max Porter, Eñaut Elorrieta, Ragnar Kjartansson eta Jon Hopkins batuko dituzte ospakizunerako. Miarritzen (Lapurdi) izango dira saioak bihar iluntzean, eta egun osoko egitaraua hedatuko dute igandean Donostiako hainbat gunetan.
Dessner anaiek apirilaren 23an bete zituzten urteak, berez, baina orain antolatu dute festa, eta bi sortzaileek musika ulertzeko duten moduaren erakusgarri ere bada asteburu honetakoa. Eurek azaldu dutenez, euren ibilbidea definitzen duen «kolaborazio sena» erakusten baitu proiektuak, eta «laguntasunaren, partekatutako proiektuen eta elkarrekiko inspirazioaren bidez gurutzatuz joan diren musikari, idazle eta artistak batuko ditu». Baina laguntasunaren aipamen itxuraz xalo horrek nabarmen egiten duelako talka gaur egun kultur jaialdi gehienen antolatzaileen jarduna gidatzen dituzten motiboekin. Eta, hain zuzen, horrek egiten du berezi haien asmoa: musikari lagunak bildu nahi dituzte, lagunartean musika egiteko. Baina asteburu honetakoa ez da kasu solte bat.
Izan ere, luzea, askotarikoa eta esanguratsua da The National taldeko musikarien kolaboratzaile taldea. Nick Cavekin, Taylor Swiftekin eta Bon Iver musikariekin aritutakoak dira, esaterako, eta hamaika norabidetan zabaltzen da sare hori, gainera, taldekideek euren bakarkako ibilbideetan izandako hartu-emanak ere aipatuz gero, musika esperimentala eta orkestra sinfonikoak ere izan baitituzte lagun.
Aurreko asteburuan, esaterako, People festival izeneko jaialdia egin zuten Berlinen, eta Dessner anaiak dira haren sustatzaile nagusietako batzuk. Kartelbururik eta babeslerik gabeko jaialdia da. Guztira, 70 boluntariok baino gehiagok hartzen dute parte, eta elkarrekin lan egitera gonbidatutako 180 musikariren joan-etorria da programaren funtsa. Eta, neurri txikiagoan, baina espiritu hori ekarri dute Euskal Herrira orain euren urtebetetze festarako.
Lagunartean, kantari
Biharko emanaldian, esaterako, bertaratzen direnek hainbat musikari ikusi ahalko dituzte elkarrekin, eta aldatuz joango dira taldekideak kantaz kanta. Proiektua iragartzeko sare sozialen bidez zabaldutako ohar laburrean zehazten dutenez, hain zuzen ere, «lagunarteko musika eta ideia trukearen ideia sinplea» da saioaren inspirazio iturria. Honako musikari eta sortzaile hauek izango dira saio horretan: Ben Howard, Eñaut Elorrieta, Kevin Morby, Max Porter, Mina Tindle, Ragnar Kjartansson eta Richard Reed Parry, eta, azkenik, Jon Hopkins arituko da DJ lanetan.
Eta berezia izango da igandeko The National taldearen kontzertua ere. Baina ez soilik aspaldi eman duten zuzeneko bakarra izango delako. Horrez gainera, hainbat kolaboratzaile berezi izango dituztela ere iragarri dute. Nagusiki gitarra eta teklatuaren ardura hartu ohi duten Dessner bikiez gainera, beste hiru kidek osatzen dute taldea: Matt Berninger abeslariak, eta Scott Devendorf baxu jotzaileek eta Bryan Devendorf bateriak, hain zuzen ere. Ohion sortutakoak dira guztiak (AEB), nahiz eta New Yorken hasi zuten taldea, eta, guztira, 11 disko luze eman dituzte argitara. Azken urteetan gorabeheratsua izan da taldearen jarduna. Eta, hain zuzen ere, taldearen desagerpenari buruzko zurrumurruak ere eten ditzake Donostiako emanaldiak, nahiz eta haren ondoren ez duten bira egingo dutenik iragarri. Ez oraingoz behintzat.
Salgai jarri eta berehala amaitu ziren emanaldirako sarrera guztiak.
Donostiako saioak
Baina Kursaaleko The Nationalen kontzertuaz gainera, bestelako hainbat emanaldi ere antolatu dituzte iganderako. Ludmila Balkis sortzaileak Voices within erakusketa esperimentala aurkeztuko du Tabakaleran, eta Ragnar Kjartansson artistak The National taldearekin elkarlanean sortutako A lot of Sorrow bideoa ere jarriko du ikusgai bertan. Erresistentzia ariketa musikal bat da pieza, funtsean. Taldeak sei orduz behin eta berriz jo zuen Sorrow abestia pieza hori sortzeko, eta emanaldi horren lekukotza biltzen du ikus-entzunezkoak.
Musika ere egongo da, ordea. Song Circle izenburuko kontzertua eskainiko dute Principal antzokian, eta, kasu honetan, Anais Mitchell, Ben Howard, Kevin Morby eta Ye Vagabonds elkartuko dituzte saiorako. James McVinniek organo emanaldia eskainiko du Andre Mariaren basilikan, eta, azkenik, Sirens deitutako proiektua ere hartuko du Principal antzokiak. Lisa Hannigan eta Theodora Byrne Trio taldek hartuko dute parte bertan, eta haiekin batera izango dira oholtzan Amanda Bergman, Angie McMahon, Anais Mitchell, Kate Stables, Mina Tindle eta Pomme.
Baina jaialdia ez da, besterik gabe, Euskal Herrian lur hartu duen espaziontzi bat. Izan ere, Euskal Herriarekin lotura estua dute Dessner anaiek, eta Bryce, adibidez, Euskal Herrian bizi da urtearen zati handi batean. Badu sare esanguratsu bat ere bertan. Harreman estua du, adibidez, Katia eta Marielle Labeque ahizpekin. Izan ere, The National taldeko kidea izateaz gainera, konpositorea ere bada Dessner, eta hainbat pieza sortu ditu piano jotzaile bikotearentzat. Aurten bertan, esaterako, Goiza Larrunen izeneko pieza aurkeztu dute Labeque ahizpek 55 izeneko diskoan, eta, hain justu, Dessnerrek sortutakoa da musika.
Baina ez da musikariak bere konposizioetan euskal erreferentzia bat txertatzen duen lehen aldia. 2020an, esaterako, osasun krisiaren sasoian, Mari izeneko hamabost minutu inguruko pieza instrumentala ere sortu zuen Txekiako, Alemaniako eta Suitzako hainbat orkestraren enkarguz, eta sarean ere topa daiteke haren zuzeneko emanaldi baten bideoa, eta, geroztik, hainbat orkestrak ere euren programaren parte bilakatu dute.
Musikari eta konpositore lanez gainera, ekoizle lanak ere egiten ditu tarteka, eta, hain zuzen, David Chalminekin batera, berak ekoitzi du Eñaut Elorrietaren hurrengo diskoa izango dena, Festina Lente izenekoa.