Leire Malkorra. Aranzadiko boluntarioa

«Topatu genuenean, ez genekien zer zen»

Zazpi urte daramatza Leire Malkorrak Aranzadirekin indusketetan boluntario lanetan, baina 'Irulegiko eskua' delakoa izan da orain arte egin duen aurkikuntzarik garrantzitsuena: «Zortea izan dut».

BERRIA.
Isabel Jaurena.
Tolosa
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Leire Malkorrak (Tolosa, Gipuzkoa, 1988) biziki maite du historia. Hainbertze, ezen zazpi urte daramatzan Aranzadiko indusketetan buru-belarri lanean, arkitektura ikasi duen arren. Malkorrak oraindik ezin du sinetsi, baina bereak izan ziren Irulegiko eskua ukitu zuten lehenbiziko eskuak.

Arkitektoa zara ofizioz, baina arkeologo gisa ere lan egiten duzu. Zergatik?

Arkitektura ikasi nuen, baina bizitza guztian gustatu izan zaizkit bai historia, bai arkeologia. Beti nuen jakin-min hori, eta gradua bukatu nuenean erabaki nuen apuntatzea Aranzadiko indusketa arkeologikoetara boluntario gisa. 2015ean joan nintzen Amaiurrera lehenengo aldiz, eta urtero-urtero jarraitu dut horretan.

Irulegiko eskuaz gain, zer bertze objektu aurkitu dituzu indusketetan?

Egia esan, horrelako aurkikuntzarik ez dut inoiz egin,zortea izan dut. Bestela, testuinguru horretako materialak izaten dira indusketetan normalean aurkitzen direnak. Amaiurren erasoren baten materialak agertzen ziren moduan, hemen [Irulegi mendian, Nafarroan] etxe baten material asko ateratzen zaigu.

Nola erreakzionatu zenuen pieza lehenbiziko aldiz ikustean?

Egia esan, egun normal bat zen. Zeramika zegoen inguruan, eta kontuz genbiltzan, zeramika bera ere oso garrantzitsua delako guretzat. Pieza txiki hori agertu zenean, brontzezkoa denez eta kolore berezi bat daukanez, oxidazioa... beti egiten dizu ilusioa. Orduan, emozio puntu bat nuen, zer izango ote zen jakiteko.

Pieza garrantzitsua izanen zela espero zenuten?

Nik neuk behintzat ez, eta uste dut indusketan inork ez zuela espero. Topatu genuenean eta bistaratu genuenean, ez genekien zer zen: forma berezi bat, brontzezko pieza fin bat, baina ideiarik ez. Ez genuen espero horrelako zer edo zer aterako genuenik.

Nola erreakzionatu zenuen Mattin Aiestaranek, indusketako zuzendariak, objektuaren izaeraren berri ematean?

Deitu, eta esan zidan: «Gogoratzen zara pieza bat atera zela indusketaren hasieran? Bada, esku bat da, idatzita dago, eta hau jartzen du». Hitzik gabe gelditu nintzen, eta malko batzuk atera zitzaizkidan, emozioaren emozioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.